5.500 euro baino gehiago, Tolosan tren batean grafiti bat egiteagatik

Ataria 2014ko otsailaren 25a

900 euroko isun bana ordaindu beharko dute bi grafitigilek, eta Renferi, 3.721 euroko kalte-ordaina.

2012ko urtarrilaren 27an gertatu zen. Lau lagun grafitiak egitera joan ziren Tolosako tren geltokira (Gipuzkoa). Geltokian zegoen Aldirietako tren bateko azken bi bagoietan eta makinan egin zituzten pintaketak. Gaur Efe albiste agentziak jakinarazi duen epaiaren arabera, epaitu dituzten bi lagunetako batek eta identifikatu ezin izan dituzten beste bik egin zituzten grafitiak. Epaitu duten beste lagunak zaintza lanak egin zituen, eta argazkiak atera.

Epaitu dituzten bi lagunek onartu egin dute leporatutakoa, eta ados agertu dira zigorrarekin. Kalte delitu baten errudun jo dituzte, baina gertatutakoa aitortzeagatik zigorra arindu diete. Ondorioz, 900 euroko isun bana ordaindu beharko dute bi epaituek, eta, horrez gain, Renferi 3.721 euroko kalte-ordaina eman beharko diote, horri dagozkzion "legezko interesak gehituta".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!