Inauteriek hartzen dituzte Tolosako kale, txoko eta buru guztiak, suziriaren hotsa entzuteko hain denbora gutxi falta denean. Et Incarnatus orkestrak ere festa-doinu horiei beren ukitua eman, eta Tolosako inauteriak Leidorrera eramango ditu hari intimo bati tiraz, datorren otsailaren 21ean. 2005. urtean eskainitako kontzertu eta diskoaren jarraipen modukoa izango da, eta Migel Zeberio zuzendariak (Tolosa, 1966) emanaldia edonor hunkitzeko modukoa izango dela dio. Bertaratu nahi duenak, beraz, eskuragarri ditu, jada, sarrerak, www.kutxasarrerak.net atarian.
Datorren astean Troika emanaldia eskainiko duzue Tolosan. Duela 9 urte egindakoaren jarraipen moduko bat izango al da?
Disko hura argitaratu eta, haren aitzakian, emanaldi bat egin genuen orduan; egia esan, inauterietan emanaldi bat egiteko ez da aitzakia handirik behar. Baina bai, egia da, abiapuntu moduan disko hartako materiala hartu dugula eta, halaber, pasatu den denbora tarte horretan ere zenbait gauza aldatu, luzatu eta gehitu ditugula. Aurrekoarekin zerikusia izango du, beraz, baina berrikuntzak ere izango dira. Inauteria bera ere, urtero betikoa izaten da, baina, era berean, berria.
Berritasun horretan, kantu gehiago egokitu dituzue orkestrarako, ezta?
Badira 2005eko kontzertu hartan eskaini ez genituen zenbait pieza, eta urte horietan guztietan eskaini izan ditugunak: Isabelita, Neskatil poxpolin edo Felipe Gorritiren bi pieza, esaterako. Gorriti musikagilea zen, Tolosako organo jotzaile eta kaperako maisu izan zena; XIX. mendearen bukaeran inauterietarako sortutako pieza pare bat berreskuratu dugu, eta orkestrarako moldaketaz gain, kantuz ere jantziko dugu, Karlos Linazasororen hitz berriak erabiliz.
Musika ezinbesteko elementua da Tolosako inauterietan.
Tolosako inauteriak zerbait berezia baldin badu, musikak duen lehentasun hori da. Musika hori, hein handi batean, saltoka ibiltzeko musika da eta, bestela, XIX. mende bukaerako kutsua duena, urteen poderioz hor geratu dena. Musika horren guztiaren orkestrarako moldaketa oso intimoa dela uste dut, eta edonork entzunda, tripak nahasten dizkiola. Moldaketak oso interesgarriak izanda ere, berez dira doinu horiek erakargarri. Gainera, ez dut uste herriko musika berezia orkestra baten moldeetara egokituta duen leku asko izango denik; hori ere bitxia da eta, uste dut, zortea dugula. Guk ilusio horrekin prestatu eta landu dugu guztia, eta hori helarazi nahiko genuke.
Esan daiteke tolosarren inauteri gose hori asetzeko balioko duela kontzertuak?
Nik, gonbita egiteko garaian, hainbat erregistro azpimarratuko nituzke. Dudarik gabe, kaleko giroa, kaleko giroa da, eta emanaldiak horrekin zerikusirik ez du; hori, argi. Baina, azken finean, musikek eta ospakizunek, guregan halako arrasto moduko bat uzten dute; arrasto hori, gero, norberak bere erara identifikatzen du. Norbaiti horrelako zerbaiten oihartzuna testuingurutik kanpo iristen zaionean, hunkidura sortzen dio sarritan; adibidez, kanpoan bizi zarela zure hizkuntza entzuterakoan gertatzen da hori. Nik uste dut kontzertuak baduela gaitasun hori, eta festatik kanpo oso gertukoa den zerbaiten hunkidura hori sor dezakeela. Bitxia da, gainera, izan ere, normalean orkestra baten hizkuntzatik kanpo geratzen den musika eta jai bat da. Nori irits dakiokeen hunkidura hori? Bada, edonori: inauteri gosean dagoenari; inauteriak iraganeko zerbait bezala bizi dituenari; edo bizipen horiek oso bestela jaso izan dituen gazte bati, adibidez. Edonorentzat oso hunkigarria izan litekeela uste dut.
Oholtzan zer ikusi ahal izango da orkestraz gain?
Kolaboratzaile asko izango dira eta, aurrekoan egin genuen modu berean, inauteri giro hori dosi txiki batzuetan Leidorrera ere eramango dugu. Horretarako, Tolosan urte askotan inauteri-giro hori sustatu izan duen Zaldunita talde beteranoa izango da gurekin, zertzelada batzuk emateko. Halaber, garai bateko irudi batzuk ere proiektatuko ditugu. Beraz, ikusterraza izango da emanaldiaren haria, dramatizazio pixka batekin-eta. Hunkidurarako, festarako, barre egiteko eta hainbat gauzatarako unea izango da.
Doinuek berezko erakargarritasuna izan arren, musikari moduan apustu handia da inauteriak horrelako formato batera eramatea, ezta?
Urteen poderioz, azkenean usaina hartzen diezu horrelako gauzei eta badakizu zerk funtziona dezakeen eta zerk ez. Kasu honetan, lan hau zuzenean jendearen hezur-muinetara iristeko modukoa da. Apustu handiagoa, nire ustez, horrelako emanaldi bat egitearena da, egungo egoera ikusita. 30 lagunen lana kinkan jartzen da, nahi genukeen adina ikus-entzule etorriko diren edo ez ez dakigunean. Erantzun ekonomiko hori ere oso garrantzitsua da, noski, eta hori da ausardiarik handiena une honetan. Ilusio hori badugu, ordea, eta honakoa transmititu nahi dugu: edozein joanda ere, Bonberenean ibiltzen den gazte bat nahiz 80 urteko emakumea, momentu bikain bat pasatuko dutela. Hori saltzen dugu, eta ez dut uste kea saltzea denik.
_____________________________________________________________________________________
Inauterien hunkidura 30 lagunen eskutik
30 lagun inguru bilduko dira, otsailaren 21an, Leidorreko oholtzan. Et Incarnatus orkestrako 20 musikariez gain, hitzordurako bereziki bildutako bakarlari nahiz gonbidatuak ere igoko dira oholtzara. Horrela, Xabier Ormazabal (bajua), Miren Garikano (sopranoa), Asier Gonzalez (perkusioa), Joxe Ramon Garikano (txistua) eta Xabier Berasaluze Leturia (panderoa) bertako musikariekin batera, Erlantz Fernandez eta Beñat Isasti tronpetariak, Ana Otxoa sopranoa, Natxo de Felipe kantaria, Gorka Benitez saxo eta flauta jotzailea eta Enrike Solinis gitarrajolea ere Leidorrera bertaratuko dira. Era berean, Zaldunita taldeak inauterien umorea eramango du aretora.
2005eko Troika diska abiapuntutzat hartu, eta pieza berriez gozatu ahal izango da. Horrela, Felipe Gorritiren Segismunda habanera, Jota eta Himno al carnaval kantuez gain, Isabelita, Neskatil poxpolin eta Hiru damatxo doinuen moldaketak ere eskainiko dituzte. Aipatzekoa da, Karlos Linazasorok sortu dituela Gorritiren bi abestietako hitzak.
Aurrerapena. Inauterietako Neskatil poxpolin abestiaren moldaketa ederra hemen ikusgai.