600 lagun biltzea espero dute VIII. Gipuzkoa Encounterren

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 31a, 10:47
Apirilaren 4tik 6ra egingo dute aurten, Gipuzkoa Encounter, Tolosako Usabal kirolegian. Zortzigarren ediziorako 450 sarrera jarri zituzten salgai, eta minutu bat eta 27 segundotan saldu ziren. Bideo-joko, txapelketa, 'modding' teknikaren inguruko lehiaketa eta sare sozialei buruzko mahai inguruak izango dira topaketan, besteak beste.

Apirilaren 4tik 6ra bitarte, Gipuzkoa Encounterreko zortzigarren edizioa ospatuko da Tolosako Usabal kiroldegian. Lore Martinez Axpe, Informazio Gizartearen zuzendariak, Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaileak aurkeztu dute topaketa. "Ohituta gaude Gipuzkoa Encounter urtez urte errekorrak hausten ikusten. Aurtengo honetan berriz hautsi da errekorra: minutu bat eta hogeita zazpi segundo baino ez dira behar izan 450 sarrerak agortzeko. Lehenengo aldiz, gehiago dira gipuzkoarrak bizkaitarrak  baino. Nafar eta arabar ugari dago, eta hamarretik bat Euskal Herritik kanpokoa da", esan du Lore Martinez Axpek.

Bideo-joko, txapelketa, modding teknikaren inguruko lehiaketa eta sare sozialei buruzko mahai inguruak izango dira topaketan, besteak beste, eta formakuntza alorrean ere apustua indartuko du Encounterrek, bideoko eta 3Dan, bereziki. Parte hartzaileek, gigabyte bateko (1.024 MG) abiaduraz gozatu ahal izango dute interneten.

Adin guztietako jendea

Ia 600 pertsona baino gehiago izango dira hiru egun horietan Tolosan. Aurtengo edizioko parte-hartzaileen adinaren bataz-bestekoa 29 urtekoa da; gazteenak, ordea, zortzi urte ditu, eta zaharrenak 59. Emakumeen parte-hartzea, berriz, pasa den urteetakoen antzerakoa izango da aurten ere, %11koa, hain zuzen.

Ikusi egitaraua hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!