"Erabakitzeko eskubidearen aldeko sua itzalezina izango da"

Asier Imaz 2014ko urt. 30a, 10:43

Otsailren 1eko aurkezpen ekitaldia pasa ondoren, Gure Esku Dago herri ekimeneko kideak ekainaren 8ra begira jarriko dira. Egun horretarako, erronka handia jarri dute: Durango eta Iruñea elkartuko dituen gizakatea osatzea. Egitasmoa, eta herri mugimendua bera zer den azaldu diote Gure Esku Dago ekimeneko kideek TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

 



Herrialde Katalanetatik datorren haizea al da Gure Esku Dago ekimena?
Etortzekotan, Goierri aldetik datorren haizea dela esango genuke, baina ezin ukatu Kataluniatik datorren haizeak ere eragina baduela. Gure Esku Dago ekimena, Idiazabalgo herrian sortu zen. Nazioen Mundua izenarekin erabakitze eskubidearen inguruan hainbat ekimen burutu dituzte aurreko urteetan, horien artean gehien zabaldu dena Gazta zati bat dokumentala izan delarik.

Eta oihartzun handia izan zuena gainera.
Arrakasta horri jarraiki sortu da Gure Esku Dago, herri eta eskualde batean sortutako proiektua Euskal Herrira zabaldu nahian. Sentsibilitate ezberdinak biltzen dituen hainbat herritarrek osatzen dugu. Uste dugu, alderdikeriak eta diferentzia politikoak alde batera utzi eta herritarrak elkarlanean hasteko garaia dela, egunen batean Euskal Herrian ariketa demokratiko sinple bat egiteko baldintzak sortzeko eta zer izan nahi dugun edo zer ez dugun nahi izan erabakitzeko, hau da, erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago herri ekimena, Euskal Herri osoko hainbat herri eta hirietan hedatzen ari da datorren ekainaren 8an Durangotik Iruñera burutuko den giza katea ekimen nagusia duelarik.

Hori izango da erronka; apustu handia. Benetan al dago gure esku hori gauzatzea?
Noski baietz. Herri honetan nahikoa sufrimendu egon da hainbat urtetan. Orain garai berriak bizi ditugula aprobetxatuz, ilusioa piztu nahi dugu ekimen honekin eta baldintzak sortu erabakitzeko eskubidea gure herrian gauzatu dadin. Ilusioa badago, jendeak sinistu egingo du eta sinisten badugu, nola ez dugu egingo Durangotik Iruñearaino giza kate erraldoi bat?

Ekimen horrekin zer aldarrikatu nahi duzue?
Oinarrian hiru aldarrikapen egin nahi ditugu, nazio bat garela, erabakitzeko eskubidea dagokigula eta etorkizuna herri honetako herritarren esku dagoela. Horregatik da garrantzitsua norbanako gisa inplikatzea, inoiz baino ozenago esan behar baitugu gure esku dagoela. Gurea ez da aldarrikapen politiko bat, gurea herritarren arteko elkarlana da, iritzi eta pentsamendu ezberdinak ditugun herritarren arteko batura, abertzale izan edo ez, ezkertiar zein eskuindar. Herriari hitza ematea aldarrikatzen dugu azken finean. Ba al da ezer demokratikoagorik?

Euskal herrietan aurkezpen ekitaldiak egiten ari zarete. Eskualdekoa Tolosan izango da, otsailaren 1ean.
Tolosaldean orain arte sukalde lanak egin ditugu. Dagoeneko makina bat bilera egin ditugu ekimen hau eskualdean mimo handiz prestatzen eta dagoeneko herritarrengana iristeko garaia dela iruditzen zaigu. Nazio mailan hainbat aurkezpen egin dira azken hilabeteetan zehar, baina herritarrek oraindik mugimendu hori urruti ikusten dute, eta gure helburua haiengana hurbiltzea izango da. Horrela, beraiek dituzten zalantza, gogoeta, gogo, proposamen, etab. azaltzeko aukera eman eta haiekin batera norabide bereko bidea jorratzeko helburua dugu.

Ekainak 8 hizpide izango duzue, ezta?
Bai, pixkanaka gizakatea prestatzen joan behar dugu, eta haren inguruan hainbat argibide emango dira aurkezpen honetan. Herritarren partehartzea bultzatu eta haiek ere ekimen honen ezinbesteko partaide direla barneratzea izango dugu helburu.

Horretarako lehen urratsa argazki batekin eman zenuten, eskualdeko aurpegi ezagunak bilduz.
Eskualdeko pertsonaia hauek erreferente dira beraien jardueratan, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun hainbat sentsibilitate biltzen zituen pertsonai publiko ezagunen argazki bat ateratzea. Argazkian bildu zirenek, Gure Esku Dago-ren aniztasuna islatzen dute eta hori herritarrek baloratuko dutelakoan gaude. Eskualdeko izen esanguratsu asko bildu ziren gure aldarrikapenari babesa emanez. Orain, Tolosaldeko herritarrek gurekin bat egitea nahi dugu. Eta zergatik ez, hori ere argazki erraldoi batean islatu dezakegu. Ideiak eta gogoa ez zaizkigu falta!

Gizakatea osatzeko, denen ekarpena beharko duzue, baita hain ezagunak ez diren herritarrenak ere.
Gizakatean guztiok gara beharrezko. Milaka lagun elkartuko gara, eskuz esku bidea osatuko dugu. Gakoa galderan bertan eman duzu, ezezagunak izango garen herritarrak eskuak lotu eta bidea egitea, konponbidean laguntzea. Beraz, gonbitea egina dago, eskuak lotzea besterik ez zaigu falta.

Orain arte sukaldeko lanak egiten aritu zaretela aipatu duzu. Nola antolatu zarete?
Taldea anitza da. Belaunaldi ezberdinak, gizon-emakumeak, eta sentsibilitate ezberdinak islatzen ditugula uste dugu. Eskualdeko herri ezberdinetako ordezkariak elkartu ohi gara, 15-20 lagun inguru. Giro onean ari gara lanean, eskuz esku. Ia astero elkartzen gara, eta ideia asko atera ohi dira. Behin aurkezpena egin ostean, ideia horiek guztiak plazaratzen hasiko gara, eskualdean ekimen ezberdinak antolatzen. Giroa berotzea da gure intentzioa. Gainerakoa bakarrik etorriko da, ziur gaude, alaitasuna eta gogoa kutsatuz eta zabalduz joango da. Herri libre eta zoriontsu bat irudikatuko dugu.

Eskualdeko eragile desberdinei egitasmoa azaldu diozunean, zein erantzun jaso duzue?
Eragileen aldetik jaso dugun erantzuna oso positiboa izaten ari da, batik bat, nabaritzen dute herri ekimen honek transmititzen duen freskotasuna. Alderdi politikoekin ez dugu ia harremanik izan, batez ere ez delako gure lehentasunen artean egon. Gu ez gara politikoak, herritar apalak baizik, ideia baten inguruan indarrak batzen hasiak garen herritarrak eta hori da gure helburu nagusia, herritar guztion indarrak pilatzea. Baina pentsa gurekin harremanetan jarri nahi izango balute, alderdi guztiekin hitz egiteko prest geundekeela eta aurrerantzean gure asmoen berri ere eman nahiko genieke. Gizakateak erakutsiko du herritarron indarra, eta hurrengo egunean politikoen lanak hasi beharko du. Ezingo diote erakutsiko dugun indarrari muzin egin.

Herrialde Katalanen barruan, erreferenduma egitekoak dira azaroaren 9an. Nahi edo nahi ez, begiak hara ihes egiten al dizuete?
Noski baietz, guretzako erreferentzia bat izango da Kataluniako galdeketa nondik nora joango den eta nola gauzatzen den. Aurten, Katalunian eta Eskozian egingo diren galdeketak inbidia sanoa ematen digute. Gure ustez, Katalunia eta Eskoziatik datozen inertzia horiek aprobetxatu behar ditugu, sinistarazi behar diegu euskal herritar guztiei hemen ere posible dela egunen batean galdeketa bat egitea, eta horretarako sentsibilizatu behar dugu denok. Hemen ere txispa piztea falta zaigu, behin txispa bat pizten dugunean, erabakitzeko eskubidearen aldeko sua itzalezina izango da. Egitasmo positiboak eredu izan behar ditugu, eta Katalunian egin dutena ikaragarria izan da. Goazen bada beraiek hasitako olatuaren indarra baliatzera.

Espainiako gobernuak galdeketa ez dela egingo dio. Nola ikusten duzue agintari horien eta antzekoen iritzia?
Bere burua demokratikotzat jotzen duen pertsona batek, ezin uka dezake herritarren erabakitzeko eskubidea. Guk, galdera hau egingo genieke galdeketa egitearen ezezkoan dauden horiei, zer egingo duzue Katalunian galdeketa geldiarazteko? Bizi garen XXI. mendeko Europa honetan ez dugu ikusten herriaren borondatea geldiaraziko duenik, bortxaz ez bada. Espainiako gobernuak egin beharko lukeena da, Kataluniarrek zer esaten duten entzun eta errespetatu. Hala ere, norbait harritzen al da ematen ari diren erantzunarekin?

Horren aurrean, abestiak dioena?
Guk gurean jarraitu behar dugu, ilusioz, geroz eta herritar gehiago bilduz dinamika honetara. Kepa Junkerak, Eñaut Elorrietak eta Kirmen Uribek sortu dute Gure Esku Dago abestia, eta hamarnaka artistek osatu dute bideoklipa. Mezu horrekin bat egitera gonbidatzen dugu herritar oro: Hormak eta harresiak ez ditugu maite, elkarrekin bizi nahi dugu soilik, ez dugu beste inor mendean hartu nahi, etorkizuna hautatu ez besterik. Ikusi eta abestera gonbidatzen zaituztegu otsailaren 1ean. Izango duzue gure berri.

 
 

Aurkezpen jaialdia

  • Eguna: Otsailak 1, larunbata.
  • Lekua: Tolosako Leidor Aretoa.
  • Ordua: 18:30.
  • Sarrera: Doan.
  • Ekitaldia: Gure Esku Dago dinamika aurkeztuko da, eta bertan, dantzariak, bertsolariak, antzezleak, margolariak eta abar egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!