TOPIC zentroaren inguruko erakusketa zabaldu dute Europako Parlamentuan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 25a, 11:05
Atzo arratsaldean inauguratu zuten Europako Parlamentuko sarreran dagoen erakusketa. Bertan izan ziren Ibai Iriarte Tolosako alkatea, TOPICeko beste hainbat ordezkarirekin batera.

Martxoaren 27a arte ikusi ahal izango den bilduma Berdeak-ALE taldearen eta bertako kide nahiz Tolosako zinegotzi den Inaki Irazabalbeitiaren eskutik jarri dute. Txotxongilo erakusketa honen helburua bisitariek Tolosan aurki dezaketenaren zertzelada batzuk erakustea da.

Ibai Iriarte alkateak inaugurazioan Tolosak erakusketan duen garrantzia nabarmendu zuen: "Tolosa munduari irekia dago, eta horren isla dira Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Abesbatza Lehiaketa... Zentzu horretan, gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, Europara goaz, sinestuta, horren gureak diren gauza txiki horiek egiten gaituztela handi. Tolosa bizi handiko hiria da, kulturaz eta kalitatez betea eta oso dinamikoa".

 "Europako Parlamentua leiho ezinhobea da edozein proiektu ezagutzera emateko, eta honako aukera hau baliatu nahi izan dugu gure altxorretako bat den TOPIC erakusteko, eta era berean, bere ingurune zoragarria, Tolosa eta Tolosaldea", esan zuen, bere aldetik, Inaki Irazabalbeitiak. 

Erakusketa

Parlamentuan ikusi daitekeen bildumak TOPIC zer den erakusten du. Hainbat proiektore daude eta bisualki beraien gainean kokatzen dira Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren aniztasun artistikoaren adierazgarri diren 20 txotxongilo inguru. “Instalazioa hirurehun kaxa baino gehiagoz osatua dago eta honako hauek txotxongiloen euskarri lana egiten dute, baita beste hainbat elementurena ere. Esaterako, informazio-panelak, serigrafiak, telebista pantailak...", argitu zuen zentroko zuzendari den Idoia Otegik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!