Ezkutuan zegoen harribitxia, herritarrei zabalik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 27a, 15:50

Urtetan itxita eta desitxuratuta egon ondoren, Tolosan ezkutuan zegoen harribitxi bat zabaldu dute herritarrentzat: Elosegi parkea. Ekainera bitarteko igandeetan bisita gidatuak egiteko aukera izango da, Tolosako Ingurumen Zentroaren eskutik.

Garai batean Elosegitarren lursailak izan ziren 26.720 metro karratu horiek eta Tolosako San Esteban auzoan daude. Elosegi familiak Beotibar pilotalekuaren ondoan zuen etxea eta bai Gernikako Arbolako lorategiak, eta bai Elosegi parkea, haienak ziren.

Naturaz gozatzeaz gain, beraz, Tolosaren iragana eta historia ere ezagutaraziko diete, bisitariei, TIZeko arduradunek. Besteak beste, parkearen diseinua Pierre Ducasse paisajistaren lana izan zela badakite, eta baita lorategiak sekulako aberastasuna duela ere: "Txinako espezieak ere badira eta gaur egun normalagoa den arren, garai hartan sekulakoa zen hori", azaldu du Hasier De los Rios ingurumen zinegotziak.

Landarediarekin batera, era berean, Elosegi parkea animalia askoren gotorlekua da, eta TIZeko langileek halaxe azaldu diete, gaur, Hirukideko ikasleei: "Muxarrak, grisak, ontzak, sagu-zaharrak nahiz urtxintxak hemen ezkutatzen dira bizitzeko, gordetzeko nahiz habiak egiteko".

Tolosari birika berri bat opari

Elosegi parkearen desjabetzeak urtetako tira-bira ekarri izan dio Tolosako Udalari, eta akordio batera iristea lortu zuten, duela hiru urte. Horrela, lehenengo urtean hiru milioi euro ordaindu zituen udalak desjabetzeagatik eta, orain, urteko milioi bat euro bideratzen dute horra. "Kopuru handia da eta udalari eragotzi egiten dio beste esparru batzuetan inbertsioak egitea. Dena den, hori da iritsi zaiguna eta ahalik eta hobekien aprobetxatu nahi dugu", dio De los Riosek.

Horren harira, Tolosako Udalak herritarrei zabaldu nahi die parkea epe motzean, paseorako, heziketarako nahiz gozamenerako. Izan ere, aipaturiko fauna eta floraz gain, kobazulo natural eta artifizialak ere badira, eta baita eraikitako dorretxoak ere; denborarekin hori guztia eraberritu nahi du udalak. Ingurumen teknikari Iñigo Muñozek parkearen izaera didaktikoa nabarmendu nahi izan du.

Elosegi parkea bisitatzeko interesa duten taldeek Tolosako Ingurumen Zentrora deitu beharko dute, 943 65 25 44ra edo, bestela, tolosakoiz@tolosakoiz.net helbidera ere idatz daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!