Lander Egia: "Alderdi psikologikoari beldur handiagoa diot"

inigoterradillos 2014ko api. 8a, 13:00
Duela bi aste abiatu zen Tolosatik bizikletaz Tokioraino iristeko helburuarekin.

Tolosatik Tokioraino marra zuzena egin eta neurtuz gero, hamar mila kilometro baino gehiagoko distantzia dago. Hain justu, bi puntu horiek jarri ditu irteera eta jomuga moduan Lander Egia tolosarrak, hasia duen abenturan. Iragan martxoaren 22an abiatu zen Tolosatik, eta urtebete inguruan-edo aurreikusi du egingo duela milaka kilometroko distantzia hori, bizikletaz. 18 egun igaro dira abiapuntua atzean utzi zuenetik, eta orain arte, guztia «oso ondo» joan dela, eta «gogotsu» dagoela azaldu du.

Zer moduzkoak izan dira lehen egunak?
Dena oso ondo doa. Oraindik hasi besterik ez naiz egin, eta dena espero bezala doa. Lehenengo egunetan niretzat nahiko ezagunak diren lekuetan izan naiz, lehenago ere izana nengoenetan, horregatik, zertxobait errazagoa izan da. Bestalde, zerbait nabarmentzekotan, eguraldia aipatuko nuke, ez baita batere ona izan, lehen astean batez ere.

Nolatan otu zitzaizun bidaia honi ekitea?
Batetik bizikletaz bidaiatzea dago, eta bestetik, bizikletaz Tokioraino joatea. Ez da bizikletaz bidaiatzen dudan lehendabiziko aldia. Lagunekin hasi nintzen, eta lehen bidaia 19 urte nituela egin nuen. Donejakue bidea egin genuen bizikletaz, bost lagunek. Bizikletaz ibiltzea gustatzen zitzaidan, baina, bidaia hartatik bizikletaz bidaiatzeko gogoa piztu egin zen nigan. Tokioraino joateak ere badu bere arrazoia. Duela urte eta erdira arte Ingalaterran bizitzen egon nintzen denboraldi batez, eta han, nire pisukidea Tokioko neska bat zen. Haren bidez ezagutu ditudan lagunengatik erabaki dut bidaiari Tokion ematea amaiera.

Nola prestatu duzu bidaia?
Jende asko dago Europatik abiatu eta Asia gurutzatzen duena bizikletaz. Horien blogak jarraitu ditut, eta horietan ikusi dudanarekin gutxi gorabeherako ideia bat egin dut bidaian nondik eta nola pasatzea gustatuko litzaidakeen.

Zein lurraldetatik igarotzea aurreikusten duzu Tokioraino ailegatu aurretik?
Aukeratu dudan bidea ez da agian zuzenena edo logikoena. Denboran zehar ezagutzen joan naizen jendea bisitatzeko asmoa dut, eta horren arabera egin dut. Tolosatik martxoaren 22an abiatu nintzen, handik Bartzelonara joan nintzen, eta gero, gorantz egingo dut Munichera. Lagunak ditut han eta bisita egiteko baliatuko dut. Gero Greziara joango naiz. Bertan familia dut, eta egonalditxoa egingo dut eurekin. Greziatik Turkiara joango naiz, eta hortik aurrera, bidaiarien blogetan irakurri eta ikusi dudanaren arabera zehaztu dut bidea. Hala, Turkiatik Irak iparraldera egingo dut, Iran, Turkmenistan, Uzbekistan, India iparraldea eta Nepal igarotzea pentsatu dut, eta Txinatik barrena, itsasontziz Japoniara iritsiko naiz, Tokion bukatzeko.

Hurrengo egunetan nondik nora ibiliko zara?
Bartzelonan bi hiru eguneko egonaldia egin ostean, Gironatik Frantziara sartuko naiz, eta Meditarrenoari jarraituz, Alpeetara joango naiz, eta han eguraldiaren arabera erabakiko dut nola jarraitu, hau da, aldamenetik igaroko naizen, edota gurutzatuko ditudan. Izan ere, zama nahiko handia daramat soinean, eta maldak igotzea ez da batere erraza, beraz, ongi pentsatuta egin behar da.

Tolosatik duela bi aste eta erdi irten zinen, nahiko era berezian, gainera, ezta?
Kuadrillakoek eta hainbat lagunek Lekunberrira bitarteko tartean lagundu ninduten bizikletaz, eta hori ez nuen espero, kuadrillako batzuk, bereziki ez baitira oso kirolzaleak. 07:00etarako Trianguloan azaldu ziren, eta kimono batekin mozorrotu ninduten. Horrela egin nituen lehen 30 kilometroak. Ezusteko polita izan zen.

Bidaia guztia bakarrik egingo duzu. Gogorra egingo al zaizu?
Ez dakit hainbeste denboran bakarrik bidaiatzea nolakoa izango den. Orain arte ere bakarrik egin ditut bidaia asko, baina, askoz ere motzagoak izan dira. Gainera, jendearekin egotea gustatzen zait, beraz, ahal dudanetan, bertako jendearekin egon nahiko nuke, eta igarotzen naizen lekuetan ezagunak edo lagunak baditut eurekin egoteko baliatuko dut.

Tokiora noiz iristea aurreikusi duzu?
Askotan galdetzen dit hori jendeak, eta oraindik ez dakit erantzuna. Ez dakit iritsiko naizen ere, beraz, pentsa. Urtebeteko epea jarri diot neure buruari. Hasiera besterik ez da, eta ez naiz erabat bidaian murgildu, oraindik ez naiz jabetu erabat zer egiten ari naizen. Uste dut denboran aurrera egin ahala, martxa hartzen joango naizela, eta konturatuko naizela zenbat beharko dudan jomugara heltzeko.

Bizikletaz bidaiatuta, ezingo duzu gauza askorekin joan. Nola egiten da bizikleta bidaia luze baterako ekipajea?
Lo egiteko kanpadenda, zakua eta esterilla, sukaldatzeko materiala, kanpin gasa, eltzea, goilarak, arropa, bizikletarentzat ordezkoak eta janari pixka bat daramat. Horretaz gain, hain beharrezkoak ez direnak ere, baina gustatzen zaizkidalako ematen ditut, esaterako, argazki kamera eta ordenagailu eramangarri txiki bat.

Gorputza ere prestatuta eduki behar al da horrelako erronka bati ekin aurretik?
Ni kirolzalea naiz, eta ez dut inolako prestakuntza berezirik egin. Bizikleta, esaterako ez dut ukitu bidaia hasi baino lehen, izan ere, bizikletaz bidaiatzen hasten zarenean egun osoa duzu bizikletaz ibiltzeko, eta konturatu gabe, aste pare batean forman jartzen zara, lehenagotik bizikletaz ibiltzeko ohitura baldin badaukazu bai behintzat.

Etapa bakoitzean zenbat kilometro egiten ari zara?
Orain arte egin dudan motzena 20 kilometrokoa izan da. Lagun baten etxean geratu nintzen jateko, eta otordua uste baino gehiago luzatu zenez, ilundu zuen arte 20 kilometro egiteko baino ez nuen denborarik izan. Luzeena, berriz, Bartzelonara iritsi aurreko 110 kilometroko etapa izan da. Neurri polita 80-90 kilometro dela iruditzen zait. Horrela denbora duzu ilundu baino lehen gauzak prestatzeko, kanpadenda jarri edota afaria egiteko. Gehiegi egiten baduzu, berriz, beranduegi egin ahal zaizu, eta hurrengo egunean nekea ere nabari da. Oreka aurkitzen jakin behar dut, gustura bidaiatzen jarraitu ahal izateko.

Atseden hartu edo lo egiteko nola moldatzen zara?
Lehen bi aste hauetan eliza atari batean lo egitea egokitu zait, babesean kanpadenda jarrita. Beste batean, berriz, jatetxe baten kanpoaldean lo egin nuen. Berandu samar zen, erabat bustirik iritsi nintzen leku hartara, eta bertan lo egiteko baimena eskatu nuen. Bestalde, bidaia honetan, coachsurfing eta warmshowers bezelako orrialdeak erabiltzen hasi naiz estreinako aldiz. Bertan beste bidaiariek, ahal duten heinean lotarako txoko, dutxa bero eta elkarrizketa interesgarri bat edukitzeko aukera luzatzen dizuete. Horrez gain, aipatu bezala, aurreko bidaietan egindako lagunak bisitatzeko ere ari naiz baliatzen. Beraz, jendearen laguntzarik gabe bidaia ezinezkoa izango litzateke, batzuk euren etxeko ateak ireki baitizkidate eta besteek galduta nenbilenean lagundu.

Jendearekin topo egiten duzunean galdetzen al dizute bidaiaren inguruan?
Bai. Herriko plazaren batean geratu izan naizenean, beti gerturatzen da baten bat kuriositateak jota galdetzera nondik natorren edo nora noan. Japoniara noala esatean harrituta geratzen dira.

Izan ere, ez dira egunero ikusten bidaia luzeak egiten dituzten txirrindulariak.
Hala ere, jendeak uste duena baino pertsona gehiagok egiten ditu horrelako bidaiak. Kontua da, oraindik ez gaudela ohituta horretara.

Zure moduko bidaiariren batekin egin al duzu topo?
Orain arte ez dut bidaiari askorekin topo egin. Bartzelona inguruan pare bat ikusi nituen, baina ezin izan nuen beraiekin hitz egitera geratu.

Bidaiaren lehen egunak baino ez dituzu igaro, baina, damutzeko unerik izan al duzu?
Oraindik ez, baina, gerta zitekeen, lehen egunak, eguraldiagatik batez ere, gogorrak izan baitira: euria, elurra, hotza... Baina, bidaia prestatzen hainbeste denbora pasa eta gero, motibazio, indar eta gogo handiarekin nago. Agian aurrerago, lagun gutxiagorekin topo egingo dudan uneetan, bakarrik sentitu naitekeen une horietan, ahulaldi horiek izan ditzaket.

Indar edo kemen hori funtsezkoa izango da horrelako erronka bat gainditzeko.
Zalantzarik gabe. Alderdi fisikoari baino beldur gehiago diot psikologikoari, hori baita gogorrena. Fisikoki, nekatuta bazaude badakizu atseden hartu eta errekuperatu egingo zarela. Burua ahul baduzu, triste jartzen bazara, eta ez badiozu buelta ematen, horrek bidaiaren bukaera ekarriko luke. Ni saiatuko naiz lasai joaten, eta jendea ezagutzen, eta ez dut uste arazo hori izango dudanik.

Zure gertukoekin harremanetan jartzeko nola egingo duzu?
Ordenagailua baliatuko dut, Internet dagoen lekuetan familiarekin eta lagunekin hitz egiteko.

Eta, horrekin batera, bloga ere baduzu argazkiak, bideoak eta bizitzen ari zarena zintzilikatzeko.
tolosa-tokyo.blogspot.com.es da helbidea. Bertan, saiatuko naiz astean behin edo bi astetik behin nire bidaiaren ingurukoak kontatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!