Etzi zabalduko dute berriz ere Amaiur parkea

Ataria 2014ko apirilaren 2a

Apirilaren 4an irekiko dute parkea
Otsailaren 10ean hasi zituzten jolastokia estaltzeko, zorua aldatzeko eta haurren jolasak konpontzeko lanak, eta etzitik, apirilaren 4tik, aurrera berriro ere zabalik eta erabilgarri izango da Amaiur parkea.

Proiektuari esker, zoru berria jartzearekin batera jolas toki guztia estali dute, 365 m2ko azalera duen estalpea jarri baita. Horrez gain, aurreikusirik ez zeuden mantenu lan nahiz hobekuntza batzuk egiteko ere aprobetxatu da, tarima edota bankuak barnizatzea, esaterako.

Lanen baitan, kontsumo gutxiko argiteria (LED) jarri dute estalpearen azpian, jokoak berritu dira, margotu eta apurtuta zeudenak konpondu egin dituzte.


Proiektuaren aurrekontua 110.000 eurokoa izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiak tokiko ekonomiak dinamizatzeko eta tokiko inbertsioak bultzatzeko planaren barruan emandako diru laguntzari esker finantzatu da. Bi fasetan banatuta egin dituzte lanak. Inauterien aurretik estalpearen oinarriak jarri zituzten, eta jolasak konpondu. Ondoren, berriz, lurra aldatu eta estalpea jarri zuten.

Nabarmendu behar da, aldundiak sustatutako enplegu planaren bitartez, bost pertsona kontratatu dituztela, eta bide batez, udaleko langileen brigada indartu. Izan ere, beraiek arduratu dira jolas tokiko haur jolasak konpontzeaz eta zorua aldatzeaz. Honekin, bi helburu lortu direlarik: enplegua sortzea eta kostuak murriztea.


Duela bederatzi urte, 2005ean egin zen Amaiur jolas parkea eta egun hiriko erabilienetakoa da. Udaletik adierazi dutenez, 2014ko aurrekontuak osatzeko herritarrei egindako galdeketan, behin eta berriz errepikatzen zen eskarietako bat zen, jolastoki estaliak egokitzearena. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako laguntza proiektu horretara bideratzea erabaki du Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!