Braderie azoka antolatu du, berriro ere, Tolosa & Co elkarteak. Azken urteotako bideari jarraituz, martxoa aukeratu dute merkatariek, maukak kalera atera eta tolosarrei festa egun bat eskaintzeko. Horrela, larunbatean, 10:00etatik aurrera, erosketak egiteko aukeraz gain beste hamaika jarduera ere izango da Tolosan.
Tolosa & Co elkarteko lehendakari Gorka Arregik Braderie azokak merkatarientzat duen garrantzia azpimarratu du: «Aurten bosgarrenez antolatuko dugu eta horrek erakusten du egun hau erreferentziazkoa bilakatu dela guretzat».
Ez da gutxiagorako, guztira Tolosako 75 komertziok parte hartuko baitute azoka berezian, karpetan edo denden kanpoaldeko postuetan produktuak eskainiz. Elkarteko kideek egun hori «gogo biziz» hartzen dutela nabarmendu du Arregik, eta egitasmoaren helburuak azaldu ditu: «Denboraldian saldu ez dutena beherapen handiarekin ateratzen dute kalera eta, hain zuzen, hori da egitasmoaren helburuetako bat: azken materiala saldu ahal izatea. Horrekin batera, merkatariak ezagutarazteko bidea ere irekitzen du Braderieak».
Dendari guztiak erdigunera
«Tolosa kaleko merkatalgune handi bat izango da» Gorka Arregiren esanetan, izan ere, herriko erdigunetik kanpo dauden komertzioek San Frantzisko pasealekuko bost karpetan jarriko dituzte beren postuak. Era berean, komertzioak jada erdigunean edo Alde Zaharrean dituzten merkatariek, denden kanpoaldean jarriko dituzte produktuak.
Erositakoa etxera eramateko poltsa bereziak egin ditu Tolosa & Co elkarteak, baina Minbiziaren Aurkako Elkarteak ere poltsen erdiak utzi dizkiete; eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete merkatariek.
Azkenik, aipatzekoa da egun osoko animazioa izango dela kaleko mauka eta eskaintzekin batera. Batetik, karpa horietako batean Tolosa & Co-ren esataria ariko da gertatzen dena kontatzen eta musika jartzen.
Halaber, Zerkausian ludoteka jarriko dute 16:30etik 20:00etara bitarte eta tarte berean Elektropatxaranga taldea kalez kale ibiliko da.
Erosketak egiteko denbora tartea, berriz, 10 ordukoa izango da; 10:00etatik 20:00etara Bradierieaz gozatu ahal izango da.