Agurtzane Larrañaga: "Garai batean guztiok ginen makrobiotiko"

inigoterradillos 2014ko api. 6a, 13:00
Oso gazte zelarik makrobiotikak bere arreta piztu zuen, eta ordutik, makrobiotikan oinarrituriko bizitza egin du Agurtzane Larrañaga tolosarrak. Garaian garaikoarekin elikatzea, eta desoreka sortu duen arazoaren errora jotzea dira berak dioen moduan, «onura handiak» ekartzen dituen filosofia honen oinarri.

Zer da elikadura makrobiotikoa?
Orduak eta orduak egon gintezke hitz egiten gaiaren inguruan, baina, motzean esanda, garaian garaikoa jatea, tokian tokikoa, ahal dela ekologikoa, ahal den gehiena integrala, zerealak, arroz integrala, mijoa… Animalietatik datozen produktu oso gutxi jaten dira, proteinak gehienak begetalak jaten dira, babarrunetatik edota dilistetatik, esaterako, eta arraina ere pixka bat, norbere osasunaren arabera.

Nolakoa izan da zure formakuntza makrobiotikan?
16 urte nituela piztu zitzaidan gaiaren inguruko interesa. Lagun baten bidez ezagutu nuen makrobiotika, eta horren inguruan pentsatzen jarri nintzen. Esaterako, gizakia dela ugaztun bakarra amaren esnea hartu eta gero jarraitzen duena beste animalia baten esnea hartzen. Eta gisa horretako kontuei bueltaka hasi nintzen. Bonberenean ibiltzen nintzen garai hartan, eta makrobiotikaren inguruko ikastarotxo batzuetan parte hartzen hasi nintzen. Horrela, pixkana gaia gero eta gehiago gustatzen eta interesatzen joan zitzaidan. Gerora, atzerrira joan nintzen, eta formatzen jarraitu nuen. Amsterdamen Kushi institutuan egon nintzen, ikasten eta lanean urtebetez. Ondoren, Ingalaterrara joan nintzen, eta han Nazioarteko Makrobiotika Eskolan hiru urteko formakuntza jaso nuen. Ingalaterrako formakuntzaren ostean, irakasle laguntzaile moduan aritu nintzen beste bi urtez.

Zer nabarmenduko zenuke elikadura edo filosofia mota hau jarraitzearen ondorioez?
Ikastea ondo dago, teoria jakitea beharrezkoa da, baina, praktikarekin ikusten da makrobiotikak duen potentziala. Niri, esaterako, oso gazte nintzela ginekologoak esan zidan haurrak edukitzeko arazoak izango nituela, eta behin Ingalaterran, sendagileak azterketak batzuk egin eta gero, esan zidan ez nintzela ugalkorra, ez nuela obulatzen eta desoreka hormonal handia nuela. Nire bikoteari ere gauza bera esan zion. Bazirudien haurrak izatea oso zail izango zen egoera baten aurrean ginela, eta makrobiotikarekin egoerari buelta ematea lortu genuen, eta gaur egun bi haur ditugu. Eta, gurea bezala, beste istorio asko bizitu ditut urte hauetan guztietan zehar nire inguruko jendearekin nahiz bezeroekin. Jendeak elikadura makrobiotikoa egiteko apustua egiten duenean, ikusten duzu onura handiak ekartzen dituela, minbiziak sendatzeraino.

Nola arrazoitzen dira onura horiek?
Ekialdeko medikuntzatik dator makrobiotika, akupuntura bezalako milaka urte dituzten praktiketatik. Horietan, gaixotasunak ikusten dira urteetan eginiko akats edo gehiegikeria moduan, desorekak sortutako zerbait izango balira bezala. Ez dira medikuntza konbentzionala bezala, buruko mina izan eta aspirina bat hartzen dela. Ez da sintomatikoa, arazoaren errora jotzean datza, eta gauzak errotik aldatzea.

Baina, dena ez da elikadura, ezta?
Nik ikasi dudan makrobiotika mota nahiko berezitua dago emozioak sakontzean, ez soilik elikaduran. Elikadura, emozioak, errutina, guztia hartzen da kontuan. Guztia begiratu behar da, zerk huts egiten duen ikusteko. Zerk egiten digun min hori ikusi eta buelta ematea da kontua. Jendeak egiteko modu honi aukera ematen dionean, eta saiatzen denean barru barruko gauzak aldatzen emaitza harrigarriak izaten dira.

Euskal Herrian baino ohituagoa al dago jendea makrobiotikarekin atzerrian?
Bai. Dena den, ni duela hamabost urte inguru hasi nintzenean, hemen ere bazen mugimendu bat makrobiotikaren inguruan. Egia da ere, ni Londresen bizitu naizela urte askoan, eta han denetarik eta nahi adina duzula, eta, gainera, hemen ez bezela, formatzeko eskolak daude.

Adibide praktikorik jarriko diguzu elikadura makrobiotikoaren inguruan?
Urtaroaren arabera aldatuz doa dena. Gero kontuan izan behar dugu baita ere, norbere osasuna, sexua eta adina. Nire kasuan, lauko familia gara, bikotea, bi haur eta ni. Gosaria, komeni ez den arren, nahiko gozoa egiten dugu, bereziki haurrei gehiago gustatzen zaielako. Niretzat egiten badut, aldatu egiten dut, gozoa eta gaziaren artean. Neguan, esaterako, hotza egiten duenean, miso zopa eta zerealen krema bat. Sobratutako arrozarekin, pixka bat gehiago irakiten utzita egindako zereal krematsua izan daiteke. Haurrak ditugunekin abenarekin eginiko krema pasekin izaten da, gozoagoa baita. Bazkaltzeko, egunero egunero saiatzen gara jaten karbohidratoa nagusiki duen plater bat, proteina nagusiki duen beste plater bat eta barazkiak. Otordu on bat izango litzateke asko sukaldatzea eskatzen duten barazki gozoak, eta gibelari garbitzeko asko laguntzen diotelako gutxi sukaldatzea eskatzen duten barazkiak, brokoli egosia, kasu.

Sukaldatzeko moduak ere bere garrantzia omen du.
Saiatzen gara bai urtaroaren arabera egiten. Adibidez, orain, udaberrian saiatzen gara gutxi sukaldatutakoak edota gordinak gehiago jaten. Neguan, berriz, sukaldatzen diren platerak egiten dira, gehiago behar dugulako gorputza berotzea.

Agian, garai batean oso kontuan hartzen zen hori gurean.
Bai. Garai batean denok ginen makrobiotiko. Euskal Herrian haragi ugari jaten dela, eta hori horrela izan dela beti esaten dutenean, ez nago ados. Garai batean, haragia luxuzko produktua izaten zen, eta egoten zenean alkohol pixka batekin bustita jartzen zen, eta ez gaur egun bezala. Lehen garaian garaikoa izaten zen eta guztia ekologikoa. Gaur egun, ordea, geroz eta esku gutxiagotan dago merkatuan dagoen janaria. Asko sukaldatuta dator, kalitate txarreko produktuak ditugu, genetikoki moldatutakoak… Beraz, txarra, eta, gainera okerrera doa, eta ez da batere osasuntsua horrela jatea.

Makrobiotikaz gehiago jakin nahi duenak zer egin behar du?
Hasi nahi edo ezagutu nahi dutenentzat oso politak izaten dira sukaldaritza ikastaroak. Liburuak oso ondo daude, baina zailagoa da horietatik soilik egitea. Gehiago jakin nahi edo sakondu nahi dutenentzat, zoritxarrez Euskal Herrian ez dago aukera handirik; Iruñean, Euskal Eskola Makrobiotikoa dago, eta bertan, lehen bi mailak ikas daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!