Karlos Linazasoro: "Nik nire literatura egiten dut eta ez nago prest aldatzeko"

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 7a, 15:25
Idazle tolosarrak Pamielako gazte literatura sailerako idatzi du A zer lau elementu!. Jolas-liburu bat da; poemez, esaldi umoretsuez, antzerkiz eta hitz eta burutazio bitxiz betetako kutxa edo gordailua. Haria lau elementuak dira: sua, lurra, airea eta ura.

Zer aurkituko du irakurleak A zer lau elementu liburuan?

Naturaren lau elementuak. Sua, lurra, ura eta airea oinarri hartuta hausnarketa bat aurkezten dut. Lau elementu horiek baliatuz liburuan denetarik dago: poemak, aforismoak, jolasak, antzerki bat ere badago. Nire liburu gehienak bezala oso liburu hibridoa da, gauza asko daude, baina denak gai horri lotuta.

Gazteei zuzendutako poesia liburua da aurkeztu duzun azken hau. Gazteak hartzaile hartuta berriz ez da poesia askorik argitaratzen…

Bai eta beharrezko pausoa da, jende gaztea poesiara zaletu ahal izateko. Aurrena gauza errazagoetatik hasi beharra dago. Umeentzako euskarazko poemak, jolasak, kantak... idazten dira baina gazteentzat oso material gutxi dago. Zubi lan hori egin beharra dago, bestela nekez bideratuko ditugu euskal irakurleak poesiara. Poesia heldu, jaso, benetako horretara heltzeko gauza errazagoetatik hasi behar da, hasieratik hasi behar da. Horretan ahalegindu naiz liburu honetan, aurretik bestelakoetan egin bezala.

Beste literaturetan, gaztelaniaz adibidez, gazteei zuzendutako poesia badago. Poeta handiek ere gazteentzako asko idatzi zuten: Garcia Lorca-k, Miguel Hernandez-ek, Becquer-ek, Neruda-k… Euskaraz aldiz, oso gutxi argitaratzen da.

Honela, poema mota ezberdinak aurkezten dizkiozu irakurle gazteari liburu honen bitartez.

Behin gaia erabaki nuenean, ondoren poemak sortzen joan ziren. Poeta normalean errazago moldatzen da poema libreetara, errima libreetara, baina nik tarteka bestelakoak ere egiten ditut: lirak, serbentesioak, sonetoak, haikuak…

Denetatik egingo nuela erabaki nuen. Gazteei erakutsi asmoz, gai batekin poema bat modu askotara egin daitekeela, bai molde zehatz batean eta baita errima librean ere. Eskaparate moduko bat da hortaz honako liburua. Gustura idatzi ditut bai libreak eta baita molde zehatzekoak ere. Bakoitza idazteko mekanika berriz, oso ezberdina da; josietan, adibidez, burua poemaren arkitekturara moldatu beharra dago, esan nahi dena neurri jakin batzuetara errenditu, errima eta silabak kontuan hartuz, besteak beste. Tarteka lan hori gustura egiten da.

Aurkezten duzun eskaparate zabal horretan poesiaz gain bestelako literatura elementuak ere topa daitezke.

Bai literatura ere badiren bestelako elementuak ageri dira. Jolas asko aurki daiteke honako liburuan. Aforismoak asko gustatzen zaizkidanez, gure betiko atsotitzak hartu eta lau elementuekin zerikusia dutenei buelta bat eman diet, beste esanahi bat aurkituz. Hiztegi bat ere sortu dut. Azken batean hitz-jolasak dira liburuan aurki daitezkeenak.

Gai nagusia naturako lau elementu horiek direla aipatu dugu, baina bestelako gaiak ere azaltzen dira zure azken liburu honetan.

Lau elementu horiek oinarri haurtuta maitasunezko poema dezente ere badaude, beste batzuk jolastiagoak, beste batzuk umoretsuagoak, sakonagoak ere badaude, ikutu filosofikoagoa dutenak ageri dira... Gaiak ematen du, eta lau elementuen mundu horrek asko du filosofia eta mitologiatik, umorea ere erabil daiteke. Liburuan azaltzen den antzerki txikia umoretsua, fantastikoa dela esan daiteke.

Generoaren antolaketa nola burutu duzu?

Launaka pentsatuta dago. Poemak esaterako, lau soneto, lau lira, lau serbentesio eta lau haiku dira. Elementu bakoitzari poema bat eskaintzen diot. Liburuaren egitura hori da. Launaka, taldeka pentsatua dago.

Liburua potologoa zen, ipuinak ere bazeuden, baina azkenean garbiketa txiki bat egin genuen.

Azalaren diseinua Antton Olariagari dagokio. Nolako lanketa eskatu du?

Anttoni portadako marrazkia egiteko eskatu nion. Liburua pasa nion, irakurri zuen eta orduan bere lanketa hasi zen. Nik oso zaila ikusten nuen marrazki bidez lau elementu horiek irudikatzea, beste erregistro bat maneiatzen dudalako. Berak asmatutakoa oso portada polita iruditu zitzaidan. Lau elementuak azaltzen dira bertan, itsasoa ikusten da, airea, sua eta lurra ere ageri dira, soka bidez lurrera kateatuta ageri dira azaleko bi gazteak.

Karlos Linazasororen produkzioa agortezina da. Euskal idazlerik emankorrenen artean kokaturik zaude, baita anitzenetakoa ere hartzailea eta generoa kontuan hartuta. Nolakoa da sormen lan hori? Nola aukeratu hartzailea eta baita generoa ere?

Gauza luzetan ez naiz jarduten. Nobela esaterako ez da nire genero gustukoena, ez naiz nobelazalea. Nobela idazteko nik ez daukadan denbora, patxada eta interesa behar da. Gazteentzako nobelak idazten ditut baina horrek ez dit denbora askorik kentzen.

Gehien bat gauza laburrak idazten ditut: poemak, ipuinak, aforismoak, haur eta gazte literatura, egunerokoak… Horietan eroso eta gustura sentitzen naiz, bizitzeko behar dudan patxada eskaintzen baitidate.

Nola aukeratu egin beharrekoa? Tarteka aritzen naiz. Beti hiruzpalau koaderno ezberdin hasita izaten ditut. Adibidez, udaran bi hilabete pasa ditut aforismoak idazten. Nekatu naizenean, poemei heldu diet, horiekin nekatu eta orain mikro-ipuinak idazten ari naiz. Gauza batekin nekatzen naizenean beste bati heltzen diot. Beti zerbait hasita, esku artean, eduki behar izaten dut, bestela agobiatu egiten naiz. Bi hilabete baino gehiago gauza berarekin ere ezin dut pasa, aspertu egiten naiz. Gauza bat bukatzen dudanean, beste bati ekiteko gogoa pizten zait, beti pentsatzen dudalako azkenengoa aurrekoa baino interesgarriagoa dela. Aurreraka egitearen etengabeko ihesa da. Egunen batean norabaitera iritsiko gara!

Aforismoak idazterako orduan, burua horretan jarri behar izaten da, aforismo liburuak etengabe irakurriz. Poemak idazterako orduan berriz, norberaren betiko gaiak azaltzen dira, poesiak zu aukeratzen zaitu eta poematan zure betiko kezkak, obsesioak azalduko dira: natura, maitasuna, denboraren iheskortasuna…. Gai unibertsalak dira, ez dago besterik. Norberari barrutik ateratzen ez zaion horri buruz ezin da idatzi. Idazlea benetakoa baldin bada, gaiak ez dira aldatzen idazle horrengan.

'Tripoli dokotorea' da Durangoko Azokara begira kaleratu zenuen honen aurreko liburua. Kontatu liburuaren berri.

Gazteei zuzendutako ipuina da; absurdoa, umore beltza eta fantasia dago gehien bat. Anbulatorio batean gertatzen diren hamar kasu azaltzen dira; bertan sortzen diren egoerak ezin bitxiagoak dira, baita pertsonaiak ere. Oso azkarra da, dialogatua. Gazteei zuzenduta dago baina eskakizun maila bat daukanari bideratuta dago honako liburua; lerro artekoan azaltzen diren keinu eta umorea harrapatzeko ezinbestekoa. Elkar argitaletxeak liburua kaleratzeko garaian, liburua irakurle gazte trebatuei zuzenduta zegoela kontuan hartu zuen.

Azken hau Elkar argitaletxearekin kaleratu zenuen, A zer lau elementu Pamielarekin… Argitaletxe ezberdinekin lan egitera ohituta zaude.

Ilusioa egiten du aldatzeak. Elkar, Pamiela, Erein, Alberdania (desagertu berri). Ezin ditut liburu guztiak argitaletxe berarekin kaleratu, bestela argitaletxe horrek porrot egingo luke! Horregatik egiten dut banaketa, zorrak denen artean banatzeko (barreak). Egia esan argitaratzen didate eta baita eskatu ere.

Kontu ezberdinak dira liburuaren kalitatea eta salmenta maila. Salmenta kontuetan ez naiz sartzen. Nik liburua idatzi eta hortik aurrerakoek ardura gutxi sortzen didate. Noski gustatuko litzaidakeela asko saltzea, baina hori ez dago nire esku. Nik nire literatura egiten dut eta ez nago prest aldatzeko. Idazlea, gauza guztien gainetik, duina izan behar da bere buruarekin. Iristen bada ondo, ez bada iristen uzteko aukera dauka. Ni ez nago aldatzeko prest.

Iñigo Astizen 'Irakurlea irakurtzen' artikulua, euskarazko literaturari buruzko azterketa, Berrian kaleratu berri da, Harkaitz Zubiriren Uztaro aldizkarirako egindako lanketa oinarri hartuta. Bertan euskarazko literaturak 15.000-20.000 irakurle sutsu dituela aipatzen da. Zure iritzia bestelakoa da berriz.

Niri galdetu zidan eta nik esan nion nire kalkuluen arabera 35 irakurle ditudala. 36 ditudala esango dut orain: 6 Tolosaldean, 6 Goierrin, 6 Donostialdean eta 6 Nafarroan, 6 Araban eta 6 Bizkaian. Guztira beraz 36 irakurle. Ez dut uste oso urruti ibiliko naizenik.

15.000-20.000 sutsu horiek hala badira zorionekoak gu baina nik ez ditut ikusten. Liburutegian lan egiten dut, urte asko daramazkit liburutegian lanean, lagun idazle asko ditut eta datu zehatzik ez badut ere, badakit zer irakurtzen den. Tolosa inguru euskalduna izanik, gure liburutegian 10 liburutik 1 baino ez da euskaraz irakurtzen, beti ere, jende helduaz hitz egiten ari garela. Kopuru berbera mantendu da azken urteotan. Gaztelaniaz gutxi eta gaizki irakurtzen da; euskaraz gutxiago baina maila jasoago batean. Argitaletxeak ere kexaka daude. Tolosako irakurle taldean 10-12 bat lagun biltzen dira, eta horiek dira irakurle sutsuak, idazlearekin jarduteko aukera dutenak, benetako interesa duen jendea.

Eskoletan sartzen diren liburuak ezin dira sutsutzat hartu. Irakurle behartuak baitira horiek. Baina datuak 15.000-20.000 irakurle sutsu daudela esaten badu, bejondeigula! Hori bai, beste eskualde batean izango da, hemen ez behintzat.

Haur liburutegira joan eta ume eta gazte pila euskaraz gustura euren kasa irakurtzen aritzen dira, 14 urte arte. Hortik aurrera eten bat gertatzen da nerabezaroan, mila kontu tartean izango dira: hormonak, maitasuna, teknologia... Oso irakurzalea zena, helduen liburutegira ez da pasatzen. Bat-batean irakurtzeari utzi egiten dio. Oso jende gutxik benetan irakurtzen jarraitzen du. Zergatik gertatzen den? Oraindik inork ez dio erantzunik eman. Eskaintza kontuagatik ez da izango, euskal literaturak eskaintza badu, behintzat. Momentu honetan irakurle pila galtzen ari dira.

Arazoak arazo, euskal eskaintza hori hedatu aldera zer proiektuetan dago murgilduta une honetan Karlos Linazasoro?

Udaran azken bost urtetan idatzitako aforismoak biltzen eta txukuntzen aritu naiz. Bukatuta dago aforismo liburua, Elkar-ek udaberrirako kaleratuko du. Dagoeneko maketatuta eta zuzenduta dago. Udaberrian, lehen labealdia, kaleratuko da. Liburu potolo eta sendoa izango da. Aforismoa oso genero kuttuna da niretzat eta ea soinua ateratzen dugun liburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!