Zertan aldatu da Elkarriko Jonan oraingora?
Hogeita bi urteko aldea dago Elkarri sortu genuenetik. Ordudanik, jarraipeneko lerroa badago elkarrizketa, giza eskubide eta kontsentsuaren alde lan berberean ari bainaiz. Adinarekin gaietan sakondu eta bizipenek ere irakasten dute.
Euskal Herriko egoerak nolako bilakaera izan du Elkarriko garaitik?
Euskal gizartea bi hamarkada hauetan politikaren aurretik joan da. Neurri batean, bizitzen ari garen aldaketa horren ondorioa da. Jendearen eguneroko bizimoduak eragin du aldaketa. Bizikidetza aldetik gizartea aurretik joan da eta hori ona da.
Gaur egun ere gizartea aurretik al doa?
Gaur egun, gizartean bizikidetza normalizatuagoa dago; politikan arazo gehiago dago horretarako.
Bete al zituen Elkarrik bere helburuak?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Eragin ona izeneko testua idatzi nuen eta ni horrekin geratzen naiz. Elkarrik hamahiru urteko lana egin zuen eta Euskal Herriarentzat eragin ona izan zuen, eta bertatik Lokarri sortu zen. Bakea ez genuen lortu epe horretan, baina Elkarriren eraginak jarraitzen du: elkarrizketa eta giza eskubideen aldeko kontzientzia sortu zen.
Guzti honen hazia Leitzarango Autobidearen auziaren inguruan sortu zen, ezta?
Leitzarango Autobidearen gatazkaren bukaera aldera sortu zen Elkarri sortzeko ideia. Auzi hartan, istiluak era suntsitzailean hartzea zein erraza eta modu eraikitzailean hartzea zein zaila zen ikusi genuen. Elkarrizketaren aldeko jarrerak indar gutxi zuela eta horregatik sortu genuen Elkarri 1992an.
Zein da zure kargu-lana Eusko Jaurlaritzan?
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia naiz. Bake eta Bizikidetzarako Plana egin dugu eta bere helburuetako bat, ETAren amaierari bukaera ordenatua ematea lehenbailehen eta bizikidetza bultzatzea da. Iragana, oraina eta etorkizuna landu behar ditugu. Iraganeko memoria eta biktimak, oraingo espetxe politika moduko korapilo eta zailtasunak, eta etorkizunera begira hezkuntzan egin beharreko lan prebentiboa jorratu beharrekoak dira.
Kale borrokagatik hamalau urte betetzen ari zen presoa hil berri da...
Gizarte honetan aspalditik aldarrikatu da presoen dispertsio eta urruntze politika legeriarekin ez zetorrela bat. Kartzelan daudenen giza eskubideak bete behar direla aldarrikatu behar da. Bestetik, jakin behar da gai honek etorkizuneko bizikidetzan ere eragina izango duela.
Zer da zoru etikoa?
Gutxieneko etikoa da. Oso garrantzitsua da herri honetako lau tradizio politikoek partekatzen dugun gutxieneko etikoa zein den jakitea. Gizarte guztietan egon behar du adostutako gutxieneko etikoa. Hemen ez da adostu, baina horretan ari gara.
Ba al dago alderdi politiko guztien prestutasunik?
Bake eta bizikidetzaren ardatz nagusia gizartean dauden lau joera politiko nagusien artean inoiz izan ez den gutxieneko etikorako adostasuna lortzea da, hori da nire lanaren ardatza. Berriro diot: gizartearen eskakizuna da. Gizartea aurretik doa eta lortuko da. Lorpen historikoa litzateke, lau tradizio politikoen artean akordioa lortzea.
Ekainean aurkeztutako Bake eta Bizikidetza Planari 48 iradokizun orokor eta 27 zuzenketa zehatz egin zaizkio... Zein ekarpen izan dituzue?
Jaso ditugun guztiak ezin izan ditugu sartu, batzuek txuria eta besteek beltza ziotelako, baina prozesua eredugarria izan da. Ekainean proposamena aurkeztu genuen eta azaroa bitartean gizarte eragile, talde parlamentario eta hiritarren ekarpenak bildu ditugu. Oso prozesu parte hartzaile eta irekia izan da.
‘Zoru etikoa’ aipatzean, politika eta balio filosofiko-moralak nahastea ez al da arriskutsua?
Politika, berez, etika da. Politikak denen onerakoa izan behar du. Politika etikarik gabe ezin da gorpuztu. Etika politikan denok ados egon behar dugun printzipio txiki batzuez osatzen da. Adibidez: Giza duintasuna printzipio nagusia al da? Bai edo ez? Gizartea horretan ez badago ados... Izugarria izango da, edonork edozer egiteko zilegitasuna duela pentsa dezakeelako. Oinarriak behar dira eta horretarako ez dago adostasunik, gaur egun.
Aro berria ETAren desagerpenarekin lotuta dela aipatu izan da...
Duela bi urte eta erdiko ETAren erabakiak aro berria zabaldu zuen. Berrogeita hamar urtean ETAren bortxakeriaren eragin sozial, politiko eta instituzionala izugarria izan da. Orain bizikidetza eta politikagintzari beste era batera heltzeko aukera dago. Honek ez du esan nahi beste giza eskubideak urratzeko arriskurik ez dagoenik; hori gizarte guztietan dago eta hurrengo belaunaldiek ere erne egon beharko dute eskubideak zaintzeko.
Bizikidetzarako memoria eta berradiskidetzea txertatzea oso zaila da...
Zailena iragana kudeatzea da, baina indar handiena etorkizunak du eta horretan jarri behar dugu gure itxaropena, ilusioa eta bizitza. Baina, beti ere, iraganari bere garrantzia eman behar zaio. Iragana alde batera uzten denean, handik hiru belaunalditara ere birsortu egiten da. El Salvadorreko maren fenomenoaz, duela hogeiren bat urte bukatu zen gerran baino hildako gehiago dago. Bertako ikerlariek diotenez, gerra esperientzia traumatikoa oker barneratzearen ondoriotzat jo dute maren fenomenoa.
Iraganaren kontakizunerako Memoriaren Institutua aipatzen da...
Iraganaren irakurketa desberdinak egongo dira, baina beste gauza bat da, izan ziren gertaera edo giza eskubide urraketak aztertzea. Hilketa edo tortura kasuak izan ziren, eta hauek datu objektiboak dira. Ados jarri behar da hainbat balore etiko oinarrizko batzuetan. Azken hau lortzea zaila izango da Memoria Institutuarentzat, baina hezkuntza aldetik ere lan egiteko asmoa dugu.
Justizia eske Argentinara joan behar izan dute batzuek, torturatzaileak auzipetzeko... Iraganeko tortura kasuak eta gerta litezkeenak ikertzeko bitartekorik ba al da?
Nazio Batuen Erakundeak onartzen duen protokoloa badago, Istanbuleko Protokoloa, bitarteko psikologiko, mediku eta peritajearen bidez, tortura salaketa baten sinesgarritasuna egiaztatzeko.
Lasa eta Zabalaren auzia itxita al dago 30 urte ondoren?
Iraganaz hitz egiterakoan asko dago argitzeko eta horietako bat da GAL. Lasa eta Zabalari gertatutakoa ezagutzen da, baina GALi buruz ez dakigu dena. Hemen prozesua zabaldu beharra dago egia azaleratzeko. Egia jakin behar da eta norbaitek autokritika egin behar du. Ezker abertzaleari eskatzen zaion bezala, beste batzuek ere aitortu beharko dute eragindako minaren bidegabekeria.
Iheslari eta presoen egoera konpontzeko zein izan daiteke proposamena?
Bide legala, hori da dagoen bidea. Langraitzekoek jarraitu dutena, edo Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena. Baita orain EPPK-k onartu duena. Legeak ahalbideratzen du kartzeletako politika beste era batean betetzea: etekin penitentziarioak, bergizarteratze prozesuak... Hori da daukagun bidea eta jorratu egin behar da.
Nafarroako irakasleen jazarpenak, makartismo espainiarraren sorgin ehiza, ez al da oso larria?
Oso larria da eta salatu egin behar da. Badirudi batzuek ez dutela nahi bizikidetza normalizatu batera joaterik.
Hezkuntzak bake prozesuan zein rol izan behar du?
Hezkuntza eragile ia osoak sinatu duen Gizalegez Akordioan oso ondo zehazten da zein den hezkuntzaren zeregina. Bizikidetzarako kultura zabaldu behar da, gure eguneroko gatazkak era baketsu eta elkarrizketatuan konpontzen jakin behar dugu. Giza eskubideak ezagutu eta zergatik errespetatu behar diren jakin behar da.
Azken aldi honetan, biktimek ez al dute jarduera politikoa gehiegi baldintzatzen?
Biktimak eta biktimen elkarte batzuen artean bereizten jakin behar dugu. Biktima elkarte batzuen artean politizazioa dago eta horren inguruan hausnarketa egin beharra dago. Guk hausnarketa hori egin nahi dugu.
Teresa Toda kazetaria 6 urteko zigorra osorik beteta kartzelatik atera da eta Otegik barruan segitzen du. Kazetaritza eta jarduera politikorako askatasuna bermatuta al dago Euskal Herrian?
Nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko ikuspegi historikoa izan beharra dago. Egoera traumatiko batetik gatoz eta orain trantsizioan gaude. Oraindik ez gaude egoera normalizatuan. Ez da normala, lehen legez kanpokoak izan eta gaur egun legezkoak diren arrazoi bategatik norbaitek kartzelan jarraitzea. Normalizazio prozesuan gertaera guzti hauek konpontzea eskatzen dugu.
Su-etenaren ondoren, herritarrek ez dute aurrerapauso handirik sumatu bakegintzan. Ba al dago norbait bakea interesatzen ez zaionik?
Euskal arazoa ez da berdin ikusten euskal gizartetik eta Espainiakotik. Ez eta ere euskal politikagintzatik edo Espainiakotik. Espainiako komunikabideetatik beste interesak daude jokoan. Euskal gizarteak, politikagintzak, komunikabideok... jabetu behar dugu guri dagokigula guzti hau bideratzea, kanpotik etorri daitekeen norbaiten zain egon gabe.
Tantaz Tanta manifestaziorako deialdiaren debekuari Euskal Herritik emandako erantzuna horren eredua izan daiteke, ezta?
Egoera larriari erantzuteko alderdien arteko akordioa izan zen. Egoera oso ondo bideratu zen. Gizartea ezin da, detentzio eta manifestazio debekuez horrelako kinka zalapartatsuan murgildu.
Bake eta Bizikidetza Plana indarrean jartzeko 2016ko epea aipatu izan duzu...
Legealdiaren epea da. Bake eta Bizikidetza arloan lau tradizio politikoen artean oinarriak adostuta izatea nahiko genuke ordurako.
Joseba Goikoetxearen alarguna, GALen biktima, ezker abertzaleko kide eta ETAko kide izandakoekin ateratako argazkia garai berriaren isla al da?
Etorkizuna islatzen duen argazkia izan zen. Azken aldi honetako irudi eta ekintzen artean garrantzitsuenetakoa izan zen. Argazki horretara iristeko aurretik lanketa izan zen. Bertan egon ziren askok, une hunkigarriak eta aldi berean gertaera historiko batean egotearen sentipena bizi izan zuten. Aurrerapausoa izan zen eta etorkizuna nolakoa izango denaren aurrerapena izan zen.
Besterik...
Etorkizuna ondo bideratzeko iraganean izandako sufrimenduaz hausnarketa kritikoa egitea ezinbestekoa da. Otsailean gaudela kontuan izanik aipatu beharra dago, Ostegun Gizeneko egun batean isilean pasatzen den Martuteneko Elektrako moduko atentatua. Bertan, ETAk, lanera bidean zihoazen bi gazte hil zituen. Josu Leonet Tolosakoa zen eta zaurituak ere izan ziren. Otsailean ere Arratibel eta Gomez Elosegi tolosarrak hil zituzten. Horretan ere pentsatu behar da, etorkizuna eraikitzeko unean. Aitortu behar da eragindako minaren bidegabekeria hori.