Mendeetako pausoak, tradizio berri

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 9a, 10:42

Larunbatean ospatuko du, Tolosako Udaberri dantza taldeak, dantzari txiki eta erromeria eguna. Hurrenez hurren, zazpigarren eta zortzigarren aldiz antolatu dituzte euskal dantzaren inguruko bi egitasmoak.

Baseliza txikien inguruko jaiak dira, jatorriz, erromeriak. Denboraren eta garaien igarotzeak guztia aldatzen duen bezala, ordea, erromeriak berak ere aldatu egin dira eta euskal folkloreaz jantzitako festak dira gaur egun, gehienak. Tolosako Udaberri dantza taldeak ere badaki zerbait denboraren igarotzeaz eta tradizioaz, 57. urtemuga beteko baitu aurten. Ohiturei eusteko bide onena gaur egunera ekarri eta moldatzea dela diotenez, horrexetan dihardu dantza taldeak azken urteotan, eta aurten ere gorriz margotuko dute Aste Santuaren aurreko larunbata egutegian, dantzari txiki eta erromeria ospatuz.

Euskal Herriko dantza-harrobiaren zati txiki bat Tolosako plazetara ekartzeko egitasmoa duela zazpi urte abiarazi zuen Udaberrik, eta dantzari txiki egunera zazpi herrialdeetako bakoitzetik talde bana ekartzea izan da helburua, doinu, jantzi nahiz pausoen aniztasuna ezagutarazteko.

Aurten herrialde guztietako ordezkaririk izango ez den arren, 350 neska-mutilek girotuko dute Tolosa larunbat goiz eta arratsaldez: «Bizkaitik Galdakaoko Andra Mari, Nafarroatik Berako Gure Txokoa, Gipuzkoatik Errenteriako Ereintza eta, azkenik, Tolosako Udaberriko gaztetxoak ariko dira dantzan», azaldu dute aurkezpenean. Neska-mutil horiei guztiei laguntzeko, gainera, 30 musikari eta beste hainbeste begiralek lan egingo dute.

Kalejira 11:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik eta jada ohituratzat hartu duten moduan, bitan banatuko dira dantzari txikiak: Alde Zaharreko kale estuak plaza izango dituzte batzuek eta San Frantzisko pasealekuko inguruak girotuko dituzte besteek.

Eguerdian Tolosako Urdina Txiki, San Esteban, Iurre, Aiz-Orratz, Gure Kaiola, Gure Txokoa, Ibaiondo, Aurrera eta Lizardi elkarteetan egingo dute, guztiek, bazkari legea. Indarrak hartzea ez zaie gaizki etorriko arratsaldean Plaza Berrian eman beharko baitute dantzari senak dakarren onena, 17:00etatik aurrera.

Dantzak goxatutako afalondoa

Zazpigarren dantzari txikiaren ondotik, zortzigarren erromeriari ekingo diote larunbatean. Udaberri 50. urteurrena ospatzeari begira antolatutako bileretan jaio zen egitasmoa, mende erdiko urteurrena girotzeko festa gisa. Jaia ohitura bilakatu da, ordea, eta azken urteotan sekulako indarra hartu du.

Lehen hitzordua Plaza Zaharrekoa izango da, 20:00etan; musika-poteoa delakoa Alde Zaharrean egingo dute eta afaria izango da, ondoren, Zerkausian. Txartelak herriko tabernetan eskuragarri jarri dituzte, urteroko moduan eta, beraz. Ikatzan, Orbelan eta Xirimirin eskuratu beharko dituzte parte hartu nahi dutenek.

Erromeriak erakargarritasunik baldin badu, afalondoko giro paregabea da hori, eta aurten bigarrenez, eskualdeko Zesuma taldearen ardura izango da jendea aulkitik altxaraztearena, dantzaldia girotuz. Atsedenaldian, berriz, Larrain dantza eskainiko dute Udaberriko dultzaineroek.

Erromerian parte hartu nahi dutenentzat baldintza bakarra jarri du Udaberri dantza taldeak: euskal dantzarako gogoa ekartzea, dantzatzeko batez ere, eta baita dantzan ari direnei begiratzekoa ere. Bide horretan, euskal tradiziozko jantziak soinean eramateko deia egin diete prentsaurrekoan, bertaratu nahi dutenei, «euskal kulturaren ohiturei eusteko saiakera honi zentzua emateko».

 
 
Irati Hartsuaga taldekideari egindako elkarrizketa hemen:

Belaunaldiek jositako soka ez eteteko proiektua

Udaberriren jardun luzeak hainbat belaunaldiren trukea ekarri du, kulturaren bidetik.

Horrela, egun taldeko ardura daramaten gazteek haien aurrekoek egindako lana eskertu eta ondare guzti-guztia jasotze aldera, Sortutako katea ez dadila eten egitasmoa abian jarri dute Facebooken.

Digitalizatutako argazkiak igotzen joango dira, eta taldekide ohiek argazkian nor ateratzen den, zein jantzi duten edo argazki horrekin lotutako pasadizorik ba ote den kontatuko diete egungo kideei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!