"Lan faltarengatik baino, kudeaketa txarragatik gertatu da dena"

inigoterradillos 2014ko mar. 13a, 09:29
Izaskun Lopez Buenetxea eta Kontxi Ormazabal SGL garbiketa enpresako langile ohiak
Itxi berri duten Tolosako SGL garbiketa enpresako langile ohiak dira Izaskun Lopez Buenetxea eta Kontxi Ormazabal tolosarrak. Egun dauden egoeraren berri eman dute, eta itxaropenik ia ez duten arren, zor dietena itzultzea eskatzen dute.

Zein egoeratan ari zineten lanean SGL enpresan?
Izaskun Lopez Buenetxea. Sei urtez egin dut lan bertan, eta azken hilabeteetan ordu gutxi egiten nituen, ordu bat astean, hain justu. Izan ere, Tolosako udaletxean garbiketa lanak egin ditut SGLrekin hiru urtez, baina, gero, beste enpresa batek hartu du ardura hori, eta orduan, ni ere beste enpresa hartara aldatu naiz. Eta, soilik, lehen ere egiten nuen ordu horrekin geratu nintzen.

Kontxi Ormazabal. Hainbat urtez SGL enpresarekin Tolosako udaletxean lanean egon ostean, Anoetako ikastolara igaro ginen. Lanaldi erdian nengoen bertan, eta beste enpresa bateko lanarekin osatzen nuen lanaldia.

Enpresa hori ixtean zein da egun egoera?
I.L.B. Kasurik gehienetan subrogazioa eman da, baina oztopo askorekin egin dute topo askok. SGL enpresak gizarte segurantzarekin zorrak zituen, eta ondorioz, subrogazioa egitean, enpresa batzuk ez dira ausartu lan horretan sartzera, zor hori eurei erreklamatuko zietenaren beldur zirelako. Oztopoak oztopo, gehienak dagoeneko lanean daude, baina, era berean, aldaketarekin lan murrizketa batzuk ere izan dira.

K.O. Nire kasuan, orain lan berdina ari naiz egiten, baina, beste enpresa batekin. Ordezkatu gabe, kontratu berri bat egin digute, enpresa berria beldur zelako gizarte segurantzaren zorrarekin. Kontua da, gu beldur garela antzinatasuna galduko ez ote dugun, beraz, guztia txukun izan arte, oraindik sinatu gabe dugu. Eta, azkenean, horren ondorioz, guztia atzeratu egin da.

Subrogazioak zer esan nahi du?

K.O. Lan berdina egiten jarraitzen duzu, baina, beste enpresa batentzat, eta aurreko enpresan zenituen baldintza berdinetan egiten jarraitzea esan nahi du.

Zuen artean hitz egin edo elkartzen al zarete egoeraz hitz egiteko?

I.L.B. Gisa honetako enpresetan gertatzen dena da jende askok egiten dutela lan, baina, euren artean ez dutela harreman handirik, leku desberdinetan lan egitea egokitzen zaigulako.

Zuen aldarrikapen nagusia zor zaizuena itzultzea da.

I.L.B. Pasa den urteko martxoan hasi ginen arazoekin, eta nire kasuan urtebete egin dut soldatarik jaso gabe. 600 euroko zorra dute nirekin gutxi gorabehera, baina, badaude 8.000 euroraino zor dietenak. Ez dut uste errekuperatuko dugunik, ez behintzat guztia. Esan digutena da, diru kopururen bat baldin badago langileak izango direla hori jasotzen lehenak. Fogasatik Soldatak Bermatzeko Funtsatik erreklamatu beharko dugu, baina, gehienera lau hilabeteko soldata jaso daiteke bertatik. Beraz, jende asko geratu daiteke zor zaion diru guztia jaso gabe.

K.O. Bost hilabete nituen kobratzeko, eta abenduan kobratu nuen zor zidatenaren zati bat. Ikastolak enpresari ez zion eman hiru hilabeteko ordaina, bazekielako gero guri ez zigutela ordaintzen. Enpresari berari jakinarazi zien ez baziguten ordaintzen ez zutela beraiek ere ordainduko. Eta, azkenean ordaindu zuten. Nire lankideari niri baino gehiago zor zieten, eta hari ere ordaindu zioten. Orain, berriz, urtarrilekoa zor didate, eta baita, kitatzea ere. Kalte ordainak, kitatzea, zati proportzionala... guztia kontuan hartuta, 6.000-7.000 euro inguru izango direla uste dut. Baina, oso zail ikusten dut hori guztia errekuperatzea.

Kasu askotan hilabeteak eman dituzue lanean kobratu gabe. Zergatik?

I.L.B. Bulegora joaten ginen zer gertatzen zen galdetzera, eta lasai egoteko kobratuko genuela-eta esaten ziguten. Itxaropen hori ematen ziguten. Bilera bat egiteko esan genien, denei azaltzeko egoera, baina, ekidin egin zuten. Idatzi bat bidali ziguten esanez, ez zutela soldata murrizketa edota erregulazio espedientea aurkeztea bezalako neurriak hartzeko asmorik. Administrariari galdetu nion enpresa egoera txarrean bazegoen nola zen posible neurririk ez hartzea. Erantzun zidan ea nahi nuen erregulazio espedientea aurkeztea, eta ni izatea kaleratuetako bat. Orduan esan nion egun nagoena baino okerrago ez nintzatekeela geratuko, lanean ari nintzelako, bai, baina, kobratu gabe. Handik gutxira bidali ziguten beste gutun bat esanez espedientea aurkeztu zutela. Une honetan hartzekodunen konkurtsoan dago.

Batzuk asko dute kobratzeko, eta beste batzuk ia dena ordainduta.

I.L.B. Bai. Langile batzuekin sekulako zorrak pilatu dituzte, eta ez dut ulertzen nolatan egin duten hori. Badakigu batzuetan hori gertatu dela langile horiek lan egiten zuten enpresakoengatik presioak jaso dituztelako. Hori bai, sindikatuek esan digute horrelako kasuetan, enpresan dagoen diru kopurua langile guztien artean banatu behar dela, eta ez batzuei bai eta bestei ez.

Langileak harritu zaituzten kontuetako bat hori zen, enpresaren bezeroek ordaintzen badute, nolatan ez zaion langileari ordaintzen.

I.L.B. Bezero askok normaltasunez jarraitzen zuten SGL enpresari bere zerbitzuengatik ordaintzen, baina, gero guk ez genuen kobratzen guk egindako lanarengatik, eta horrek harridura handia sortzen zuen, ez baitakigu diru horrekin zer gertatzen zen. Egia da ere, zailtasunak bazituztela bezero batzuekin ordaintzeko. Azken batean, lana bazegoen, eta azken unera arte egon dira lan berria hartzen. Beraz, lan falta ez da izan, nire ustez gehiago izan da kudeaketa txarra.

Garbiketa enpresa honetan gainerakoetan bezala, gehienak emakumeak.

I.L.B. Bai. Gehienak emakumeak gara, eta ez da preseski lan baldintza egokienak dituen sektorea.

K.O. Urte ugari egin ditut garbiketa enpresetan, garbitzaile moduan; lan baldintzak kaxkarrak dira, baina onartu edo etxean geratu beste aukerarik ez da izaten. Konbenioa ere azken bost urteetan sinatu gabe dugu, eta ez dugu inolako igoerarik izan soldatetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!