Osasun publikoaren aldeko manifestaziora joateko deia egin du Tolosako EH Bilduk

Ataria 2014ko otsailaren 10a

Mikel Arreseigorrek, erdian, hitz egin du Tolosako EH Bilduren izenean
Larunbatean, hilak 15, 12:00etan Tolosako Trianguloatik abiatuko da manifestazioa. Osasun publikoa gizarteari dagokion eskubidea dela nabarmendu du alderdiko Mikel Arreseigorrek.

Tolosako EH Bilduko Mikel Arreseigorrek osasun publikoaren aldeko aldarria egin du eta Tolosaldeak osasun arloan pairatzen duen egoera salatu. Izan ere, Arresegoirrek esan duenez, Tolosaldea da Euskal Herria osoan ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra. Hau guztia salatzeko, larunbatean, hilak 15, 12:00etan Trianguloatik abiatuko den manifestaziora joateko gonbita luzatu die herritarrei.

Era berean, 2011n Tolosaldeko Osasun zerbitzuaren kudeaketa Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren esku geratu zela gogoratu du, eta hitzarmena aztertu ondoren, EH Bilduren ustez "agerian geratu da Osasun sailak joera nabarmena duela osasun sistema publikoak dituen baliabideak husteko eta zerbitzu publikoak desegiteko". Invizak diru publikotik 20 milioi euro jasoko dituela ere nabarmendu du.

Horiek horrela, eskualdeak bitartekoak behar dituela eta bikoizketak ekidin behar direla onartu du, baina EH Bilduren iritziz, onartezina da "ardatz moduan eskaintza pribatua erreferentzia moduan hartzea". "Horrek osasun publikoaren pribatizaziorako bidean jartzen gaitu", esan du.

Ildo horretatik, EH Bilduko ordezkariak esan du Tolosaldea izan daitekeela euskal osasun arreta publikoa enpresa pribatuen esku uzteko esperimentuaren lehenengo urratsa, eta EAJk hori defendatzen duela esan du. "EH Bilduk aldiz, defendatzen duen eredua erabat kontrakoa da; progresiboki, Osakidetza kanporatzen joan den zerbitzu guztiak kudeaketa eta kontrol publikoari berriro itzultzea, eta enpresa pribatuetan dirua inbertitu ordez, azpiegitura publikoak indartzea", esan du.

Bukatzeko, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundearen lana "ikaragarria" dela esan du: "TOPA plataformaren eraketa eta lana ikaragarria izan dira herritarrak informatzen eta salaketak egiten, eta herritarrak ere sinadura bilketa eta manifestazio arrakastatsuetan emandako erantzuna txalogarria izan da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!