Adorea darion belaunaldia taulagainean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ots. 1a, 12:23

Batxilergoko bigarren mailako ikasleek 'Hi haiz, hi!' jaialdia eskaini zuten atzo, Topic zentroko aretoan, genero indarkeria oinarri hartutako adierazpen artistikoak taularatuz.

Laugarrenez ospatu dute, aurten, bere garaian Travelling jai izenarekin abiarazitako jaialdia. Tolosako Hirukide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako bigarren batxilergoko ikasleek kultur adierazpenez beteriko saioa eskaini zuten Topic zentroan, ikasbidaia finantziatzeko, besteak beste; Hi haiz, hi! Beldur barik jaialdiak, ordea, bestelako baloreetara heltzeko bideak ireki dizkie gazte horiei, eta genero indarkeria oinarri hartuta hainbat dantza, bideo, bertso, kantu eta abar prestatu zituzten atzo oholtzara eramateko. Adorez jantzitako aldarrikapenak taularatu zituzten.

Aipatzekoa da, laugarren Hi haiz, hi! jaialdia prestatzeko laguntza berezia izan dutela aurten, batxilergoko ikasleek: Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko zenbait ikaslek diseinuan nahiz gaiarekiko kontzientzian lagundu diete. Izan ere, helburu bikoitzeko jaialdia abenduaz geroztik prestatzen hasia zen: Tolosako Udaleko berdintasun teknikariarekin genero indarkeriaren gaia jorratzen hasi ziren orduan, gizartearen arazo horren inguruan hausnartu eta eragiteko. Halaber, eta ikasbidaiarako finantziazioa lortze aldera, BOX.A arte elkarteko Vanesa Alzate eta Ibai Luquerekin elkarlanean, boltsa berrerabilgarriak diseinatu dituzte, saldu ahal izateko.

Topic-eko oholtzan ikusi ahal izan zenarekin batera, Beldur Barik lehiaketarako aurkeztutako bideo tolosarrak eta proiektatu zituzten. Hauek ere biolentzia matxistaren inguruko hausnarketa lanak izan ziren, eta 18 urteko neska-mutilen ikuspuntu interesgarriak plazaratu zituzten ikus-entzunezko lanek. Besteak beste, etorkizunera begira txiki-txikitatik ikastetxeetan landu beharreko gaitzat dute genero indarkeria, eta arazo hau salatu eta kalera ateratzeko aldarriak islatu zituzten pantailan. Horrela, eta epaimahaiak hala erabakita, Laskorain ikastolako talde batek sortutako Ez etsi, eutsi! bideoari eman zioten lehen saria.

 

Berdisenx-eko logo berria, Arantxa Eskartinen eskutik

Duela zenabit hilabete iragarri zuten, Tolosako udal ordezkariek, sexu aholkularitza eta informazio gunerako logotipo lehiaketa, eta atzoko ekitaldian ezagutarazi zuten irabazlearen izena: Arantxa Eskarin Azanzak sortu du Berdinsex zerbitzuko irudi berria.

Epaimahaikideek azaldu dutenez, aho batez aukeratu dute irabazlearen lana, besteak beste, logotipoaren balio artistiko eta sinbolikoagatik eta komunikatzeko duen ahalmenagatik. Horrela, beraz, 300 euroko erosketa txartela jaso zuen opari, Tolosako komertzioetan erabili ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!