Joxemari Iturralde: «Tolosako Eskolako nobelagile onena zen Jon Andoni Irazusta»

Rebeka Calvo 2014ko mar. 12a, 10:00
Idazle, politikari, sindikalista eta apaizaren omenezko plaka jarri dute Tolosan, eta honen harira hitzaldia eskaini du Joxemari Iturraldek.

Lizardi, Orixe, Labaien, Lopez-Mendizabal, Aitzol, Emeterio Arrese... Joxemari Iturralde idazle tolosarrak Tolosako Eskola moduan batailatu izan du euskaltzale hauek osatutako taldea. Guztiak euskaldunak eta euskaltzaleak, eta baita literaturzaleak ere. Horien artean bada, horren ezaguna ez den bat, eta harrigarria bada ere, guztietan idazlerik onena, gainera: Jon Andoni Irazusta (1884-1952).

Bere jaioterrian bada bere izena duen pasealeku bat, biala bezala ezagutzen dena, baina orain arte pasealekuak ez du plakarik izan. Oroigarria bialean dagoen burnizko zubiaren atarian jarri dute, eta honen harira Joxemari Iturralderen hitzaldia ere entzun ahal izan da. Izan ere, Iturraldek Jon Andoni Irazustaren, Xuxuperen, figura berreskuratu zuen Bidegileak bildumaren barruan 2003an.

Lehen galdera ezin daiteke besterik izan, zein izan zen Jon Andoni Irazusta?

Gerra aurretik, 20ko hamarkadan, izan ziren 10-15 urte non oso gauza berezia eman zen Tolosan. Tolosako Eskola deitu izan diot nik. Pertsonaia mordo bat bildu ziren euskal kulturaren, euskararen eta euskal literaturaren alde, eta izugarrizko lana egin zuten. Guztiak ziren Tolosakoak, bi izan ezik; Lizardi, Zarautzen jaio zena, baina oso gazte etorri zena eta bizi osoa hemen eman zuena, eta Orixe, Orexan jaioa, baina Tolosan egon ohi zena. Beste guztiak, tolosarrak, euskaldunak eta euskalzaleak ziren. Erlijio aldetik oso fededunak ziren ere eta politika aldetik EAJ ingurukoak. Lagunak ere baziren. Gerta daiteke hiri batean idazleak egotea han hemenka, suelto, eta elkar ez ezagutzea, baina hauek lagunak ziren. Hori Euskal Herrian punta-puntakoa izan zen. Bakoitzak bere aldetik lan izugarria egin zuten. Hor zeuden Lizardi, Antonio Maria Labaien, Orixe, Emeterio Arrese, Aitzol, Ixaka Lopez-Mendizabal eta Jon Andoni Irazusta bera. Kuriosoa da, izan ere, literatura aldetik poesian maila altuena zeukana, gero ikusi denez, Lizardi izan zen, eta prosan, berriz, Jon Andoni Irazusta bere bi nobela famaturekin: Joañixio eta Bizia garratza da. Tolosako Eskolako nobelagile onena izan zen.

Eta zergatik egin dira ezagun beste guztiak eta ez Irazusta?

Arrazoi politiko eta soziologikoak daude hor. Kontuan hartu behar da guk, gaur egungo tolosarrok, behar bada ez dugula ezagutuko Jon Andoni Irazusta, baina gerra aurretik ezagunena bera zela. Zergatik? Gizon oso jantzia zen; abokatua, EAJko parlamentaria Madrilen, ELAko militantea eta sindikatuko ordezkari moduan nazioarteko bileretan ere ibili zen, eta astero hemengo egunkarietan idazten zuen, betiere euskaraz. Inguruan hitzaldi asko ematen zituen. Oso hizlari trebea zen, gizon oso zorrotza, umoreduna, baina zorrotza. Kontua da nobelak gero egin zituela, Ameriketan zegoela. Baina garaian oso ezaguna zen, egunkarietan egunero edo astero azaltzen zen.

Baina gerra iritsi zen...

Eta hemen badakigu zer gertatu zen; batzuk hil zituzten, Aitzol esate baterako, Lizardi ere oso gazte hil zen, beste batzuk Ameriketara joan ziren... Jon Andonik gerra garaia hemen eman zuen, baina gero Amerikatara joan zen. Batzuk itzuli ziren, esaterako Ixaka Lopez-Mendizabal. Baina Jon Andoni han geratu zen, bakarrik, eta han hil zen. Hil aurretik gainera apaiz sartu zen, eta hemen ez du jarraipenik izan. Gerra garaian galdu zen Ameriketan, eta han hil zen.

Han publikatu zituen bi nobelak ere.

Argentinan bere lagun Ixaka Lopez-Mendizabalek bi nobelak argitaratu zizkion. Eta gero, gerra garaia pasata, Frankismoan, euskara zapalduta zegoen giro ilun hartan, ez zen hemen ezer egon. 60ko hamarkadan hasi zen hemen berpizkundea, Txillardegirekin, adibidez. Baina aurretik ez zen ezer egon, Ameriketatik Ekin argitaletxearekin iristen zen oihartzuna besterik ez. Hain justu editorial horren Argentinako jabea zen Ixaka Lopez-Mendizabal.

Nolakoa zen bere bizitza Ameriketara joan aurretik?

Oso ezaguna zen; egunero idazten zuen egunkarietan, Insaluseko kudeatzailea zen, abokatua... Pentsa zein maila izango zuen gerra garaian Agirre lehendakariak deitu ziola Bilbora joateko eta Gobernuan berarekin geratzeko eskatuz. Zalantzan egon zen eta gauzak horren itsusi ikusi zituen, Ameriketara joatea erabaki zuela. Eta hori izan zen bere bizitzako damua, eta bere nobeletan ere hori agertzen da. Arazo pertsonalak ere izan zituen; andregai bat eduki zuen eta moja sartu zen... Bere damurik handiena, hala ere, ihes egin izana izan zen, nolabait esateko. Gizon azkarra zen, eta ikusten zuen zer etorri zitekeen; Frantzian, Suitzan, Madrilen... ibilitakoa zen, parlamentari aritutakoa, eta ikusten zuen zer iritsiko zen. Tolosako bere lagunek horren tristea ez izateko esaten zioten, ez zela horrenbesterako izango... baina sumatzen zuen zerbait.

Gerra eta gero joan zen Ameriketara, ezta?

Gerra hasi zenean hiru urtetan ibili zen hemen jendeari laguntzen. Honen harira badago oso pasarte interesgarria. Garai hartan bazegoen oso ezaguna zen komunista bat, Jesus Larrañaga, Goierri. Donostian elkartu ziren, eta bertan Jon Andoni Irazustak kargu hartu zion Larrañagari. Ez zela jendea hil behar esan zion, ez zirela errepresaliak hartu behar. Baina Larrañagak esaten zion hau dena lehebailehen garbitu behar zela. Komunistak orduan pistola atera zion, sabelean jarri eta jendea barkatzen ibiltzen bazen eta gauzak beratzen, berari bi tiro emango zizkiola esan zion. Hori berarentzat oso gogorra izan zen; bere aldekoak zirenak horrela ikustea eta zein txikizio etorriko zen jakiteak Ameriketara alde egitera eraman zuen. Hori 1939. urtean edo izan zen. Anaia Santos, Ttantto, dentistarekin joan zen. Lehenengo iparraldera joan ziren, Bordelen barkua hartu eta handik Ameriketara. Ez zen inoiz itzuli.

Zergatik erabaki zuen Euskal Herrira ez itzultzea?

Urte askotan ibili zen han; Puerto Ricon, Kolonbian, Argentinan... Abokatu eta merkatari gizon ibili zen, lehendakariarentzat enkargu asko egiten... Bere anaia Kolonbian geratu zen, eta hemendik ama eta arreba bat ere joan zitzaizkion. Ama han hil zitzaion, eta arrebak bueltatzea erabaki zuen, eta hori kolpe gogorra izan zen. Beste kontu batzuk ere izan zituen; Argentinara zihoala bere biblioteka guztia erre zitzaion edo erre egin zioten, ez dakigu. Guztia kontutan hartuta dena utzi, apaiz izateko ikasi, eta apaiz egin zen. Han oso ondo ikusita zegoen, gainera. Esate baterako, Perun, Liman, apaiz egin zutenean, ekitaldi erlijioso horretan Peruko presidentea, Manuel Odria famatua, egon zen. Apaiz egin zenean, hala ere, ez zuen Liman geratu nahi izan, Peruko Amazoniako oihanera joan nahi izan zuen hango jendearekin lan egitera. Baina apaiz egin eta 6 hilabetera hil zen. Egia da gaixotasun batek hil zuela, baina bizitzan izandako ezbehar guztiak ikusita esan daiteke tristurak jota hil zela.

'Joañixio' eta 'Bizia garratza da' dira idatzi zituen bi nobelak. Autobiografikoak direla esan izan duzu, zein da lan hauetako ardatza?

Oso lan sinbolikoak dira. Autobiografikoak dira eta erreferentzia pila bat dituzte. Joañixion Tolosako pasarte asko daude, hemengo lekuak ikusten dira, eta bietan Ameriketan dauden euskaldun batzuen istorioa kontatzen da. Esan daiteke berak Euskal Herria nola ikusten zuen islatzen dela nobeletan. Nik liburuan Lizardiren Asaba zaharren baratza poema aipatzen dut. Inork ez zuen esango poema horrekin nekazaritzaz ari denik, gauza sinboliko bat dela argi baitago. Eta bi liburu hauek ere horrela hartu behar dira.

Liburu hauek ez dute ia oihartzunik izan gure artean, zergatik?

Diktadura garaia zen eta ondorioz Ameriketan argitaratu ziren, eta liburu haiek tantoka eta klandestinoki iristen ziren hona. Gauzak pixka bat lasaitu zirenean oihartzun gehixeago izan zuten. Koldo Mitxelenak ere bi nobeletaz hitz egin zuen, eta baita Irazustaz idazle moduan ere. Mitxelenak bere Historia de la literatura vasca liburuan, esaterako, euskara aldetik idazle zabar samarra zela zioen, eta Irazustak berak ere lehen liburuaren hitzaurrean onartzen du. Irazustaren ustez garai hartako egoeran ez zen beharrezkoa ondo idaztea, baizik eta idaztea. «Gero etorriko dira beste batzuk hobeto idatziko dutenak», esan zuen. Mitxelenaren ustez idazle zabar samarra zen, baina oso nobelagile ona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!