Oihana Ugarte: «Kalitatea da gure bereizgarria»

Publierreportajea / Felix Aiestaran 2014ko mar. 6a, 16:03
Oihana Ugarte tolosarrak betidanik izan du gogoko marrazketa eta sormen lana oro har. Galtzaundi aldizkarian 1995etik 98ra argitaratu zituen komiki lanetan ziklikoki azaltzen zaizkigun gaiak ederki jorratu zituen: tortura, krisia, Kilometroak... Grabatuaren teknika ere menperatzen du eta lan bilduma ederra egina du.

Bere tailerrean adeitasunez hartu gaitu eta sormen lanaz, denboraren patxadaz eta gertutasunez Tartalo serigrafia gaien berri eman digu. Modaren dantzan erabili eta botatzeko gaiak erosten diren garaiotan, kalitatezko euskarrian arreta handiaz txertatuko irudi bereizgarriez hornitutako produktuen alde egin du Ugartek. Ekoizpenaren berri eta bertan erosteko aukera ematen duen web orria sortu berri du: www.tartalo.net. Irudi alaiez hornitutako eskolako haur mantalak edo figuratibismotik urrun, sareen testura erabiliaz sortutako irudi landuez eginiko helduen elastikoak.

Debako Arte Eskolan grabatua ikasia duzu...
Antzineko teknika erabiliaz, kobrezko plantxa gainean berniza eman eta puntzoi batekin markatzen da. Azidotan pasa eta markatutako irudia azaltzen da.

Galtzaundi aldizkarian 1995etik 1998ra komikiak egin zenituen...
Bezperan egiten nituen eta estresagarria zen. Erakusketa egin nuen komiki haiekin eta markoztatuta dauzkat. Behin eta berriro itzultzen diren gaiak agertzen dira: krisia, Korrika, Galindorena, Ibarrako emakumeek bortxatzailea aurretik eraman zutenekoa... Egunkaria itxi zutenean elkartasun kamiseta egin genuen Mattin eta nire irudi batekin. Ikaragarri saldu zen eta Martin Ugalde parkean 1.900 euro utzi genituen.

Nola iritsi zinen serigrafia mundura?
Betidanik, gustatu izan zait marraztea. Marrazki bizidunen urtebeteko ikastaroa egin nuen eta lagun batek kamisetak egin nahi zituela esan zidanean, bigarren eskuko tailerra erosi genuen. Berak utzi eta neronek era autodidaktikoan jarraitu nuen serigrafian lan egiten 1996. urtean.

Serigrafiak zer dela eta harrapatu zintuen?
Nik sortzen nituen marrazkiak azaltzeko bide eman zidan serigrafiak. Hor dagoen ardi irudia lehendabizikoetakoa da eta bere efektu bisualaz, nolabaiteko harridura mota sortzen du. Internetak mundua txikiagotu egin du eta harritzeko gaitasuna galdu arazi du. Horrelaxe artisau azoka eta dendetan saltzen hasi nintzen, katalogoak erakutsi eta egiten zizkidaten eskaeren arabera.

Zer da Tartalo?
Tartaloren begia, nik intuitiboki askotan egiten dudan gure herriari oso lotua den irudia da. Tartalo, artisau modura, maitasunez sortutako diseinuak dituen proiektu txiki eta ondo zaindua da. Prozesu osoa eskuz egiten da, web orrian azaltzen da. Marrazkia egin, zein oihaletan estanpatu behar dudan erabaki, koloreak aukeratu, kolore bakoitza gardentasun edo fotolito bakoitzean jartzen da; fotolito bakoitzarentzat bastidore bat prestatzen da, eta ondoren kolorea estanpatzen da. Ez dakit besteek nola lantzen duten serigrafia, nik era autodidaktan egiten dut lana.

Prozesu osoa zerorrek egiten al duzu?
Bai, bastidoreak Usurbilen erosi eta beste guztia neronek egiten dut. Jantzia erosi, irudia diseinatu, pantaila prestatu, estanpatu, plantxatu... Hasieratik bukaeraraino.

Nola eratzen duzu sormen lana?
Batzuetan enkarguzko lanak izaten ditut. Demagun, Arrasateko trikiti eskolak eskatzen didala... Bezeroaren asmoetara hurbildu egin behar da... Herensuge batek trikitia jotzen zueneko Arrasateko kondairaren berri izan nuenez, eskuetan trikitia eta buztanean panderoa duen dragoiaren irudia egin nien. Niregana hurbiltzen direnek ere badakite zein marrazki diseinu mota dudan... Bestetik neronek egiten dudan bilduma daukat. Oso intuitiboa naiz.

Nola definituko zenuke zure diseinua?
Umeentzako diseinuak naif-ak dira. Haurren diseinua egitea helduena baino askoz esker hobeagokoa eta errazagoa da. Helduen diseinua asko aldatu da; diseinu kontzeptualagoa, testurarekin... Neroni ere horretara egokitu egin naiz. Jantziak erosi eta batzuetan jantziaren arabera diseinatzen dut.

Badituzu irabazitako hainbat serigrafia sari...
Ondarroako Zapatu Azule saria sei aldiz irabazia dut. Serigrafia egileen artean aukeratutako sari herrikoiak dira. Euskal Herriko ekoizleak eta herri mugimenduko kamisetak biltzen ziren bertan, gorakada izugarria zuen kamiseten alor honek. Guzti hori asko aldatu da. Guk azoketan jarraitu dugu jendearekiko harreman zuzenari eutsiz.

Zein harremana duzue beste kamiseta egileekin?
Kukuxumuxukoek Ondarroara saltzaileak bidaltzen zituzten. Denekin oro har harreman ona izaten dugu. Gero, urtean zehar eskulangintza azoketan izaten dugu elkarren berri.

Zein da zuen lanaren bereizgarria?
Esklusibitatea eta kalitatea da gure bereizgarria.

Zein gai azaltzen dira zure lanetan?
Ez nago gai jakin bati lotuta. Helduen arloan, lehen irudi figuratiboak egiten nituen, baina orain jantziaren arabera diseinu abstraktuak lantzen ari naiz.

Modaren dantzan aldatzen al dira zuen lanak?
Umeen arloan diseinua atenporalagoa izan daitekeen modura, helduen arloan askoz ere zailagoa gertatzen da. Jantziak aurretik erosi eta inbertsio handia egin beharra dago. Kalitate oneko arropa eta molde berezikoa erabiltzen dut. Umeen alorrean eskolako mantalak egiten hasi naiz. Maindireak, toallak, adur-zapiak... Kalitate oneko estanpazioak dira eta umeek txikiagoak diren anaia edo ahizpari pasatzen diote.

Lanketa osoa eskuz egiten duzu, ezta?
Egiten dugun lan bakoitza gure eskutik pasatzen da eta mimoz egindakoa da. Denbora asko erabiliaz, maitasunez egindako lanak dira. Prozesu osoa geuk egiten dugu: alde batetik oso aberasgarria da, baina bestetik nekagarria ere bada, lan handia duelako.

Nola bideratzen duzu salmenta?
Azokaz azoka ibiliz eta Plaza Zaharreko dendatik aritu naiz. Baina krisia dela eta bide berriak jorratu nahi ditut eta abendurako web orria zabaldu nuen. Lanketa prozesua azaldu eta nire lanak erosteko aukera ematen da, bertan.

Zein asmo dituzu?
Abian jarri dugun web orria hornitu eta bestetik, egurra estanpatuz puzzleak egiteko asmoa dut. Esperimentatzen ari naiz. Haurren geletarako laminak ere osatzen ari naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!