San Blas auzoko opilak gozo, euritan ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko otsailaren 1a

Gaur hasi dira Tolosako San Blas auzoko jaiak, eta eguraldi kaskarra egin arren, hainbat herritar bertaratu dira erroskilak erostera.

12:00etan txupinazoa entzun ahal izan da Tolosako hainbat lekutatik, eta San Blas auzoko urteroko hitzorduari hasiera eman diote horrela. Goizean haur jolasak aurreikusita zeuden arren, eguraldiak ez du gehiegi lagundu. Hala ere, herritarrak goiz osoan barrena bertaratu dira, tradizioari eutsi, eta erroskila bila.

Arratsaldean toka lehiaketa egingo dute eta bihar aizkolari, bertsolari eta trikitilarien saioa izango da. San Blas eguna, berriz, astelehenean ospatuko dute. Jarraian egitarau zehatza:

  • Otsailak 1, larunbata:
    16:00etan Toka Lehiaketa irekia.
    18:00etan Disko Festa.
  • Otsailak 2, igandea:
    09:30ean Diana, Tolosako txistulari taldearen eskutik.
    09:30ean kalejira Konponezinak txarangarekin.
    11:00etan meza.
    12:30ean Jon Irazu eta Joseba Otaegi aizkolariak.
    13:00etan Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariak.
    18:00etan bertsolarien bigarren saioa.
    18:30etik 21:30era Malbadi anaiak trikitilariak.
  • Otsailak 3, astelehena:
    11:00etan meza nagusia eta bertako produktuen bedeinkapena.
    16:00etan auzokoen eta elkarteko kideen Toka Lehiaketa.
    18:30etik 21:30era Malbadi anaiak trikitilariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!