"Gure helburua jendea zinematik galdera berriekin ateratzea da"

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 9a, 15:00
Astelehenean, 20:30ean, Tolosako Leidor Zinema Aretoan estreinatuko da 'Asier eta biok' filma. Gainera, bertan izango dira Amaia eta Asier Merino anai-arrebak eta filmaren zuzendariak ikusleekin solasalditxo bat izateko. Eta ikusle eta zuzendarien arteko elkarrizketan moderatzaile lanetan Martxelo Otamendi ariko da. ATARIAk Amaia Merinorekin eta Aitor Merinorekin hitz egin ahal izan du, pelikulak izan duen harreraren eta beste hainbat konturen inguruan hitz egiteko. Aitor Merinorekin izan dugun solasaldia duzue hemen entzungai.

Zergatik jon beharko lukete eskualdeko herritarrek filma ikustera?
Alde batetik, asko istorio honen protagonista sentituko direlako. Bestetik, gatazka politiko baten ondorioz arriskuan jartzen den adiskidetasun bati buruz hitz egiten delako. Eta batez ere, ondo pasako dutela uste dudalako; nahiz eta, zenbait unetan mina sentitu. Pelikula oso erraz ikusten da, eta gure helburua jendea zinematik galdera berriekin ateratzea da.

Eta lortu duzue?
Beti esan izan dugu filma kanpotarrentzat egina dagoela, baina, jada ez nago hain ziur! Guk beti diogu han zero azpitik hasi behar duzula Euskal Herriko egoeraren inguruko azalpenak ematen. Zeren bai prentsa eta baita estatua ere saiatu izan dira urteetan gauzak txuri-beltzean azaltzen, baina, gure helburua jendeak hausnarketa hau egitea da: nik dudan iritzia ez ote da aurreiritzi batzuetan oinarrituta egongo? Hortaz, nahiz eta, pertsona mota hauengana zuzenduta egon filma, Euskal Herriko zenbait pertsonengan ere eragiten ari gara. Aitor eta ni Euskal Herritik kanpo bizi gara eta konturatu gara, Euskal Herrian min asko egon denez, zenbait pertsonek begiak itxi eta aurrera egin dutela minik ez sentitzeko. Nik neronek ere egin izan dut hori. Eta filma honekin gogorarazten dugu, min asko dagoela bai estatuan, baina, batez ere min handia bizi dela Euskal Herrian ere.

Zer harrera izan du filmak hemen? Eta hemendik kanpo?
Euskal Herrian harrera oso ona izaten ari da. Hiriburuetan harrera izugarri ona izan ostean, orain bestelako herrietara ere zabaldu dugu. Interes asko piztu du. Kanpoan aukera askoz gutxiago izan ditugu filma zabaltzeko. Madrilen, esate baterako, areto txiki batean egon da eta dago pelikula eta ia egunero bete izan da aretoa. Katalunian ere egon da. Baina, orain gure helburua leku gehiagotara iristea da. Bai aretoetara, baina, baita DVD edo bestelako bide batzuk bilatuko ditugu filma zabaltzeko, zeren guri interes hori hel zaigu.

Helburuak betetzen ari zarete, hortaz?
Hasiera batean, ez dugu lortu, esate baterako, estatu mailan estreinaldi handi bat egiteko helburua. Aitortu behar da gure taldea txikia dela eta zinemaren egoera ere ez dela hona. Bestalde, gure beste helburuetako bat, estatuko prentsan filmaren inguruan hitz egitearena, bete da. Pelikulak prentsan ere interes handia piztu du eta guk hori oso positiboki baloratzen dugu. Zeren pelikulak duen ikuspuntuaren erabateko kontrako jarrera izan dezaketen komunikabideek ere errespetuz landu dute gaia. Honela, ezkerreko ideologia duten pertsonek irakurtzen dituzten egunkariek gai 'tabu' hau lantzen hastea lortu nahi izan dugu. Ikus dezatela ondo dagoela Palestina, Sahara edo Afganistan bezalako herrialdeen alde lan egitea. Baina,beraiek euren herri kontsideratzen duten honetan, ikaragarriak diren gauza asko gertatzen direla konturatu behar dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!