Gozokiak, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta

Ataria 2014ko apirilaren 2a

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta hori dela eta Tolosako Haur Liburutegian, Errotan, gozokiak banatzen ari dira maileguan liburu bat hartzen ari diren haurrei. 18:00etan ipuin kontaketa saioa ere egingo dute, 5 eta 7 urte arteko haurrentzat.

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 2, eta IBBYk (International Board on Books for Young People), urtero bezala, testu bat eta kartel bat zabaldu ditu ospakizun hori gogoratzeko. Galtzagorri Elkartea arduratu da mezua euskaratu eta Euskal Herrian zabaltzeaz. Siobhan Parkinsonen Gutuna munduko haurrentzat da aurtengo testua; kartela Niamh Sharkey ilustratzaileak egin du.

Horrez gain, ohi bezala, Euskal Herriko hainbat liburutegik bat egin du egun horrekin, tartean Tolosakoak. Hori dela eta, ipuin kontalari bat gonbidatu dute, eta saioa 18:00etan hasiko da. 5 eta 7 urte arteko haurrei zuzendutako kontaketa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!