Kobazulo, ipuin eta mitologiarekin lotu ohi da Mari. Feminitate eta emankortasunaren sinbolo ere izan liteke hainbatentzat; beste askok, berriz, sorgin eta akelarren mundura bidaiatuko dute Mariren bitartez. Euskal mitologiako pertsonaia garrantzitsuenaren inguruan bildu dira Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 42 artista, eta Mariren inguruko beste hainbeste ikuspegi artelanetara eraman dituzte, Mariren argi bilgarrian erakusketa osatzeko. Tolosako Aranburu jauregian ikusgai da, maiatzaren 3ra bitarte.
Zuberoako Algareki elkartea da egitasmoaren sustatzailea, eta Pascale de Gilbert, berriz, komisarioa. Elkarteak hiru urte inguru daramatza Euskal Herriko arte garaikidea sustatzeko lanean eta, besteak beste, 17 erakusketa antolatu dituzte 70 artista baino gehiagorekin.
Tolosako erakusketan estilo, ikuspegi nahiz diziplina asko uztartu nahi izan dituzte bisitarien gozamenerako; horrela, margolariak, artista plastikoak, grabatzaileak, eskulturgileak, beiragileak nahiz argazkilariak elkartu dituzte haien lanak bildu eta Mariren aurpegi horiek guztiak, arteari emateko.
Mariren irudia birsortzeaz harago, ordea, erakusketak euskal kulturaren sustraietara bidaiatzeko aukera eskaintzen du, nahi horretan berriro ere Marirekin topo eginez; bera da guztiaren sortzailea eta ama askoren ustez.
Alberto Letamendi; artista
"Gure energia da Mari, gure ama"
Alberto Letamendik (Ordizia, 1964) bost urte daramatza euskal mitologia artearen bitartez interpretatu eta azaltzen, eta Mari ikur bat da beretzat, ama da Mari. Aranburu jauregian beren alea jarri duten 42 artistetako bat da, eta pintura eta eskulturaren bitartez helaraziko die bere begietatik ikusten duena, bisitariei.
Mariren argi bilgarrian erakusketa zabaldu berri da Tolosan. Zuk ezagutzen duzu ideiaren sorrera eta Zuberoatik honainoko bidea
Erakusketako komisarioa Pascale de Gilbert da, eta bera Parisetik iritsi zen hona, Zuberoara. Bertako kultura, paisajea eta, oro har, guztia gustatu zitzaion eta, azkenean, familiarekin han bertan geratzea erabaki zuten. Horrela, Algareki kultur elkartearekin lanean hasi zen; aipatzekoa da, elkarte hau Euskal Herriko arte garaikidea sustatzeko jaio zela.
Zuk Algarekiren bitartez ezagutu zenuen, beraz, Pascale de Gilbert?
Ni duela bost urte inguru euskal mitologia lantzen hasi nintzen eta nirekin harremanetan jarri zen, izan ere, bere asmoa udako solstizioa, San Joan gauak eta akelarreak oinarri hartuta erakusketa bat egitea zen. Nirekin egin zuen modu berean beste hainbat artistekin ere hitz egin zuen, eta hura izan zen, esaterako, Iñaki Epeldek parte hartu zuen azken erakusketa. Algareki elkarteak Mendikotan duen galerian izan zen erakusketa, Mauletik gertu.
Mendikotako erakusketa hura honen aurrekaria izan zen, beraz?
Bai, haren ondotik bururatu zitzaion Mariren inguruan erakusketa bat egitea eta Tolosakoa bigarrena izango da. Izan ere, Mendikotako galeria itxi egin dute eta galeria behar bezala agurtzeko antolatu zuten erakusketa. Orain Tolosara iritsi da eta hori da egitasmoaren ibilbidea.
42 artistak parte hartu duzue erakusketan eta Mariren irudia hainbat diziplina eta interpretazioren bitartez iritsiko zaio bisitariari. Zein da zurea?
Esan bezala, zenbait urte daramatzat gure kultura eta gure mitologia lantzen. Niretzat Marik feminitatea adierazten du eta Mari sortzailea da; lurra, eguzkia, ilargia eta dena egin zituena. Finean gure energia da Mari, gure ama; hori da nire sentimendua.
Aranburu jauregiko erakusketan pintura eta eskulturaren bitartez irudikatu duzu Mari. Zenbat obra jarri dituzu bertan?
Batetik, hiru koadro ditut eta zirkulua erabiltzen dut; zirkuluak dira, baina perspektibarekin elipse bilakatzen dira. Niretzat zirkulua oso garrantzitsua da, berdintasunaren sinbolotzat baitaukat: guztiok berdinak gara, ez dago hierarkiarik. Horregatik pintatzen dut, beti, zirkuluaren inguruan irudiak eginez-eta. Eta eskulturari dagokionez, berriz, zehatz-mehatz azaltzen da Mariren irudia. Alanbre eta burdin-hautsaz eginiko eskultura da, eta alde batetik oso gogorra dela dirudien arren, beste aldetik desagertzen ari da. Zati bat falta zaiola dirudi, eta baita eskuak ere.
Nolabaiteko hutsune horrekin zer adierazi nahi duzu?
Ez dakit globalizazioagatik edo zergatik ote den, baina gure sustraiak galtzen ari gara. Kultura askoren berri dugu eta hori ondo dago, baina ez dugu ahaztu behar gure kultura nondik datorren eta nolakoa den. Eta eskulturari desagertzen zaion alde horrekin hori islatu nahi izan dut.
Erakusketa ikusi duen jendearen harrera ona izan al da?
Inaugurazioan jendea oso gustura zegoen eta, oro har, erakusketak energia oso positiboa transmititzen zuela esan ziguten. Helarazi zigutena, beraz, oso positiboa izan zen.
Maiatzera bitarte Aranburun izango da. Beste zenbait herritan jartzeko asmoa izango duzue, ezta?
De Gilbert saiatzen ari da eta ea ateak irekitzen diren. Erakusketa garrantzitsua dela uste dut bai plastikoki, eta baita gure kultura lantzen delako ere. Hainbat ikuspuntu ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta zazpi herrialdeetako artisten obrak ikustekoa ere bai.