Gipuzkoako talde errepublikarrek elkarretaratzea egingo dute Tolosan

Ataria 2014ko otsailaren 5a

Andoaingo, Irungo, Oarsoaldeko, Donostiako eta Tolosako talde errepublikarrek elkarretaratzea egingo dute larunbatean 12:00etan, Trianguloan, "ustelkeria eta monarkiaren aurrean".

Larunbatean, otsailak 8, Cristina Borboikoak inputatu gisa deklaratuko du Noos kasuaren barruan delitu fiskala eta kapitalak zuritzea leporatuta. Hori dela eta Andoaingo, Irungo, Oarsoaldeko, Donostiako eta Tolosako talde errepublikarrek elkarretaratzea egingo dute larunbatean 12:00etan, Trianguloan.

Talde errepublikarrek esan dutenez, "justizia ez da berdina pertsona guztientzat, ezta gutxiago ere. Hori horrela, ustelkeria eskandalu ugari zigorrik gabe gelditu dira, edo zigortzeko epaiak izan ondoren, gobernuaren barkamena lortu dute". Era berean, Noos kasuan "erakunde boteretsuen" presioak izan direla esan dute, eta beraz, "onartezina eta justifikaezina da pertsona horrekiko mesedeko tratua, eta soilik arlo politikoetan azaldu daiteke, egindako egintzetatik kanpo, eta herritarrekiko berdintasun printzipioa urratuz".

Horiek horrela, talde hauek monarkiaren "ospearen galera handia" egiaztatzen dutela esan dute, eta horren aurrean hiru koloreko marea osatu nahi dute larunbatean Tolosan. "Ustelkeria geratuko duen Errepublika eta pertsona guztientzat justizia beraren aldeko apustua egingo duen marea osatu nahi dugu. XXI. mendean ez du zentzurik inolako monarkia izaterik", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!