Mikel Labaien: "Andeetako arazo nagusiak osasuna eta hezkuntza dira"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 26a, 09:30

Mikel Labaien eta Naiara Aginakok zortzi hilabete pasatu zituzten Hego Ameriketan, biziketaz.
Andeen inguruko bidaiak ardatz izango dituzte 2014ko Amalur Jardunaldiek. Gaur hasiko dira hitzaldiak, TOPIC zentroan, Berastegiko Mikel Labaien bidaiariaren esperientziarekin.

Bizikleta gainean ezagutu zuen Hego Amerika Mikel Labaien berastegiarrak, Naiara Aginakorekin batera. Boluntario lanak mundua ezagutzeko gogoarekin uztartu zituzten zortzi hilabetez, eta Topic aretoan bizipen haiek gogora ekarriko dituzte, gaur, 19:30ean, Amalur jardunaldien lehen egunean. http://ameriketatik.blogspot.com.es blogeko edukiekin, ikus-entzunezko saioa izango da.

Zerk bultza zintuzten Hego Ameriketara joatera?
Betidanik egin nahi izan genuen zerbait zen, ezagutzen ez ginenean ere, bakoitzak bere aldetik. Bidaiatzea asko gustatzen zaigu eta hiru astez kanpora joan beharrean, zenbait hilabetetarako joateko gogoa genuen, lasaiago bidaiatzeko. Biok ideia bera genuen eta momentu egokia iritsi zen; izan ere, badirudi inoiz ez dela momentu ona izaten, beti dagoela joan ezin izateko zerbait. Baina azkenean geure buruari esan genion «oraintxe da unea», eta lana eta guztia utzi genuen joateko.

Zein helbururekin abiatu zineten?
Gure ametsen artean, batetik, Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin lan egitea zegoen. Bestalde, menperatzen ditugun hizkuntzetako bat hitz egiten duten lekuetara bidaiatu nahi genuen eta, azkenik, lasai bidaiatu nahi genuen; horregatik aukeratu genuen bizikleta. Behin lekua erabakita GKE bilatu genuen, eta haiek gure boluntario lanak Bolivian egingo genituela esan ziguten. Eta orduan diseinatu genituen ibilbideak, batez ere, nondik nora joan nahi genuen markatzeko. Hasieran beldurra ematen du, hara joan arte bideak-eta ez dituzulako ezagutzen; baina ohitu egiten da bat.

Erraza al da GKE batekin harremanetan jarri eta boluntario lanak egitea?
Guk uste genuena baino askoz ere zailagoa da. Hango GKEak eskuak zabalik egoten dira boluntarioen zain. Hemengo GKEek, ordea, hangoekin lan egiten dute askotan, eta ez dute edonor bidali nahi izaten. GKE gehienek urtebeteko edo bi urteko ikastaroak egin beharko genituela esaten ziguten; prestakuntza jasotako jendea bidaltzea gustatzen zaie. Guk, ordea, orduantxe joan nahi genuen eta Donostiako fundazio batek konfiantza jarri zuen gugan; elkarrizketa bat egin ziguten eta baiezkoa jaso genuen. Hara iritsitakoan ikusi genuen arazoak hemen zeudela, eta gu bezelako beste 30 lagun joan izan balira ere, gustora hartuko zituztela. Hemengo GKEek beste lan egiteko modu bat dute gehienetan, eta hara bidaltzeko dirua nahiz materiala biltzen aritzen dira gehiago, kudeaketa kontuetan.

Boluntarioen egunerokoa nolakoa da?
Bolivian egin genuen boluntario lana eta horren aurretik bidaiatu egin genuen, nomadak izan ginen. Argentina hegoaldean, Patagonian, autobusean ibili ginen, bizikletaz egiteko kilometro asko baitziren. Argentinako Cordoba aldera iritsi ginenean hartu genituen bizikletak iparraldera igotzeko. Behin Boliviako Sucre herrira iritsi ginenean, bi hilabete eta erdiz geratu ginen han, boluntario lanetarako, bertako eskola batean.

Hango errealitatea hemengotik asko aldentzen al da?
Argentinan, Txilen, Bolivian edo Perun gure bizimoduaren oso antzeko egunerokoa duen jendea bada, esaterako Pampa lauean-eta; ez dira gu baino askoz ere atzerago bizi. Han desberdintasunak ez ditu Peru izateak, Txile izateak edo Boliviak izateak markatzen, Andeetan mendian bizitzeak edo behean bizitzeak, baizik. Adibidez, Peruko kostaldera, Limara, jaitsiz gero, dena modernoa da eta dena hemengo hiri batera joatea bezalakoxea da, auzo behartsuagoak-eta badiren arren.

Eta Andeetan bizi direnen bizimodua nolakoa da?
Desberdina da gure bizimoduarekin alderatuta, noski. 4.000 metrora igo eta herrixka txikiak daude, lauzpabost etxerekin. Baina han ia inork ez du goserik pasatzen, beti baitaukate baliabideren bat jateko. Noski, txuleta bat zer den ez dakite, baina patata egosia arrozarekin, barazki-zopa eta halakoak egunero dauzkate. Haien arazo nagusiak hezkuntza eta osasuna dira. Gobernuak behean daude, Liman edo Buenos Airesen, eta ez dira gogoratzen mendian bizi direnekin. Horri orografia malkartsua eta errepide txarrak gehituta, garapena are motelagoa da. Zenbat eta gorago igo, atzera urteak egitea bezalakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!