GALen biktimei laguntzak ukatzea «ilegala» dela diote

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 1a, 10:00
Kriminologia Institutuko kideen ustez, languntzak ukatzea "legez kanpokoa" da
Espainiako Barne Ministerioak estatuaren indarkeriaren hainbat biktimari kalte-ordainak emateari utzi izana «legez kanpoko» erabakia dela ohartarazi dute Ignacio Muñagorri Laguia eta Ana Isabel Perez Machio Kriminologia Institutuko kideek, eta «prebarikatzea» egotzi diote Barne Ministerioari. Laguntza ukatu dietenen artean daude Tolosako Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senitartekoak.

Espainiako Barne Ministerioak estatuaren indarkeriaren hainbat biktimari kalte-ordainak emateari utzi izana «legez kanpoko» erabakia dela ohartarazi dute Ignacio Muñagorri Laguia eta Ana Isabel Perez Machio Kriminologia Institutuko kideek. Areago, biktima horiei diru laguntzak ukatuta Espainiako Gobernuak «prebarikatu» egin duela adierazi dute. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eskatuta, Madrilek hartu duen erabakiari buruzko azterketa juridiko sakona egin dute Institutuko kideek, eta ondorioen berri eman dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. «Kalte-ordainak kentzeko erabakia arbitrarioa eta ilegala da, eta ez du kabidarik Espainiako Konstituzioan», azpimarratu dute.

Barne Ministerioak «ETAren inguruarekin» lotura zutela argudiatuta erabaki du legez dagozkien diru laguntzak kentzea GALen eta BVEren zenbait biktimei. Kriminologia Institutuko kideen ustetan, ordea, erabaki horrek ez du «oinarri juridikorik», eta urratu egiten du Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-Ordainei Buruzko Europako Hitzarmenaren 8.2. artikulua. Izan ere, epai irmorik ez dagoen bitartean, ohartarazi dute biktima horiek ETAko kidetzat jotzeak urratu egiten ditu «babes judiziala, errugabetasun printzipioa, prozesuen legezkotasun printzipioa eta botere banaketa».

Irmo mintzatu da Muñagorri Barne Ministerioaren erabakiaren aurka: «Konstituzioaren oinarrizko edukiak hustuketa basatia egin du». Adierazi duenez, PPren gobernuak hainbat biktima ETAko kidetzat jotzeko egindako definizioak «ikaratuta» eta «zur eta lur» utzi ditu, jurisdikzioak zehazten dituen prozedura guztiak «hankaz gora» jartzen dituelako. Diru laguntzarik gabe geratu diren biktimek helegitea aurkeztu diezaiokete erabakiari, baina Muñagorrik ohartarazi du prozesuak «oso luze» jo dezakeela.

Taldeen txandan, EAJk, EH Bilduk eta PSEk arbuiatu egin dute biktimei eskubideak urratzea, eta diru laguntzak ukatu dizkietenentzako konponbidea aldarrikatu dute. EAJko Iñigo Iturratek Barne ministerioari «gehiegikeriaz» jokatzea eta «oinarrizko eskubideak zapaltzea» egotzi dio.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearentzat, erabaki horrek «biktimen arteko mailaketan» sakontzen du, eta estatuaren biktimak «kriminalizatu» egiten ditu.

Rodolfo Ares sozialistak, berriz, auzia ahalik eta azkarrena konpontzeko eskatu die epaitegiei. Bestalde, PPtik Carmelo Barriok adierazi du gobernuaren erabakiak «oinarri juridikoa» duela eta legedia errespetatzen duela. UPDtik Gorka Maneirok Espainiako Gobernuaren bertsioa ezagutzea galdegin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!