Jesus Muñecasen estradizio eskaeraren inguruko auzi saioa egin dute

Ataria 2014ko apirilaren 3a

Jesus Muñecas Aguilar Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohia Argentinara estraditatzeko eskaera aztertu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Saioan Argentinako Gobernua aurkeztu da, abokatu baten bitartez.

2013ko irailaren 18an frankismoko lau polizia atxilotzeko agindu zuen Maria Servini Argentinako epaileak, tartean Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohi Jesus Muñecas Aguilar. Atxilotzeari uko egin zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Urriaren 28an, berriz, estradizio eskaera egin zuen Servinik. Abenduaren 5ean, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen Muñecasek, Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-rekin batera. Baldintzapean aske utzi zituzten biak, baina pasaportea kendu zieten. Gaurko auzi saioaren ostean, datorren ostegunean egingo dute Billy el Niñoren estradizio eskaeraren inguruko auzi saioa.

Frankismoan eta ondorengo urteetan torturak egitea egotzita daude inputatuta Muñecas eta Billy el Niño. Muñecasen aurkako estradizio eskaera, batik bat, Zarauzko (Gipuzkoa) Guardia Zibilaren kuartelean Andoni Arrizabalagari atxilotuta egon zen bitartean egin zizkion torturetan oinarritzen da. Teleforo Monzonen Itziarren semea abestian aipatzen diren torturak Zarautzen atxilotu zutenean egin zizkioten Arrizabalagari, 1968. urtean. Arrizabalaga 1984an hil zen mendiko istripu batean. Haren anaiak, Jonek, Argentinara bidaiatu zuen iaz, Servini epailearen aurrean testigantza emateko.

Bestalde, frankismoko krimenen aurkako kereilaren koordinakundeak deituta, elkarretaratzea egingo zuten atzo goizean Auzitegi Nazionalaren aurrean. Aste honetan elkarretaratze iraunkorra ere egiten ari da koordinakundea Madrilen, Unibertsitate Konplutenseko Lan Harremanen Eskolan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!