Lau urterako hitzarmena, Tolosa euskararen hiri bilakatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko martxoaren 10a

Joseba Antxustegietxarte, Ibai Iriarte eta Inaki Irazabalbeitia hitzarmena sinatzen.
Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako Udalak hitzarmena sinatu dute goizean, datozen lau urteotarako.

Tolosan euskararen normalizazio bidean hainbat lan burutzeko helburuz, lau urterako hitzarmena sinatu dute udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Agerraldian euskara taldeko Joseba Antxustegietxarte izan da eta, habaler, Ibai Iriarte alkatea eta Inaki Irazabalbeitia euskara batzordeko burua izan dira.

Galtzaundi ari da jada, esparru honetan, Tolosa euskararen hiria proiektuarekin buru-belarri. Halako lanak epe luzera begirakoak izaten direla nabarmendu dute Galtzaundikoek eta, horrela, eskerrak eman nahi izan dizkiote udalari: "Tolosa leku aparta da euskararen hiri izateko, hainbat elementu dituelako eta ia hiri euskalduna delako. Tolosa euskararen hiria egitasmoaren bitartez, falta den bultzadatxo hori eman nahi diogu herriari, bizitza euskaraz eta lasai egin ahal dezan", dio Antxustegietxartek.

Ibai Iriarte alkateak, bere aldetik, Galtzaundiri ere eskerrak eman dizkio. Hizkuntza baten normalizazioak eragile guztiak garrantzitsuak dira Iriarteren arabera eta "udala hor" dagoen arren, herri eragileen indarra nabarmendu nahi izan du: "Herri eragilean ezinbestekoak dira lan horri guztiari zentzu bat emateko". Bide horretan, eta euskara taldearen egitasmoa epe luzekoa denez, Tolosa euskararen hiria markatik errealitate izatera pasatzea da Tolosako Udalaren nahia: "Kalean erronka garrantzitsua dugu, eta joan gaitezen eskutik".

Sinatu berri duten hitzarmenaren ondorioz, Tolosako udalak 54.000 euroko diru laguntza emango dio Galtzaundi Euskara Taldeari 2014. urtean. Urtez urte, gainera, 2017ra bitarte, KPIa igota emango diete diru laguntza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!