Martin Garitano ahaldun nagusia, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 21a, 08:49
Bisita ofizialak hasi aurretik Ataria Irratian izan zen atzo, eta elkarrizketa eskaini zuen. Hainbat bilera egin zituen, besteak beste, TOPAko kideekin. Jon Darpon Osasun sailburuarekin biltzeko prestutasuna azaldu die Garitanok.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Martin Garitanok, Atarian argitu zionez, diputazioak 6 milioi euro bideratuko ditu larri baina bideragarritasuna bermatuta duten enpresetara, tartean Tolosaldeko hainbat lantokietara.

Elkarrizketa Tolosako bisitaldia hasi aurretik eman zuen, izan ere, atzoko eguna eskualdean eman zuen. Tolosarren kezka eta proiektuak ezagutzeko egin zuen bisita. Goizean Lehiberri Zentroa eta Santa Luziako lurzorua ikusten egon zen Garitano. Eguerdian Tolosa&Co-ko ordezkariekin bildu zen, eta arratsaldean, TOPA, Box.A eta Bonbereneako ordezkariak ezagutu zituen. Egonaldia amaitzeko, herritarrekin bildu zen.

Tolosaldeko Osasun Publikoaren aldeko Plataformarekin (TOPA) egindako bileran, plataforma horretako ordezkariek eskualde honetan osasun zerbitzuarekin dagoen "arazo historikoaren" berri eman zioten: "Eskualde bakarra gara ospitalik ez duguna", adierazi zuen TOPAk. Egoera gero eta kaskarragoa dela salatu zuten, eta honi irtenbidea eman nahian, Foru Aldundiari laguntza eskatu zioten. Martin Garitanok, bere aldetik, osasun publikoa euren ideia nagusietako bat dela azaldu zuen, eta Jon Darpon Osasun sailburuarekin biltzeko konpromisoa agertu zuen konponbide bat bilatu nahian.
 
Hasteko Tolosako udal ordezkariekin bildu zen
 
Goizean, Tolosako udal ordezkari eta langileekin bilera eginez hasi zuten eguna Foro Aldundiko kideek. Elkar ezagutu ostean, haien kezkak jaso ditu Garitanok, tartean, hizkuntz irizpide, lege, komunikazio edo diru-laguntzei dagozkienak.
 
Lehen geldialdi honen ostean, Apatta-Erreka industria gunera joan ziren, Lehiberri Zentrora, hain zuzen. Tolosaldeko Berrikuntza eta garapena oinarri duen zentroa da, eta eskualdean lana eta aberastasuna sortzeko egiten dute lan. Bertan, Jose Luis Urdangarinek nola lan egiten duten azaldu zien: ikastaroak, laborategia... Bertan dauden enpresa-haztegietako langileek ere euren esperientziak kontatu dizkiete foru aldundiko ordezkariei, hala nola, Bizzia, Menajeando.com, Infokom eta Chroma Branding enpresek.
 
Industria-gunetik, Santa Luzia auzora joan ziren. Bertan, udalak lur eremu hori Fraisoro Nekazaritza Eskolako ikasleei utziko die ikasketak amaitu eta profesionaltasunerako jauzia ahalbidetzeko. Enpresa haztegiak eratuko dituzte bertan, baratzeak izateko aukera edukiz. Bi urteko tartea emango diete, eta bertan ekoiztutako produktuak, Tolosako Azokan saldu beharko dituzte. Modu horretan, "belaunaldi aldaketa" bultzatu nahi da.

Goizeko azken bisita, Tolosa&Co merkatarien elkarteko kideekin izan zen. Carrefour merkataritza-gunea eraikitzeko asmoak kezka handia sortzen die merkatariei, eta horren inguruan aritu ziren hizketan.

Arratsaldean, BOX.A Arte Elkartea eta Bonberenea ezagutu zituen. Ondoren, berritze prozesuko bigarren fasean sartzear dagoen Berazubiko Estadioan egon ziren. Aurten, Foru Aldundiaren laguntzarekin, bigarren fasearekin jarraitzeko asmotan baitira. Berazubitik kultur etxerako bueltan, Amaiur Parke berritua ikusi zuten Foru Aldundiko ordezkariek.

Bisitaren azken ekitaldia herritarrekin bilera irekia izan zen. Hitzordua kultur etxean izan zen; bertan, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eta foru ordezkariak herritarrekin elkartu ziren; haien ahotsa entzun eta euren kexa eta zalantzak argitu zituzten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!