Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak duela urtebete inguru izan zuen Madrileko ministerioak hartutako erabakiaren berri, hau da, hainbat biktimaren senideek kalte-ordainak jasotzeari utzi ziotela. Gertatutakoa sakon aztertu eta Espainiako Gobernuaren erabakia legezkoa den argitzeko, Kriminologia Institutuari txosten bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak. BERRIA egunkariak eskuratu duen agiri horretan, institutuak auzitan jarri du Barne Ministerioak darabilen argudioa. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera bidali du txostena, eta kaltetuek erabaki behar dute zein neurri hartu.
Kalte-ordainak ukatu dizkieten bost biktimen kasuak jaso dituzte txostenean, baina haien izenak aipatu gabe. Biktimen izen- abizenak zehazten ez baditu ere, data eta tokien argibideekin, BERRIA egunkariak dio, kalte ordainak ukatu dizkieten biktimen artean daudela, 1983an GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxean Lasa edo Joxi Zabala tolosarrak.
Aipatu behar da, biktimen Espainiako 2011ko legearen arabera, Espainiako Gobernuak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012. urtearen amaieran, ordea, legea aldatu zuen Madrilek, biktimei kalte-ordainak pagatzean zenbait baldintza jarrita. Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduta aldatu zuen legea PPk, eta Espainiako Gobernuak horretan oinarrituta ukatu dizkie orain kalte-ordainak estatu indarkeriaren hainbat biktimei. Zehazki, hitzarmen horren zortzigarren artikuluaren arabera, kalte-ordainak murriztu edo ken daitezke biktimak edo kalte-ordainaren eskatzaileak indarkeria delituak egin baditu edo horiek egiten dituen erakunde batean parte hartzen badu. Hori egiaztatuta dagoen kasuetan, biktimen senideek ez dute kalte-ordainik jasotzen.
Kriminologia Institutuko kideen arabera, baina, hitzarmen horren zortzigarren artikulua «polemikoa» da, eta, horregatik, sakon aztertu beharrekoa. Agiriak dioenez, Barne Ministerioak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txosten ugaritan oinarrituta nahastu ditu zenbait biktima «ETAren inguruarekin», horrela, kalte ordainak kentzeko. Haien aurkako epai irmorik ez dagoela ohartarazi dute txostenean, eta, beraz, «errugabetasun printzipioa urratu» zaiela biktima horiei. Txostena irmoa da oso: epai irmorik ez dagoen bitartean, biktima horiek ETAko kidetzat jotzeak «babes judiziala, errugabetasun printzipioa, prozesuen legezkotasun printzipioa eta botere banaketa» urratzen ditu. Egileen arabera, ezin zaizkie ukatu diru laguntzak biktima horiei soilik atxilotuak edo inputatuak egon zirelako, tartean epai irmorik ez bada egon. Areago, haien ustez, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenek ez dute «entitate juridiko nahikorik» herritar bati delitu bat leporatzeko. Gainera, gogoratu dutenez, Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenaren 8.2 artikuluak ere ezinbestekotzat jotzen du epai irmoa egotea biktima bati diru laguntzak kentzeko. Egileek uste dute artikulu horren bestelako irakurketa bat egiteak Europako hitzarmenaren edukia «indargabetuko» lukeela.
Horrekin batera, Espainiako biktimen legearen atzerako eraginik eza nabarmendu dute txostenaren egileek. Gogoratu dutenez, Espainiako Gobernuak 2012an bat egin zuen Europako Hitzarmenarekin, eta, beraz, data hori baino lehen diru laguntzak eskatu zituzten biktimei ez die eragiten lege berriak. Ondorioz, txostenaren areabera, biktima horiei kalte-ordainak ukatzeko erabilitako argudio juridikoek, legezkotasun printzipioak ez ezik, atzerako eragina ez izateko printzipioa ere urratzen dute. Hori argudiatzeko, jurisprudentzia badagoela gogoratu dute egileek, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren hainbat epai aipatu dituzte. Besteak beste, ohartarazi dute konstituzioaren 9.3 artikulua «urratu» duela Barne Ministerioak, eta Europako Hitzarmena ezarri baino gehiago hura «manipulatu eta faltsutu» egin duela.