«Familiaren minarekin inpotentzi handiko uneak bizitu genituen»

inigoterradillos 2014ko ots. 5a, 12:00
Iñaki Altunak Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Hondarribiara ailegatu zirenean Tolosako hilerrira eramateko ardura izan zuen.

Bahiketak, torturak, erailketak eta estatu terrorismoak protagonista nagusi diren Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren istorio ilunaren atal bateko lekuko izan zen Iñaki Altuna. Euren gorpuzkiak Hondarribiara ailegatu zirenean haiek Tolosako hilerrira eramateko ardura izan zuen Vascongada ehorztetxeko beste bi lankiderekin batera. Goizetik tentsio handiko uneak bizitu zituztela gogoratzen du.

Nola gogoratzen duzu 1995. urteko ekainaren 21 hura?
Bezperan Ertzaintzak deitu zigun, eta Hondarribiako aireportura joan behar genuela hurrengo egunean esan ziguten. Lehendabiziko gauza burura etorri zitzaidana izan zen poliziaz beterik egongo zela hura. Egin behar genuenaren berri eman, eta euren aginduetara ginela esan ziguten. Hara iritsi, eta bi kotxeak sartu arazi zizkiguten. Gu uneoro beraiekin egon ginen, eta bitartean, aireportura gerturatu zen jendea urduritzen hasi zen. Poliziak guztia antolatua zuen. Zain ginen bitartean aireportuaren ate nagusian jende asko biltzen ari zen, eta handik ez ateratzeko erabakia hartu zuten. Gorpuzkiak iritsi zirenean, kotxeetan sartu genituen, eta Ertzaintzaren aginduei jarraitu genien.


Handik Tolosako hilerrira eraman zenituzten?
Abiada handian atera ginen aireportutik. Bidean gindoazenaren berria zabaldu egingo zen, eta Villabonatik Irurarako luzean auto pilaketarekin egin genuen topo. Gu astiro-astiro gindoazen, eta ertzainak atera ziren, eta autoen gainera igoz sekulakoak ematen hasi ziren bidean zeuden guztiei. Gu, bitartean, auto barruan, hori guztia ikusten, sekulako inpotentziarekin. «Hau posible al da?» galdetzen genien geure buruei. Gorputzak bahituta, senitartekoei ez zieten euren aldamenean joaten uzten, eta gainera hori.  


Tolosara iritsi zinetenean zer gertatu zen?
Iritsi ginen eta hilerrirako igoerako bide osoa jendez beteta zegoen. Ailegatu eta barrura sartu ginen. Senitartekoei eta apaizari soilik utzi zieten sartzen. Familiak gorpuzkiak kapilaren barrura sartu nahi zituen, han apaizak errespontsua egin eta ondoren hilobiratzeko. Gu, normalean bezala, kotxearen kapota irekitzen hasi ginen gorpuzkiak ateratzeko, eta senitartekoak inguratzen hasi zirenean, ertzainak sekulako jipioak ematen hasi ziren denei; buruan kolpeak, jendea odolez, tentsio handia... Kanpoan ere istilu handiak izan ziren. Denbora batera zertxobait lasaitu zen egoera, egin zen egin beharrekoa, eta hilobiratu egin zituzten. Hilerriaren kanpoaldean, berriz, jendetza zegoen bilduta.


Familiak aipatu zuen erabateko ziurtasuna ez zuela gorpuzkiak eurenak ote ziren.
Duda hori beti geratzen da. Nik uste dut beraiek izango zirela, izan ere, prezintatutako kaxa batzuetan iritsi ziren, eta horiek ia irekitzerik ere ez zegoela iruditzen zait.  


Geroago deklaratu beharra ere izan zenuen.
Tolosako epaitegitik hots egin ziguten, lekuko moduan, egun horretan gertatukoei buruz deklaratzeko. Ehorztetxeko langileok bezala, esaterako apaizak ere deklaratu zuen. Barruan sentitzen nuen moduan kontatu nuen guztia.


Horrelako beste unerik gogoratzen al duzu?
Ina Zeberio lizartzarra ekarri genuenean ere tentsioko uneak izan ziren. Ertzaintza Lizartzan izan zen egiten zena grabatzen-eta, baina Tolosan gertatutakoarekin ez zuen zerikusirik. Hura gaur egun gertatu balitz, sekulakoa izango litzateke. Pentsa, bahituta eduki, torturatu, erail, kare bizian lurperatu, hainbeste denbora eta gero gorputzak azaldu...  


Zer izan zen gogorrena?
Familiak nola sufritu zuen ikustea. Lehen unetik ezin izan zuten gorpuzkien ondoan egon, eta ezin izan zuten ezer egin hori ekiditeko, poliziek bahituta bezala zituztelako. Familiak asko sufritu zuen. Hainbeste urtetan desagertuta, gero gorpuzkiak agertu, eta ez uztea familiari nahi duten bezala hilobiratzen, hori sufrimendu handia da. Beraiekin zer egin zuten jakinda, eta oraindik ez uztea behar bezala hilobiratzen oso gogorra da. Horrelako irudiak ikustean eta bizitzean inpotentzi handia sentitzen da. Gu familiarekin egon ginen, eta beraiek jakitun ziren guk ezin genuela poliziak esandakoa besterik egin.


Zer iruditzen zaizu bi tolosarrei buruzko filma egitea?
Ondo iruditzen zait, batez ere hura bizitu ez zutenek ikusteko eta konturatzeko zer gertatu zen eurekin.

 

 
 

Filmaren grabaketa

Pasa den astean hasi ziren Lasa eta Zabala filmaren grabaketak. Pablo Malo donostiarrak zuzendutako thriller politikoa 1983 urteko gertaeretan oinarrituz, GALek bahitu ondoren erailak izan ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren istorioa kontatzen du. Jon Anza eta Cristian Merchan donostiarrak jarriko dira Lasa eta Zabalaren azalean, eta Unax Ugaldek Iñigo Iruinen rola beteko du, Lasa eta Zabalaren abokatua. Horiekin batera, Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales, dira zerrenda osatzen duten aktore nagusiak. Horiez gain, gainera, Donostian, Baionan eta Tolosan egingo dituzten grabaketetarako figurante ugari ari dira parte hartzen, asko eskualdekoak.
Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitia dira filmaren ekoizleak, Pascal Gaignen musika du eta Joanes Urkixu da gidoigilea. Hain zuzen ere, azken honena izan zen bi tolosarren inguruan filma egitearen ideia.
Filmaren egileek azaldu dutenez,  Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren bahiketaren eta erailketaren inguruko kontakizuna egingo du filmak, eta baita, ongorengo epaiketaren ingurukoa ere. Bada, grabaketen bigarren astean murgilduta daude une honetan, eta Tolosan ari dira irudiak hartzen. Hain justu 1995. urteko ekainaren 21ean gertatutakoa irudikatzeko hilerrian ari dira grabaketak egiten, eta gaur ere bertan izango dira. Protagonista nagusiekin batera, figuranteak ere bertan izango dira.

Donostiako zinemaldian Lasa eta Zabala filmerako grabaketek zazpi asteko iraupena izango dute. Euskaraz eta gaztelaniaz grabatzen ari dira, eta bi milioi eurotik gorako aurrekontua du. Abra Prod etxeak ekoiztu du, eta Barton Films-ek banatuko du. ETBren partaidetza du proiektuak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren laguntza.
Pelikularen egileek adierazi dutenez, irailerako, hau da, Donostiako Zinemaldirako prest egotea espero dute. Horren ostean, aurrestreinaldia urriaren 15ean izango dela Tolosan esan dute, bi tolosarrak bahitu zituztela 31 urte beteko direnean. Urriaren 17an izango da ikusgai gainerako zinemetan.

Filmerako Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren sendiaren laguntza eta aholkularitza izan dutela azaldu dute. «Hasieran beldur pixka batekin hartu zuten ideia, baina, ondoren, haien babes osoa izan dugu», esan dute. Halaber, filmaren arduradunek Jonan Fernandez tolosarraren bitartez izan dutela Lasa eta Zabalaren sendiarekin harremana azaldu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!