Txistu doinuak Hego Koreara, tolosarren eta zestoarren eskutik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 7a, 12:49
Garikoitz Mendizabal zestoarraren 'Txistu Symphonic' egitasmoaren segida da 'Txistua mundura'

Euskal txistu doinuak Hego Korearaino iritsiko dira datozen egunotan, Txistua mundura egitasmoaren eskutik. Garikoitz Mendizabal zestoarrak landutako proiektua da, eta Tolosako Udal Txistulari Bandako bi kidek ere parte hartuko dute. Bide horretan, Tolosako Udalak eta Zestoako Udalak diru laguntza eskaini diete musikariei, "euskal kultura munduan barrena zabaltzeko".

Tolosaldea Garatzen agentziak izandako harreman batetik sortu da Hego Korerarako bidaia, Ibai Iriarte Tolosako alkateak azaldu duenez: "Beste harreman batzuen bidez kultura ere ezagutaraziko dugu eta prest gaude horrelako gehiagotarako".

Bere aldetik, Garikoitz Mendizabalek Tolosako txistulariekin "beti" izan duen harreman estua nabarmendu du, Hego Koreako bidaia hizpide zuela. Bidaia kontzertu batetik haragoko zerbait izango dela ere azaldu du txistulariak: "Enbaxadore kulturalak izan nahi dugu".

Mendizabalekin batera Tolosako Udal Txistulari Bandako Iñaki Letamendia eta Jesus Mari Garmendia ere ariko dira Hego Korean. Azken hauek asteartean bertan abiatuko dira haruntz eta Letamendiak "oso pozik" dagoela azaldu du: "Oso urduri ere bagaude era berean".

Izan ere, ez da gutxiagorako: lehen aldiz joko dute atzerrian, orkestra sinfoniko batekin. Emanaldi sinfonikoez gain, txistu emanaldiak ere eskainiko dituzte eta azpimarratu egin dute enbaxadore lana: kontzertuen guneetan Tolosako nahiz Zestoako turismo informazioa eskuragarri jarriko dute, eta baita ikus-entzunezko hainbat lan ere.

Honakoa da Hego Korean egingo duten biraren egitaraua:

Martxoak 14: Chun Cheon Philarmonic Orchestra & Garikoitz Mendizabal

Martxoak 16: Dokdo irla. Garikoitz Mendizabal & Tolosako Udal Txistulariak

Martxoak 18: Busan hirian kontzertua Garikoitz Mendizabal & Tolosako Udal Txistulariak (11:30tan) eta Seul-en Espainiako Enbaxadan kontzertua. Garikoitz Mendizabal & Tolosako Udal Txistulariak

Martxoak 21: Gyongbook Philarmonic Orchestra & Garikoitz Mendizabal & Tolosako Udal Txistulariak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!