Jaien ondoren, aje eta biharamunak errekuperatzearekin batera, balantzeak egiteko garaia iristen da beti. Tolosako Udalak egin du pasa diren inauterietako balorazioa, eta herriko eragileekin bateratu du bere balantzea, jaien ondorengo festa batzordean. Datuak datu, Zaldunita eta Asteartita eguneko karroza eta konpartsen zarata izan da nagusi inauterien ondorengo elkarrizketetan ere; 2015erako neurri berriak hartuko dituela azaldu du Tolosako Udalak.
Iaz bezalaxe, aurten ere eguraldiak nahikoa baldintzatu ditu Tolosako urteko egunik garrantzitsuenak: euria egin zuen Ostegun Gizenetik Asteartitara bitarte, eta zenbait egunetan etengabekoa izan zen zaparrada. Tolosarrek, hala ere, badute horri aurre egiteko umorea eta udalak plazaratu duen balorazioan azaldu dutenez, iazko bisitari kopurua mantendu egin da. Bide beretik, herritarren parte hartzeak ere ez du behera egin, eta tolosarrei eskerrak eman nahi izan dizkie udalak: «Ikusgarritasuna, umore ona eta festa giroa ez dira falta izan. Eskerrak herritarrei egindako lanagatik eta urtetik urtera jartzen duten ilusioagatik».
Jendearen erantzun ona lehen unetik azkenengora artekoa izan da aurten eta inoiz baino «txupinazo jendetsuagoa» izan zen otsailaren 27koa. Kabi Alai elkarteko kideek, gainera, Iruñeko parodia ikusgarria eskaini zieten bertaratuei, eta berezia izan zen inauterien hasiera.
Hasiera horretan, hain zuzen, ezinbesteko elementu dira txarangak, sei egunez ia geratu gabe entzun ahal izaten baitira haien doinuak. Tolosako Udalak izan du txarangentzat ere laudoriorik: «Txalotu egin nahi dugu txarangek egin duten lana, kalez kale nahi zuten guztia ibiltzeko aukerarik izan ez duten arren, berriro ere erakutsi baitute inauterietako ardatz nagusietako bat direla».
Zezenak: hausnarketarako deia
Parte-hartze datu onekin jarraituz, zezenetako ikuskizunak aipatzekoak dira. Aurten zenbait aldaketa egin ditu udalak, bai salmentari eta baita aforoaren arazoari dagokionez ere.
Sarrerak saltzeko, batetik, erdiak interneten eskuragarri jarri zituzten eta arazorik gabe saldu zituzten. Leihatilara bideratutako sarrerak herritarrei helarazteko, berriz, Leidor aretoan sei salmenta-gune jartzea erabaki zuen udalak, ilara arintze aldera. Erabaki onek oso ondo funtzionatu zuen, izan ere, 16:00etan atea ireki eta 17:30erako jada ez zegoen ilararik.
Horrelako arrakasta zoragarria izan da Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren eta haren senideentzat: 15.000 sarrera saldu dira guztira eta, beraz, 30.000 euroko diru laguntza jasoko dute.
Salmentaren gaiarekin lotuta, ordea, hausnarketarako deia egin du Tolosako Udalak: sarrerak agortu ondoren, ehunka eserleku hutsik egon dira hainbat zezen ikuskizunetan. Eguraldi txarra egin du, baina udalaren ustez hori ez da arrazoi bakarra; herritarren ardura eskatu dute, beraz.
Azkenik, zezen plazaren inguruan hika-mika gehien sortu duen auziaren konponbideak ere emaitza onak eman ditu. Plazako hondarreko jende kopurua mugatua da legeak hala diolako, eta aurten kontaketa sistema erabili dute. Segurtasun plana «ondo» bete dela azpimarratu dute: «Hainbat froga egin ditugu inauterietan bertan, eta emaitza onena azken egunetakoak izan du: jendea txarangaren atzetik hondarrera ate batetik sartu ondoren, bestetik ateratzea».
Gazteen erantzun ona
Alkoholaren kontsumoaren inguruan hainbat informazio saio eskaini zizkieten, Tolosako gazteei, Ai Laket! elkartekoek eta Inmakulada ikastetxeak, elkarlanean.
550 gazte baino gehiagorengana iritsi dira kanpaina horren bitartez, eta Ai Laket! elkarteak azaldu duenez, oro har, ondo hartu dute informazioa gazteek.
Inauteri garbiagoak
Aspaldiko inauteririk garbienak izan dira aurtengoan, nabarmen. Iazko moduan birziklatzeko aukera eskaini diete herritarrei, ohiko edukiontziak mantenduz. Horrela, hondakinak gutxitzea lortu dutela azaldu du udalak; iazko datuekin alderatuta, gainera, kilo gutxiago bildu dituzte langileek: guztira 50.400 kilo hondakin.
Horren harira, kale garbiketan ere sekula baino ur eta desinfektatzaile gutxiago erabili behar izan dituzte. Izan ere, eguraldia oztopo izan den arren, garbiketarako mesede egin du; kale-garbitzaileek denbora gutxiago behar izan dute beren lana bukatzeko.
Guztira 342.000 litro ur erabili dituzte, iaz baino 100.000 gutxiago; orain bi urte, berriz, 656.500 litro erabili zituzten. Kaleak desinfektatzeko produktuaren erabilera ere jaitsi egin da aurten: 425 litro erabili dituzte, iaz baino 75 gutxiago.
Zarata: irakasgaia gainditzeke
Tolosako Udalak bere aldetik eta eragileek, festa batzordean elkartutako 60 lagunek egindako balorazioetan nagusi izan da karrozen burrunba eta zarata.
Bilerara bertaratutako herritar guztiak bat etorri ziren: burrunba eta zarata gehiegizkoa izan da aurtengo inauterietan. Bere aldetik, gainera, Udaltzainburuak ere berretsi zuen jendearen ezinegona eta jai egunetan hainbat dei jaso zituzten kexatuz.
Udalak aurten kontzientziaziorako ahalegin berezia egin duen arren, onartu du gehiegizko zaratarena inauterien «alderdi iluna» izan dela eta argi utzi nahi izan du auzia behar bezala bideratu arte ez duela etsiko. Horregatik, 2015ko inauteriei begira parte-hartzaileen inplikazioa eskatuko dute, batetik, eta neurri berri eta zorrotzagoak hartuko dituzte, bestetik.
Bukatzeko, aipatzekoa da jaiaren eta balorazioen ondoren iritsi dela Ferialekua hustutzeko garaia. Tolosako Udalak beste zenbait urtetan baino azkarrago hustu nahi du aurten gune hori, beste jardueretarako erabilgarri egon dadin. Horrela, karrozak beste pabiloi batera eramango dituzte.
Parte hartzaileek igandera arteko epea dute inauterietako lanak desmontatzeko; hondakinak, berriz, kanpoan pilatu, eta udala arduratuko da behar den lekura botatzeaz.