BTT zentroa, Tolosan

Ataria 2014ko martxoaren 24a

Ostiralean BTT zentroa inauguratu zuten Tolosako Usabal kiroldegian, EAEko bosgarrena dena, hain zuzen. Eta inaugurazioaren harira BTT proba egin zuten igandean. 30 lagunek hartu zuten parte proban, eta Juanjo Esnaola eta Francisco Javier Becerrilek lortu zuten puntuaziorik altuena, 23 puntu guztira. Hirugarren Aitor Gonzalezek egin zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarren BTT zentroa inauguratu dute Tolosako Usabal kiroldegian. Tolosaldean barrena mendi-bizikletaz egin ahal izateko ibilbideez osatutako maparekin batera, bizikletak garbitzeko guneak eta seinaleak jarri dituzte. Guztira, natura-turismoaren aldeko apustu bateratu baten alde. Igandean bertan BTT lasterketa izango da, Usabaletik abiatuta.

Inaugurazio ofizialean Tolosaldeko udaletako ordezkariez gain, Tolosaldea Garatzen agentziako arduradunak, bizikleta dendetako kideak eta turismoarekin zerikusia duen jendea elkartu da. Horiekin batera, Tolosako alkate Ibai Iriarte, Eusko Jaurlaritzako Basquetour turismo agentziako zuzendari Arantza Madariaga eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendari Roke Akizu izan dira egitasmoaren xehetasunak azaltzen.

Kirola eta natura uztartzearekin batera, Tolosaldeari bultzada ekonomiko bat emateko bidea dela nabarmendu dute guztiek. Kanpotarrak eskualdera erakartzearekin batera, gainera, Ibai Iriartek Tolosaldea kohesionatzeko tresnatzat du BTT ibilbideen mapa: "28 herri gara Tolosaldean eta sarri geronek ere ez dugu eskualdea ezagutzen. Hau izan dadila eskualdea ezagutu eta herri guztiak kohesionatzeko tresna".

Ibilbideak askotarikoak dira, baita zailtasun mailari dagokionez ere, eta kolorren bitartez markatu dituzte horiek guztiak. Horrela, prestatu dituzten esku-orrietan San Blas (oso erraza), Zazpibideta (erraza), Leaburu (zaila), Uli (zaila), Belabieta (oso zaila), Leitzaran (oso zaila), Izaskun-Berastegi (oso zaila) eta Txindokiko itzala (oso zaila) ibilbideen inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute interesa dutenek; ibilbidearen luzera, denbora eta deskribapenak daude bertan.

BTT ibilbideak egin nahi eta materialik ez duenak ere izango du bizikletan nahiz GPSak alokatzeko aukera. Halaber, bizikleten garbiguneak doakoak izango dira eta dutxa eta aldagelei dagokienez, berriz, harrera-puntuetan galdetu beharko da.

 

BTT proba

Igandean, BTT ibilbideen inaugurazioaren harira, Tolosako BTT proba egin zuten. Izen-ematea 08:00etan ireki zuten Usabalen eta 09:00etan hasiko zen lasterketa. Kontrol-guneak jarriko zituzten eta bi orduan ahalik eta kontrol-gune gehienetatik pasatu behar izan zituzten kirolariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!