Eider Olazarrek eta Kike Amonarrizek Argia Saria irabazi dute

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 31a, 17:30
Tolosako Eider Olazar Elduaien (Infozazpi) eta Kike Amonarriz kazetariek Argia Saria irabazi dute. Lehenak, irratiko saria irabazi du 'Kalegorrian' saioan egiten duen lanagatik, eta bigarrenak, 'Tribuaren berbak' telebista programa egiteagatik.

Olazarrek Jon Mikel Fernandez lankidea eta saioa abiatu zutenak izan ditu gogoan lehenik eskerrak ematerakoan. Mikel Garciak banatu du Irratiko Argia Saria. "Zorroztasunez eta ongi komunikatuz" lan egiteagatik eman diote saria Infozazpiko kazetariari.

Atariak orain gutxi elkarrizketatu zuen Berria fundazioaren beka jaso duelako Oihana Etxebarrietarekin batera. 'Emakumeok kazetarion agendan. Euskal emakume adituen biltoki digitala' izenburupean, kazetariei begirako tresna osatzeko urtebete izango dute, eta, zerrendaz gain, bestelako erronketara ere iritsi nahi dute lanaren bitartez.

Entzun elkarrizketa:

 

'Tribuaren berbak' saioaren inguruan, epaimahaiak azaldu duenez, "euskaraz bizitzearen ertz guztiak leuntzen saiatzen da hizkuntz jarrera positiboa sustatuz eta askotan euskarari buruz ezagutzen ez genituen kontuak plazaratzen ditu". Bestalde, "ETBren denboraldi berriko sorpresa politenetako bat izan da", esan du epaimahaiak.

Bere aldetik, Kike Amonarrizek nabarmendu duenez, “urte askoren ondoren ETB1ek programazio osatua” du, eta horretan Tribuaren berbak lekua izatearekin “pozik” agertu da, euskararen inguruko jakin-mina asetzen saiatzen baita astero. Lehen saioetan, euskarak munduko hizkuntzen artean duen lekua edo Lapuebla de Labarcako lehen euskaldun zaharra nor den aztertu du modu dinamiko, argi, jostari eta entretenigarrian.

Sorreratik nahi izan zuten publiko guztiengana iritsiko zen programa, horregatik, informazioa emateko adituen esanak eta bizipenak kontatzeko herritarren iritziak konbinatu dituzte. “Tribuak hitz egiten du, ez gara ari diagnosi hotzen inguruan, ez teoriaren inguruan, ari gara hizkuntzaren bizipenari buruz eta uste dut euskarak, zorionez, gure herrian emozio on asko sortzen dituela, indar soziala duela, sekulako atxikipena duela eta tribuaren kezka eta ilusioetako bat dela”, dio Amonarrizek. Euskararen egoera ona ez dela jakin arren, neurri batean, itxaropentsua eta indartsua dela nabarmendu nahi izan dute saioan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!