Hasi dituzte Amaiur parkea estali eta konpontzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 10a, 11:26
Tolosako Amaiur parkean zorua aldatzen eta jolasak aldatzen hasi dira gaur. Era berean, parkea estaliko dute herritarren eskaerei jarraituz.

Amaiur parkea itxita dago gaurtik aurrera. Udalak esan duenez, batetik parkea estaliko dute, eta bestetik zorua aldatuko dute eta jolasak konpondu. Zehazki 365 metro koadroko estalpea jarriko dute parkean.

Proiektuaren aurrekontua 110.000 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak tokiko ekonomiak dinamizatzeko eta tokiko inbertsioak bultzatzeko planaren barruan emandako diru laguntzari esker finantzatuko dute. Aurreikuspenen arabera lanak hilabete bateko epean egingo dituzte, eta bi fasetan banatuko dituzte. Batetik, inauterien aurretik estalpearen oinarriak jarriko dituzte eta jolasak konpondu, eta bestetik, lurra aldatuko dute eta estalpea jarri.

Era berean, Foru Aldundiak sustatutako enplegu planaren bidez, bost pertsona kontratatu dituzte lanak egiteko eta udaleko langileen bigrada indartzeko. Bi helburu beteko dituzte beraz: enplegua sortzea eta kostua murriztea.

Amaiur parkea 2005ean egin zuten eta egun Tolosako erabilienetako bat da. Udalak esan duenez, 2014ko aurrekontuak osatzeko herritarrei egindako galdeketan, behin eta berriz errepikatu zuten herritarrek jolas tokiak estaltzearena, eta hori dela eta udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako laguntza proiektu honetara bideratzea erabaki zuen.

Lanak orain egingo dituzte parkea gutxien erabiltzen den urteko sasoia delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!