Gaur iritsiko da Ahoz Aho jaialdia Tolosara

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 13a, 16:24
Doro Zobaran aritu zen Ahoz Aho jaialdian duela urte batzuk.
Aurtengo Ahoz Aho jaialdia martxan da dagoeneko. Gaur bertan, bi lan ikusi ahal izango dira Tolosan. 16:00etan, Helduen Heziketa Institutuan, Yoshi Hioki (Japonia) eta Carles Garcia Domingo (Valentzia/Errioxa) ikusi ahal izango da, eta 22:00etan Amarozko auzo elkartean Conccertino (Euskal Herria). Azken emanaldi hau ikusteko aukera bakarra, gaurkoa izango da.

Hasi da jada Ahoz Aho jaialdia. Ordizian eta Tolosan dira emanaldiak, eta Tolosakoak gaur hasiko dira.  Hamalau artistek hartuko dute parte, mundu guztiko txokoetatik etorritakoak. Antolatzaile lanetan ari den Intujai Teatroko May Gorostiaga tolosarrak azaldu duenez, «gure asmoa bost kontinenteetako narratzaileak izatea zen. Asiako, Amerikako, Afrikako eta Europakoak ditugu. Ozeaniako narratzailerik ez dago, baina Iban Nikolaik kontinente horretakoa den didjeridu instrumentua joko du. Beraz, esan daiteke kontinente guztiak ordezkatuta daudela».
Euskal Herriko narratzaileen saio guztiak, Conccertino taldearena ezik, euskaraz izango dira. Beste herrialdeetakoek gazteleraz egingo dute. «Boni Ofogo kamerundarrak bere jatorrizko hizkuntzan agian zerbait kontatuko du. Yoshi Hiokik japoniarrez ipuinen bat ere kontatuko du, guk bere hizkuntza ere entzuteko, eta bere saioetan ere euskaraz kontatuko du ipuinen bat».
Narratzaileen artean, Tolosako talde baten parte hartzea ere izango da: Amaroz auzoko Pailaztana taldea. Iaz estreinatu zuten Tuturrumurruk obra kaleratuko dute. «Tutu magiko batzuekin ibiliko gara, jendeari ipuinak eta olerkiak belarrietara kontatzen», azaldu du Gorostiagak, antolatzailea izateaz gain Pailaztana taldeko kidea ere baita. «Bederatzi-hamar lagun joaten gara kaletik, eta jendeari gonbidatzen diogu ipuinak entzutera. Akustika berezia dute tutuek, eta horregatik narrazio motzak izaten dira». Ikuskizun horren ideia aspalditik sortu da, eta hainbat lekutan egiten dira. Ospetsuenak Pariseko talde bat direla dio Gorostiagak: «Beraiek tutu zuzen bat erabiltzen dute, eta guri bururatu zitzaigun estereoan egitea. Mangera bat hartu genuen, diadema bat eta bi botila mutur, eta horrekin osatu genuen tramankulua».  
Prestakuntzaren aldeko apustua
Ikastaro bat ere izango da Tolosan. Luis Carmelo portugaldarrak emango du, Amarozko auzo-etxean. Bertan ahozkotasunaren inguruan ariko da Carmelo, nola kontatu ipuinak, nola narratu istorioak… «Prestakuntzaren aldeko apustua egin izan dugu beti, ikasi egin nahi dugulako», dio Gorostiagak. «Interesa duen ororentzako irekia da, ez da ikastaro espezializatu bat izango. Hori bai, ipuin kontalari batek izena ematen badu ikastaroan, Carmelok berarekin sakondu ahalko du zenbait gaietan».
Antolatzaileak gustura daude osatu duten egitarauarekin. Bi aste hartzen ditu jaialdiak, eta Gorostiagak nabarmendu du Tolosan leku askotan izango direla saioak, eta horrek asko aberasten duela egitaraua.
Bestalde, topikoak apurtu behar direla gaineratu du Gorostiagak: «Esaten da ipuinak haurrentzako direla eta horrelako gauzak… Bada, saioetara etortzen diren helduek gero errepikatu egiten dute, eta hori garrantzitsua da». Oraindik narrazioen aurrean aurreiritziak daudela dio Gorostiagak, baina narrazioan denetatik sartzen dela ekarri du gogora: «Musika dago, ahotsa modu berezian erabiltzen duten artistak…».
Horrez gain, ahozkotasunak historian zehar duen garrantzia azaldu du: «Memoria historikoa ahozkotasunari esker mantendu da, askotan historia irabazleek idatzi dutelako. Ahozkotasunetik iritsi zaizkigu beste istorioa batzuk, edo nola sortu ziren gauza asko». Azken horren harira, kultura ezberdinetan ipuinak errepikatzen direla dio: «Adibidez, Japoniako mitologia eta Euskal Herrikoa hartu eta badaude antzekotasunak, eta hori oso kuriosoa da. Horrek erakusten du zerbait bazegoela historia sortu aurretik, belaunaldiz belaunaldi pasatu dena…»
Egun dena telebistatik jasotzen dela dio Gorostiagak: «Ipuinetan pentsatzerakoan marrazki bizidunak etortzen zaizkigu burura, baina marrazki bizidunak helduentzako ere badaude, edo txotxongiloak ere helduentzako izaten dira». Hori horrela, saioetara gurasoak eta haurrak batera joatera gonbidatzen ditu Gorostiagak, nahiz batzuei edo bestei zuzendutako saioak izan. «Askotan ikusten ditugu gurasoek haurrak uzten dituztela, eta zer ordutan bukatzen den saioa galdetuz joaten direla. Saioan gelditzera gonbidatzen ditugu eta gero haurrekin ipuinak komentatzera», esan du. «Etxean komentatu daiteke, zer suposatu duen bakoitzarentzat, edo zer jaso duen bakoitzak ipuin horretatik. Seguru elkarrekin gehiago gozatu daitekeela esperientzia horretaz».

Narrazio lehiaketa, bigarren urtez
Ahoz Aho jaialdiaren barruan, Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa antolatu dute bigarren urtez. Sei narratzailek eman zuten izena eta hiru sailkatu dira finalerako. Ordiziako Gala Nagusiaren barruan jokatuko da finala, martxoaren 21ean, 22:00etan, Barrena Jauregian, eta ondorengoak izango dira finalistak: Ibai Esoain oriotarra, iazko irabazlea; Iñaki Carretero gasteiztarra eta Pili Eskisabel ataundarra.
Ahoz Aho jaialdiaz gain, Intujai Teatrok ere beste egitasmo batzuk antolatzen ditu, Amarozko Antzerki Astea, adibidez. Gero udazkenean Zikloia Antzerki Jaialdia ere antolatzen dute Tolosan, formatu txikiko jaialdia izaten dena, eta Antzeztaun Ataun herrian. «Gure helburua normalean antzerkia iristen ez den lekuetara iristea da, hau da, tabernetara, auzoetara, kaleetara… Antzerki munduan hainbat formatu daude, eta askotan ez dago aukera gauza oso politak ikusteko. Leidorren ia 900 sartzen dira, Topic-en ia 300, baina badaude obrak 40 pertsonentzako direnak, eta hamarrentzako, edo Tuturrumurruk bezala, pertsona batentzako. Askotan kultura joaten diren ikusle kopuruaren arabera baloratzen dugu, eta hori ez da horrela».

 

Egitaraua

  • Gaur, martxoak 13. Yoshi Hioki (Japonia) eta Carles Garcia Domingo (Valentzia/Errioxa). Helduen Heziketa Institutuan, 16:00etan.
    Conccertino (Euskal Herria). Amarozko auzo elkartean, 22:00etan.
  • Martxoak 14, ostirala. Yoshi Hioki (Japonia) eta Joxemari Carrere (Euskal Herria).  GKo Gallery-an, 18:00etan.
  • Martxoak 14, ostirala. Yoshi Hioki (Japonia) eta Carles Garcia Domingo (Valentzia/Errioxa). Otsabin, 22:00etan.
  • Martxoak 18, asteartea. Lur Korta (Euskal Herria). Amarozko auzo-etxea, 17:30ean. Haurrentzako saioa.
  • Martxoak 19, asteazkena. Amaia Arriaran (Euskal Herria). Amarozko auzo-etxea, 17:30ean. Haurrentzako saioa.
  • Martxoak 20, osteguna. Boni Ofogo (Kamerun) eta Patricia McGill (Uruguai). Orbela tabernan, 22:30ean.
  • Martxoak 21, ostirala. Boni Ofogo (Kamerun) eta Amaia Arriaran (Euskal Herria).  GKo Gallery-an, 18:00etan.
  • Martxoak 22, larunbata. Saioa Aizpurua (Euskal Herria) eta Arrate Leunda (Euskal Herria). Bonberenean, 11:30ean. Haurrei zuzendua.
  • Martxoak 22, larunbata. Pailaztana Klown Taldea ‘Tuturrumurruk’ (Euskal Herria) eta Iban Nikolai (Euskal Herria). ‘Artearen Kalea’ (Kale Nagusia), 17:00etan.
  • Martxoak 22, larunbata. Ahozkotasunaren Gala Nagusia, artista guztien parte hartzearekin. Topic-en, 22:00etan.
  • Martxoak 28, ostirala. Saioa Aizpurua (Euskal Herria) eta Arrate Leunda (Euskal Herria). Amarozko auzo-etxean, 17:30ean. Haurrei zuzendua.
  • Martxoak 28, ostirala. Luis Carmelo (Portugal/Brasil). Amarozko auzo-etxean, 22:00etan. Ahozko narrazio ikastaroa. Irakaslea: Luis Carmelo.
  • Martxoak 29, larunbata (10:00-13:00 eta 16:00-19:00) eta martxoak 30, igandea (10:00-13:00). Kostua: 60 euro. Izena emateko: intujai@intujai.net edo 678 990 162 eta 647 201 401 zenbakietan, azken eguna martxoak 23.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!