Hondakinen kudeaketaren inguruko batzarra, hilaren 12an

Ataria 2014ko otsailaren 10a

Idema Ingurugiro Ingeniaritzak ekainean hasi zuen Tolosako hondakinen kudeaketarako sistemen arteko konparaketa azterketa egiten, eta jada hirugarren fasera iritsi dira.

Hirugarren fasean hiru bilketa sistemen arteko alderaketa egin dute, eta horren berri emateko batzar irekia egingo dute asteazkenean, hilak 12, 19:00etan, Topic-en.

Udalaren iritziz, ezinbestekoa da gaiaren inguruan herriarrak informatzea, eta horregatik gonbidatzen ditu tolosarrak batzarrean parte hartzera. Azalpenak alkateak  berak eta Idema enpresako kideek emango dituzte.

Azterketak lau fase ditu; lehenengoan gaur egungo egoeraren diagnosia egin zuten, bigarrengoan bost bilketa sistema konporatau zituzten, eta hirugarrengo honetan hondakinen bilketa sistemarako jarraipen batzordeak aukeratutako hiru sistemak aztertu dituzte. Hau da, nahitaezko bost edukiontzietan oinarritutako sistema, bilketa sistema komunitarioa eta atez ateko sistema konparatu dituzte.

Bete beharreko helburuak

Sistema bat aukeratu edo bestea, honek zortzi puntu behar ditu:

1.- Ahalik eta gehien murriztea hiri hondakinak.

2.- Gaika ahalik eta hondakin gehien biltzea: ezartzen den  momentuan %60-70, eta bi urteko epean kopuru hori %70-90ra iristea.

3.- Gaika biltzen dena kalitate onekoa izatea.

4.- Errefusa kopurua ahal bezain beste murriztea.

5.- Ereduak udalerriko auzoen izaera eta ezaugarriak kontuan hartu beharko ditu.

6.- Jasangarritasunari buruzko beste faktore batzuk kontuan hartzea, esaterako, bizitza-zikloa, edo CO2 isurketak.

7.- Gaikako bilketa herritar guztien ardura eta betebeharra izan behar du.

8.- Gaur egungo egoera, bilketa maila, azpiegiturak eta herritarren ohiturak kontuan hartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!