Aurten ere lehiaketa bidez aukeratuko dute Sanjoanetako kartela. Edonork hartu dezake parte, baina bi baldintza bete behar dira: ideia nahiz edukia originala izatea, eta jendaurrean erakusteko modukoa izatea, eta 'Sanjoanak 2014/Tolosa' jartzea.
Lan guztiek neurri bertikala izan behar dute, 50x70 zentrimetrokoa. Teknika eta kolorea, berriz, bakoitzak nahi duen modukoa izan daiteke. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa ere aurkeztu behar da. Kasu honetan goi-mailako erresoluzioko artxiboa izango da eta, gutxienez, 300 ppp izan behar ditu.
Maiatzaren 9a arte
Parte-hartzaileek maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beraien lanak kultur etxean (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara edota 17:00etatik 19:00etara bitartean). Aurkeztutako kartel guztien artetik epaimahai batek lehendabiziko galbahea pasako du. Hala, zenbait lan aukeratuko dituzte eta horiek ikusgai jarriko dira, ondoren, herritarrek gustukoen dutena zein den bozka dezaten. Bozketan parte hartzeko, bozka internet bidez, www.tlsbat.net web orrian edota kultur etxean bertan eman ahal izango da.
Aipatutako epaimahaia festa batzordeak izendatuko du, eta emakumeen nahiz gizonen ordezkaritza parekatua izatea ezinbesteko baldintzatzat jarriko da. Udalak gaineratu duenez, gaiaren trataera sexistarik ez dute onartuko. Parte-hartzaileek, kartelaren atzealdean egilearen adina eta leloa jarri beharko dute. Honez gain, lan bakoitzarekin batera gutunazal itxi bat entregatzea ezinbestekoa da, non, barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa adieraziko diren. Kanpoaldean berriz, kartelaren izenburua eta egilearen adina irakurri beharko dira.
Irabazlea
Irabazleak 500 euro jasoko ditu sari gisa. Eta behin epaia emanda, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira. Lehiaketako oinarriak kultur etxean edota www.tlsbat.net webgunean kontsulta daitezke. Bestalde, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 88 telefono zenbakira deituta eskatu ahal izango du.