Tolosako Babarruna Elkartea ekoizle berrien bila dabil

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 13a, 08:30
Orain arte Tolosako Babarruna Elkartean ekoizle moduan sartzeko aukera mugatua izan da, baina aurten Tolosako babarruna ekoizteko eta beraien bitartez merkaturatu nahi dutenei ateak irekitzea erabaki dute. Tolosako Babarrunaren Elkarteko arduradun Xabier Goikoetxea izan dugu gonbidatu Tolosaldeko Atarian.

Tolosako Babarruna Elkarteak ateak ireki ditu. Orain arte ezin zen ekoizle izan, baina orain Tolosako babarruna ekoizteko eta elkartearen bidez merkaturatzeko aukera ireki dute. Horretarako ekoizleek gutxienez 1.000 metro koadroko soroa landatu behar dute, eta Eusko Labela lortzeko araudian ezarritako baldintzapean ekoiztu behar da.

Ekoizle izan nahi dutenei eginiko deialdia bi arrazoiengatik eman dela dio elkarteak; batetik, 2013ko urte txarra, eta bestetik, ekoizle batzuk adina dela eta erretiratu izana.

Izan ere, 2013. urtea "gogoratzekoa" izan dela esan du elkarteak. "Udaberrian egindako eguraldi txarrak uzta bakarrik ez, merkatua ere baldintzatu zuen, merkatu gose baten aurrean aurreikusitako kiloetatik urrun gelditu ginelarik", esan dute. Horiek horrela, kanpaina "oso irregularra" izan dela esan dute, eta soroko etekinetan gora-behera handiak egon direla nabarmendu.

Eguraldia medio, hortaz, aurreikusta zeuden 20.000 kiloetetik 14.000 kilo besterik ez dira elkartetik pasa, "uzta benetan eskasa". "Ez gara bakarrik izan nonbait, urrutira joan gabe, Estatu mailan zurrumurruak kontutan edukita, eta merkatuaren jokamoldea ikusita, aspaldiko urtetan izan den uztarik eskasena izan dute. Argentinan ere mundu mailan dagoen lekadun ekoizleen artean garrantzitsuenetakoa, lehortearen eraginez esportazioak %50 baino gehiago jaitsi dira", esan dute.

Tolosako babarrunaren hobekuntza genetikoa

Iazko uzta eskasa izan bazen ere, urte oparoa izan zen babarrunaren hobekuntza genetikoan. 2012an jarri zuten abian proiektua, eta jada lehen emaitzak eman ditu. Hobekuntza genetikoa lortzeko Villabonan jarri zuten negutegi bat, eta helburuak babarrun landare linea berriak bilatzea, landaketa emaitzak hobetzea eta ondorioz, errentagarritasuna hobetzea dira.

Negutegian 19 landareren karakterizazioa egin zuten, eta landareen garapen, iraupen eta ekoizpen datuak hartu zituzten kontutan. Batetik, antraknosia moduko gaitzik jasan duten ala ez ikusi zuten, eta 19 horietatik 11 gelditu ziren. Ondoren, landare horietako babarrunekin dastaketa bat egin zuten Tolosako Fronton jatetxean, eta sukaldatzeko ezaugarriak baloratu zituzten. Bertoko sukaldari den Roberto Ruizek sukaldatu zituen eta hainbat pertsonek dastatu zituzten. Elkarteak esan duenez, dastakeraren ondoren, litekeena da landareetako batzuk programatik kanpo geratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!