Kirol instalakuntzetan desfibriladoreak edukitzea beharrezkoa izatea eskatu du Urtzi Gurrutxagaren anaiak

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 12a, 10:59
Enetz Gurrutxaga, duela hamar egun zendu zen Urtzi Gurrutxaga futbol jokalariaren anaiak, futbol zelai guztietan desfibriladoreak egoteko eskakizuna zabaldu du. Change.org webgunean sinadura bilketa bat abiatu du, eta 8.000 lortu dituzte dagoeneko. Honen inguruan mintzatu da Ataria irratian.

Hamar egun igaro dira Urtzi Gurrutxaga Tolosa CFko kapitaina zendu zenetik. 26 urteko ormaiztegiar gaztea, Tolosaren eta Berioren artekako partida jokatzen ari zela, lehen zatiko hamabigarren minutuan bihotzekoak jota lurrera erori zen. Anbulantziak bertaratu eta erreanimazio ariketak egin eta Donostia Ospitalera eraman zuten arren, ezin izan zuten ezer egin.

Bada, Urtzi Gurrutxagaren sendiak uste du ezbeharra gertatu zen lekuan bertan, hau da, partida jokatzen ari ziren Donostiako futbol zelaian, desfibriladorea izango balute, zerbait egiteko aukera egongo litzatekeela. Hori dela eta, kirol instalazio guztietan desfibriladorea izateko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. (Sinatzeko, hemen: http://chn.ge/1hcbo7h).

Batetik, idatzi bat zabaldu du familiak sare sozialen bitartez, euren mina, kezka eta eskaera eginez. Horrelako ezbeharren aurrean errudunen bat aurkitu nahi izaten dela aitortzen dute, eta nahiz eta ez den hori euren helburua, galdera bat luzatu gabe ezin dute utzi: «Zer gertatuko litzateke futbol zelaian desfibriladore automatikoa izango balute?». Agian, zelaian bertan desfibriladorea egongo balitz zerbait gehiago egiteko aukera egongo litzatekeela uste du familiak: «Izan ere, horrelako kasuetan, hil ala bizikoa da azkar erreakzioanatzea, baina ez hamar minututan, Urtziren kasuan gertatu moduan, baizik eta, minutu bat edo bitan».

Horregatik, gaur egun EAEn dagoen legedian Eusko Jaurlaritzak aldaketa bat egin dezala eskatzen dute, eta derrigortu dezala kirol instalakuntza gustietan desfibrilafore automatikoak egotea: «Ez dugu uste diru kopuru handiaz ariko ginatekeenik hitz egiten, eta, gainera, diruario ez litzaioke garrantzia eman behar bizitzak salbatzeaz ari garenean».

Sinadura bilketa
Idatzi hori zabaltzeaz gain, Urtzi Gurrutxagaren sendiak eta gertukoek sinadura bilketa jarri dute abian, Jaurlaritzari eginiko eskaera zehatz batekin: desfibriladore automatikoak derrigorrezkoak izan daitezela aurrerantzean kirol instalakuntzetan. change.org webgunearen bitartez jarri dutee abian ekimena, eta nahikoa da izen-abizenak, emaila eta sinatzailearen kokalekua jartzea sinatzeko. Astelehenean hasi ziren bertan sinadurak biltzen, eta atzo erredakzioa ixterako 8.035 pertsonek eman zuten atxikimendua.

 
 

Enetz Gurrutxagak zabaldutako mezua:

Ezjakintasunetik idazten dut, baina mina, inpotentzia eta bihotzean sekulako hutsa sentitzen dut nire anaia galdu dudanetik. Berriro diot ezjakintasunetik idazten dudala, ez bainaiz medikua eta ez baititut medikuntzaren inguruan nahikoa jakintza.

Igande hartan, nire bizitzaren parte bat joan zen, inioz itzuliko ez dena. Nire umeak munduko osabarik hoberena galdu zuten. Nire koinatak bere maitearekin hasitako bizitza proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogo guztia galdu zuen.

Badakit honelako ezbeharretan errudun bat aurkitu nahi izaten dela, baina ezin dut saihestu. Nire buruari galdetzen diot ea zer gertatuko zatekeen futbol zelai hartan desfibriladore eramangarri bat izango balute. Irakurri dudanaren eta esan didatenaren arabera, beharrezkoa da minutu gutxitan erreakzionatzea. Nire anaiak 10 minutu itxaron behar izan zituen.

Nire haserrealdi bat dirudi, eta baliteke horrela izatea, baina mina eta amorrua tripak jaten ari zaizkit. Ez naiz nire sentimentu eta pentsamenduak sare sozialetan partekatzearen aldekoa, baina kasu hau ezberdina da, eta horrela sentitu dut.

Badakit ezerk, ez inork ez didala nire anaia itzuliko, baina deialdi bat zabaldu nahiko nuke. Ez dakit zein ate jo behar dudan. Ez dakit nori galdetu behar diodan. Baina kirol instalakuntza guztietan desfibriladore eramangarri bat izatea beharrezkoa izatea eskatzen dut. Ez da diru kontua, ez dudalako uste dirutza bat balio dutenik. Gainera, ze axola du diruak biziak salbatzeari buruz hizketan ari garenean! Une honetan, nirea emango nuke nire anaiaren irrifarra berriro ikustearren.

Ez dakit zerbait lortuko dudan idatzi honekin, baina hustu naiz eta lasaiago nago. Nire anaiaren heriotzak, eta desfibriladore hauen erabierak beste askorenak saihesteko balio izango duela pentsatu nahi dut.

Urtzi, ez zaituz inoiz ahaztuko. Maite zaitut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!