Trialsin Txapelketa ospatuko dute igandean

asierimaz 2014ko apirilaren 3a

Usabal kiroldegiaren atzean ariko dira partaideak, tartean, eskualdekoak.

Tolosa Bike Trial taldeak Trialsin Txapelketa antolatu du Usabal kiroldegiaren atze aldean. Lehiaketa igandean izango da, 10:30etik 13:00etara. Partaideak puntakoak izango dira, hau da, munduko txapelketan ibilitakoak. Tartean, etxeko taldekoak egongo dira, Irene Caminos buru dutela. Ikustera joaten direnek, lehiakideak ikusteaz gain, trailean ibiltzeko aukera izango dute, federazioak bizikletak jarriko baititu nahi ausartzen denaren eskura.
Usabalen bi gune daude egokiturik, bata naturala eta bestea artifiziala, enbor eta hormigoizko elementuekin. Gunearen mantenuan txapelketaren antolatzaile eta Tolosako Bike Trial taldeko guztien lana azpimarratu zuen Pello Etxabe zinegotziak, igandeko  txapelketaren aurkezpen ekitaldian. Tolosako Bike Trial taldeko ordezkariek gauza bera egin zuten, guraso eta erabiltzaileen lana txalotuz, baina udalari ere euren laguntza eskertu zioten.


Taldeko partaideen inguruan, ondorengoa esan zuten Bike Trialeko kideek: «Irene Caminos mutilekin batera ari da, eta Gipuzkoako Txapelketan lehen postuan dago. Oier Lakuntza iaz Euskadiko bigarren gelditu zen, eta aurten, maila altuagoan, oso ondo dabil. Julen Santxez aurten hasi da txapelketetan, eta Julen Iraola Tolosan lehen aldiz ariko da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!