Zer erokeria egin duzu?
Ea, ikus dezagun… Oraingoan? (Barreak)
Bai, hori da, oraingoan?
Zer zen ez nekien leku batetan izena ematea.
Nola! ‘El conquistador del fin del mundo’ hiper ospetsua ez al zenuen ezagutzen?
Ez. Egun batean, tabernatik neska batekin atera nintzen, eta bere etxera joan ginen. Istorioaren erdian geundela, gelatik atera beharrean suertatu zen; bi haur zituen eta bat negarrez hasi zen. Bitartean telebista jarri zidan, eta programa hau atera zen. Neskak eta mutilak zeudela ikusi nuen, emozionantea zirudien. Edredoning eta abar egingo zutela pentsatu nuen, eta aukera izanez gero, bertara joango nintzela.
Esan eta egin.
Hernanin txosnak biltzen ari nintzela, San Juanen amaieran, gazte batek casting-a egitera zihoala esan zidan. Berarekin joan nintzen. Bera kanpoan geratu zen, eta ni sartu egin nintzen.
Zenbat lagunek egin zenuten casting-a?
1.950 pertsonak.
Eta zenbat izan zineten aukeratuak?
Berriak, hogeita bi.
Norabide finkorik gabeko 22 lagun.
Oihanera iritsi arte, ez genuen jakin ohian batera gindoazela. Batzuk Patagonia esaten zuten, besteek ez dakit zer...
Bidaian zehar ez al zizueten ezer esan?
Hegazkinez Argentinara joan behar genuela esan ziguten. Aireportuan, jaitsi eta autobus batean sartu gintuzten. Kristalak erabat tapaturik zituen ibilgailuak, plastiko beltzez, ondorioz, ez genuen kanpoko ezer ikusten. 24 orduko bidaia izan zen. Geldialdietan, bertako jendeari guri ezer ez esateko aipatzen zien. Lehiaketa aireportuan bertan hasi zen, autobusean sartu orduko, nahiz eta grabatzen ez ziren hasi.
24 orduko bidaiaren ondoren, non agertu zineten?
Iguazuko herrixka batean. Txabola batean sartu gintuzten, banaka. Biluztu eta gure arropak poltsa batean sartu zituzten, ondoren eurenak emateko. Hor jakin genuen gure taldea zein zen. Niri gorria tokatu zitzaidan, Yaguareak. Mutilen ondoren, neskak iritsi ziren, hauek hasieratik beste autobus batean ibili baitziren.
Biluztu, arropa kendu... lehiaketara zerbait sartzea zaila izango zen aurten.
Biluztu ondoren dena ongi begiratzen zizuten. Aurten ezinezkoa zen ezer sartzea.
Taldeak osatu ondoren, zer etorri zen?
Berriro autobusean sartu eta Brasilen eta Uruguay-en arteko mugara eraman gintuzten. Gure taldeak txalupatxo bat zuen zain bertan. Parana ibaia jaisten hasi ginen orduan, baita lehen grabaketekin ere.
Lehiaketa non izango zen orduan jakin al zenuten?
Horrela da. Baina dena txantxa moduan hartzen genuen; zein tximu politak, begira hor zer nolako zuhaitzak... Lehiaketa honen gakoa ezustekoak dira, eta horrekin jokatzen dute lehen unetik. Zerbait galdetu eta inoiz ez zizuten erantzuten.
Julian Iantzi non zegoen?
Ohianaren erdian zegoen grabazio gunean. Berak eman zigun sarrera, eta orduan, ontzitik jaitsi eta beregana joan ginen. Ondoren, beste taldeak iritsi ziren, bakoitza bere modu an. Gunea izugarrizkoa zen, eta alde batera eta bestera begira gelditu nintzen. 10 kamera, muntaia latza, 60 lagun inguru...
Oraindik zerbait falta zitzaizuen, ezta?
Kapitainak, hain juxtu, hori izan zen lehen proba. Guri Korta eta Juanito tokatu zitzaizkigun.
Zergatik jarri zituzten biak talde berean?
Nire ustez, elkarren artean egurra emateko. Korta beste urteetan lehenago joan zen, eta aurten, Juanito jarri zioten ondoan, elkarri bizia eta liskarra emateko.
Galdu, bigarren edo irabazi. Postu bakoitzak bere kanpamendua dauka. Nolakoak dira barruko bizipenak?
Aberatsa ez zen hain aberatsa. Iguazuko presa batean zegoen, eta arriskutsua zen. Presa ur askorekin jaisten zenean, etxola igo egiten zen. Ur gutxiago zuenean hondoa jotzen zuen, eta iraultzeko arriskuan gelditzen zen. Antolakuntzak gau osoan zehar pertsona bat edukitzen zuen zaintza lanetan, bada ezpada. Gauza on bakarra eltxorik ez zegoela zen. Gezurra badirudi ere, ibai baten ondoan egon arren, ez zegoen eltxorik. Bainatzeko eta edateko ura, erreka guztia. Hori bai, beherakoaren aurkako pilulak hartzen ibili behar izan genuen gero.
Beste aukerak zeintzuk ziren?
Txiroa edo ez hain aberatsa, Guaraniekin batera zen. Eurek nahi zutena egiten bazenuen, zertxobait laguntzen zuten, bestela deus. Hara iritsi eta arropa guztiak kendu zizkiguten, gerripekoarekin bakarrik utziz. Kanpamenturik txarrena zen, inork ez zuen bertara joan nahi. Gauean oihanaren erdian ez duzu ezer ikusten, ezta metro batera ere. Soinuak bakarrik entzuten genituen: tximinoak borrokan, sugeak, tigre moduko Yaguareak, txingurriak,...Gero, izugarrizko hotz egiten zuen, hezurretaraino sartzen zen horietakoa. Gaua iraun ezkero, egunez Guaraniak etortzen ziren.
Zintzoak izan zineten ikustera?
Gutxi gora behera. Euren laguntza eskaintzen zuten, baina egun batean gauza bat eta bestean zertxobait gehiago; egun batean fruituak biltzen eta besteak ehizatzen, txantxazko zepoak ziruditen tramankuluekin. Baina harrapatu egiten zuten; harrigarria zen. Izugarrizko eltxo piloa zeuden hemen, eta denok gorputz guztia zulatuta bukatzen genuen.
Ez dirudi oso osasuntsua zenik lekuak.
Ebakuntzak egin behar izan dituzte, anestesia eta guzti. Hori ikusiko da telebistan.
Hirugarrena nolakoa zen?
Oso txiroa izanagatik, bestea baina hobea zela uste dut. Ohianaren erdian matxete batekin uzten zintuzten, baina jantziak eta lo egiteko zakua zeneukan. Estalpe bat egin genuen segidan, soinu asko aterata. Bertakoek, soinu asko egiteko esan ziguten, sugeak uxatzeko. Hemen ere eltxo asko zeuden, izugarri. Probatik izerditan joaten zinen bertara, eta ezin zenuen bainatu, beraz, milaka intsektu etortzen zitzaizkizun gainera. Izerditutako arropa nonbait uzten zenuenean, irentsi egiten zuten, benetan, jan egiten zuten.
Intsektu edo piztien presentzia kontrolaturik egongo zen, ezta?
Zakurraren putza! Hor ez zegoen ezer kontrolaturik. 10 metro baino gehiago ez mugitzea esan ziguten, eta gauez, tigreen edo tximinoen borroka soinuekin esnatze ginen. Eltxoek ziztada egitean, parasito bat sartzen zizuten, eta ikusiko den bezala, arrisku handiak bizitu dira.
Hasierako galdera bera: zer erokeria egin duzu oraingoan?
Pertsona normal bat ez doa horrelako lehiaketa batetara. Niri bezala, zerbait falta edo zerbait soberan duena bakarrik joaten da. Antolakuntzako kideek onartu zuen pasa egin direla. Eurentzat ere gogorra izan da, oihalezko etxoletan oihanaren erdian... pentsa guretzat. Hori bai, giza gorputzak izugarri jasaten duela ikusi dugu.
Guaraniez zer ikasi duzu?
Hasteko, 10 cm inguruko azal gogorra dutela gorputzean. Oinutsik nola ibiltzen diren ikustea izugarria da. Gero, Parana ibaiaren inguruan zabaldutako tribua dela ikasi digu. Gurekin egon direnak, 139 lagun ziren familian. Emakumeek banatzen zuten dena, justizia barne. Txaman edo agure bat zegoen zalantza guztiak argitzeko, eta berak esaten zuenak bakarrik balio zuen. Euren hizkuntza propioa dute, eta bakarrak zekien gaztelera. Ezagutzeko moduko kultura bat da, baina hori bai, beste baldintza batzuetan.
PAPEREKO ELKARRIZKETAREN JARRAIPENA...
Behin lehiaketa amaitzean, zer egiten duzue?
Gorputza oihanera egokituta nuen, eta jateko gogoa baino antsietatea neukan. Hotelean, xerra eta patata purua jan nituen, baina dena bota nuen. Gero pasta, eta berdin. Gauean ezin lo eginik ibili nintzen, nekea izan arren begiak zabal-zabalik nituen. Izozki bat, bestea,... horrela eman nion buelta egoerari. Hurrengo goizean ongi gosaldu, hegazkina hartu eta Buenos Airesera. Bertatik, Madrilera, gero Bilbora eta azkenik, taxi batean etxera.
Zer moduzko elkarbizitza izan duzu beste lehiakideekin?
Orokorrean, oso ona. Baldintza txarretan zaude: hotza, gosea, eltxoak,... Zerbait gustukoa ez baduzu ikusten lehertzea ez da zaila izaten. Pikeak egon dira, ikusiko den bezala, baina gure taldea nahiko jatorra zen.
Eta kapitainekin?
Oso ondo eman naiz eurekin. Kortaren ondoan lo egiten nuen, eta goizeko laurak aldera biok esnatu eta egur bila edo sua egitera joaten ginen, besteak lo utzita. Nik ez dut eurekin inolako arazorik izan, jende gazteagoaren kontuak izan dira gauza horiek. Beste kapitain batekin, aldiz,...
Kapitainak telebistan ikusten diren bezalakoak al dira, edo antzerkia egiten dute?
Korta asto bat bezala da proba dagoenean, aurrera bakarrik egiten du. Berdin dio zuk gauza bat zuria dela esaten badiozu, berak beltza ikusi badu, beltza da. Mirari bat behar duzu berak kasu egin dezan. Gero zuria zela ikusten bada, ez esan zuk hori esan diozula, zeren orduan bera gabe ez genuela ezer egingo eta abar esango dizkizu. Ez du antzerkirik egiten, benetan horrelakoa da. Nik esaten nion, ez naiz harritzen estropadak irabaztea, zeren galduz gero... Juanito lasaiagoa da, baina kamara aurrean gaizki uzten saiatzen baldin bazara, lehertu egiten da. Hori ezin du jasan, eta Kortarekin liskarrak horregatik izan ditu, Ia eskuetara iristeraino.
Ikusten denez, hasierako sexu interes eta asmo hark, ez du arrakasta handiegirik izan?
Zero. Ez duzu horretan pentsatu ere egiten; lehen egunean, zerbait, bigarrengoan gutxiago, eta laugarrengoan altxa ere ez zaizu egiten. Jatea bakarrik da helburu.