Hastear da dagoeneko Ortzadar elkartearen 75. urteurrenaren baitan antolatu duten ekitaldi sorta. Izan ere, inauteriak gerturatu ahala, egitarau zabal horretatik lehen hitzordua izango da datorren astean. Pablo Dendaluzek inauterien inguruan egindako hiru bideo proiektatuko dituzte elkartean asteartetik ostegunera.
Asteartean, 'Tolosako inauteriak' izeneko dokumentala eskainiko dute. 1995. urtean, Joseba Ibarguren, Joxean Otxoa eta beste hainbaten laguntzaz osatu zuen bideoa Dendaluzek. Bertan, inauterien jatorria, ezaugarriak, bitxikeriak eta beste makina bat datu bilzen dira. "Apur bat nostalgikoa da. Inauterietako pertsonai bereizia, erregina eta bestelakoak zeuden garai haietan. Irudi historikoak azalduko dira" bertan.
Asteazkeneko bideoa ere 1995. urtekoa da, eta inauterien ezaugarri garrantzitsuenetako bat jorratzen da: inauterietako musika. "Inauteria ez da ulertzen musikarik gabe, eta musika hori ere ez da ulertzen inauteririk gabe. Inauterietan musika horrek duen garrantziaz hitz egiten du". Luis Mari Gartzia, Tolosako Bandako zuzendari ohia; Iñaki Letamendia, txistulari bandako zuzendaria; Antxon Elosegi, inauterizalea; Luis Angel Tarragona, konposatzailea; edota Carlos Muñoa, hainbat txarangetako zuzendaria dira bideo horretako protagonistetako batzuk.
Hirugarren eta azken bideoa ostiralean eskainiko da, eta inauterietan garbiketa lanen nondik norakoak azaltzen ditu. "Egunez egun, Kaldereroetatik hasi eta asteazkenera bitarte, egunez eta gauez garbiketa nola bideratzen den erakusten du bideoak" azaldu du Dendaluzek, eta lan horretan ibiltzen den 50 laguneko taldeari nolabaiteko "omenaldia" egite aldera antolatu dute bideo emanaldi hori. "Ez gara ohartzen etxera joatean kalea zeinen zikin dagoen, eta irtetean zeinen txukun. Normaltzat jotzen dugun zerbait da, baina ez da. Horren atzean lan asko dago" dio tolosarrak. Bideoa, gainera, 2011. urtean grabatu zuen udaletxearen eskakizunez, baina orain artean "estreinatu gabea" dela azaldu du: "inork ez du ikusi, ez da zabaldu. Ikusgarria da".
Bideo emanaldi guztiak 20:00etan izango dira Ortzadar elkartearen egoitzan, Agintari Kalean, eta herritar guztiei gonbita egin die bertaratzeko.
Horrez gain, 75. urteurrenari begira, Pablo Dendaluze elkartearen inguruko dokumental bat prestatzen ari da, 'Gure bigarren etxea' deiturikoa. Bertan, elkartearen inguruan ibilitako hainbaten adierazpenak jasotzen ditu. Bideo hau, baina, maiatzean estreinatuko da.