Elkarte gastronomikoak parekideagoak izateko beste pauso bat eman dute

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 9a, 10:41
Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Laura Gomez Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak sinatu dute lankidetza hitzarmena eta honekin iaz martxan jarritako proiektu parte-hartzaileari jarraipena emateko konpromisoa hartu dute.
 

Ibai Iriarte, Tolosako alkateak, eta Laura Gomez, Aldundiko Berdintasun zuzendariak eman dute hitzarmenaren berri eta emakumea baztertzen ez duen gizarte baten eraikuntzan erakundeen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela esan dute: “Administrazio publikoek gizarte aldaketa parekideak zuzentzeko ardura daukagu”. Iriartek eskerrak eman dizkio Aldundiari, emandako babesagatik. Izan ere, hitzarmen honen bitartez, 30.000 eurorekin Tolosan aurrera eramango den prozesu parte-hartzailea finantzatuko du.  
 
2010. urtean hasitako lana
2010ean  Tolosako Udaleko Berdintasun Sailetik lanketa berezi bat hasi zen garatzen Tolosako elkarte gastronomikoetan emakumeek zuten lekua aztertuz. Ordutik hainbat pauso eman dira, baina, gaur sinatutako hitzarmenari esker, hausnarketa sakon bateragoko jauzia eman nahi dute.
 
Izan ere, aurrez garatutako diagnostikoaren ondorioetako bat hau da: elkarte gastronomikoek izaera aktibo eta dinamikoa dute eta Tolosako eragile nagusietako bat dira, berauei esker antolatzen dira urtean zehar dozenaka herri ekimen desberdin. Baina, belaunaldi berriak beste elkartzeko moduak bilatzen ari dira, esaterako, aparteko lokaletan, ondorioz, udalak herriko elkarte gastronomiko guztien egoera ezagutu nahi du eta bide batez, beraien etorkizunaz hitz egin.
Hori dela eta “Tolosako elkarte gastronomikoen eragina herriko dinamikan gogoetarako eta eraldaketarako partaidetza prozesua” izeneko proiektua abiaraziko da. Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean garatutako egitasmo honekin, eta Tolosan elkarte gastronomikoek duten garrantzia kontuan hartuta. Elkarteetako kideei proiektuan parte hartzera gonbidatzen diete bi erakundeetako ordezkariek. Izan ere, Ibai Iriarte Tolosako alkateak azaldu bezala “iraganean zein egun eragile gisa izan duten pisua ikusirik eta eraldaketarako eragile garrantzitsuak direla sinetsita, ezinbesteko ikusten dugu elkarte gastronomikoen papera aukera berdintasuna bultzatu eta bermatzeko, guztion ardura baita, etorkizuneko Tolosa eraikitzeko bidean, etorkizunean ere egun betetzen duten dinamizazio papera betetzea nahi dugu eta”.
 
Batzarra, apirilaren 15ean

Berezitasun bezala nabarmendu, oraingo honetan, elkarte bakoitzak markatuko duela bere erritmoa. Horregatik, prozesuan parte hartzeko garaian bi aukera izango dituzte. Batetik, prozesuan zehar ematen diren urratsetaz soilik informatuta mantentzearena, eta bestetik, prozesuan parte-hartze aktiboa izatearena. Egitasmoa abiarazteko elkarte guztiei datorren astean, apirilaren 15ean, 19:00etan udaletxeko Batzar Aretoan egingo den batzarrean parte hartzeko gonbita luzatu zaie.

Finean, proiektu honekin, elkarte horien etorkizunaz hausnartu nahi da, baita eremu horietan emakumeen parte-hartzea sustatu ere. Horrez gain, etorkizunean, herriko elkarte gastronomiko eta emakumeen elkarteek elkarrekin lan egiteko eremu jasangarriak sortzea da asmoa. Hala, Tolosan antolatzen diren jaietan nahiz kultur ekitaldietan emakumeen parte-hartzea sustatuko da.
Proiektuaren beste helburu nagusietako bat da, herritarrekin egun sustatzen diren jai ereduen inguruko hausnarketa bultzatzea. Prozesuarekin jarraituz, festa parekideago batzuk egiteko proposamen eta akordioz betetako dokumentua osatu nahi da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, bere aldetik, onartu du “Tolosak denbora asko daramala arlo honen lanketan gauza interesgarriak egiten, prozesua mimatzen eta horrekin, jaietarako eremu sozialak eta irekiagoak eratzen. Foru Aldundiak proiektu hau bultzatu nahi du eta, era berean, erreferente bilakatu gainontzeko Gipuzkoako udalerrientzako”. Helburu honekin, 2013an esperientzia pilotu bat garatzea adostu zen, 2013 eta 2014. urteetan zehar, GFAaren babesarekin, prozesu honen sistematizazioaren ondorioz gida bat osatuko da zeinak ahalbidetuko duen Gipuzkoako beste udalerriak antzeko prozesuak hastea. Izan ere, hainbat ikerketen arabera, festetan, kopuruari, kalitateari eta balioari dagokionean, emakumeen parte-hartzea gizonezkoena baino txikiagoa da. “Lurralde guztian, aisialdirako eta festarako eremuetan parekidetasunerantz joatea Aldundiko zuzendaritza honen lan ildo estrategikoetako bat da.  Hala, kasu guztietan festa baztertzaileen aurka agertzen da, esaterako, Hondarribi eta Irungo Alardeetan”.

Gomezen hitzetan, “festak ez dira aisiaren adierazpen soilak, indarrean dauden balore, eredu eta hierarkien erakusle ere baitira. Hainbat udalerritan elkarte gastronomikoek garrantzia handia dute ekitaldiak antolatzerako garaian, lehiaketa gastronomikoak, herri bazkariak… Zentzu honetan, prozesu honen bitartez ez da soilik emakumeen parte hartze handiagoa bultzatu nahi gure herrietako jaietan, baizik eta baita eurak elkartzea ere: elkarrekin bizitzea adostu duten pertsona elkarteak izanik, espazioak elkarbanatuz.
Erakunde publikoek bultzatu beharreko aldaketa estrategiek, elkar batzen eta hausnarketara gonbidatzen duen prozesu parte hartzaile batetik hasi behar dute. Lehen aipatu den bezala, 2013an Tolosako zenbait elkarte gastronomikotan zein festen antolaketan emandako hausnarketa prozesua izan da. Tolosako udalak prozesu honekin bere herritarrekiko erantzukizuna eta Gipuzkoako herriekiko eskuzabaltasuna erakusten du, bidea irekiz eta antzeko prozesuetarako baliagarri izango diren gakoak eskainiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!