"Kontatzen duten horrek garrantzia duela sinestarazi behar zaie emakumeei"

Itzea Urkizu / Jon Miranda 2014ko urt. 29a, 09:25
Berria fundazioaren beka jaso du Eider Olazar Elduaienek (Tolosa, 1982), Oihana Etxebarrietarekin batera. Emakumeok kazetarion agendan. Euskal emakume adituen biltoki digitala izenburupean, kazetariei begirako tresna osatzeko urtebete izango dute, eta, zerrendaz gain, bestelako erronketara ere iritsi nahi dute lanaren bitartez.

Pozik bekagatik, ezta?
Oso pozik beka jasota, eta oso pozik jasotzen ari garen zorion agurrekin; egia esan ikaragarria izaten ari da, ez genuen espero. Jende asko gu zoriontzen ari da, oso proiektu interesgarria eta beharrezkoa dela esanez, eta horrek are poz eta indar handiagoa ematen du lanean hasteko.

Epaimahaiaren ustez, zuen proiektuak lagun dezake hedabideetako gaien trataeran, genero ikuspegitik, dagoen desoreka orekatzen.
Helburu nagusia horixe da: emakumeek hedabideetan presentzia handiagoa izatea. Gu kazetaritzatik gatoz, kazetariak gara biok, eta gure eguneroko lanean ikusten dugu zein hutsune dauden. Horretarako, gainera, ez dago kazetaria izan beharrik; egunkariak irakurri, irratiak entzun edo telebista ikusterakoan, protagonista nagusiak beti dira gizonezkoak. Eta ez da urrutira joan behar; Euskal Herriko edo tokian tokiko hedabideetan, nahiz guk geuk lan egiten dugun hedabideetan ere ikusten dugu hutsune hori.

Zertan, adibidez?
Astebetean komunikabide batek zazpi elkarrizketa egin baldin baditu, horietatik sei gizonezkoak izan baldin badira, eta emakumea bakarra izan bada, kazetari asko jabetzen dira horretaz. Baina, normalean, emakumeak izaten dira eta, gainera, beren hedabidean hori ikusi eta hori aldatzeko ardura dutenak. Geronek ere zama hori sentitu izan dugu, eta ez dakit zama hori arintzeko den, baina tresna beharrezkoa izango dela ikusten dugu, kontzientziazio lan hori zabaltzeko eta kazetari guztiek, aitzakiarik gabe, tresna eraginkor bat izan dezaten.

2012ko topaketa feminista izan zen proiektu horren sorburua, ezta?
Bilgune Feministako komunikazio taldean gaude Oihana eta biok, eta gu baino lehenago ere, 2002an, Bilgune Feministak argitaratu zuen hedabideei zuzendutako estilo liburu bat: emakumeekin lotutako gaiak nola landu azaltzen zuen eta ikuspegi hori txertatzeko hainbat gako ere ematen zituen. Topaketa feministak 2012an Leitzan izan ziren, eta hari begira hausnarketa bat egina genuen. Han, beraz, hori partekatu eta ondorio dezente atera genuen. Nagusienetakoa, horixe izan: beharrezkoa da emakume aditu-arituen zerrenda bat. Beharrezkoa da, hedabideetan, askotan, oso azkar lan egiten dugulako eta, batik bat, eguneroko prentsan beharrezkoa delako tresnak izatea, denborarik ez baita izaten kontaktuak lortzeko.

Bestelako hausnarketak ere izango ziren.
Zalantza sortzen zigun, esaterako, indarkeria sexista hedabideetan lantzeko moduak, eta baita hitzak berak ere. Zein hitz erabili? Genero indarkeria, indarkeria matxista, indarkeria sexista, emakumeen aurkako indarkeria, etxeko indarkeria,... Hor, ordaindik, asko dago eztabaidatzeko, eta behar bada iritsi beharko genuke esapide komun batzuetara, edo ez. Emakumeekin lotutako gaiak lantzeko modua ere zalantzetako bat da: atal berezitu bat izan behar du emakumeenak, ala gai transbertsala izan behar du?

Emakumeek hedabideetan tarte txikia dutela diozu. Agertzen direnen inguruan zein itxura ematen da?
Gehienetan biktima paperean agertzen da emakumea, era pasiboan. Bai emakumeen aurkako indarkeriarekin lotuta, eta baita munduko gerra, gatazka edo albiste askotan ere; ez dira borrokaren lehen lerro horretan agertzen. Hondamendiak gertatzen direnean, adibidez, beti esaten da «hildakoak hainbeste izan dira, eta horietatik emakumeak eta haurrak hainbeste». Halaber,ikusi besterik ez dago emakumearen gorputzarekin lotuta zein irudi nagusitzen den oraindik, telebistan nahiz publizitatean; horri ere buelta bat eman behar zaiola uste dugu. Emakumeok zeresan handia daukagu hainbat eremutan, aditu asko dago arituak ere asko direlako, eta horrek isla bat izan behar du.

Euskal Herriko hedabideetan hutsune hori betetzeko borondatea somatu duzue?
Bai, borondatea badago, eta konpromisoa hartzeko nahia ere bai. Emakume aditu-arituen datu base hori sortzea apustu garrantzitsua dela uste dugu, baina gauza bat sortzea izango da eta, bestea, haren erabilera ziurtatzea. Eta hori bertako hedabide eta kazetariek egin beharko dute; sortutakoa elikatzen joan beharko da, eta horrek bere oiartzuna izatea nahiko genuke. Uste dut horretarako kontzientzia hori badugula, gero eta gehiago lantzen dela gure hedabideetan. Bere garaian zenbait inkesta egin genituen, eta ikusi genuen, euskal hedabieetan ere, ardurak dituztenak gero eta gehiago direla emakumezkoak: TOLOSALDEKO ATARIA, Argia edo Hamaika Telebista, adibidez. Horrek eragina du eta ekarri du gogoeta bat, ikusten ari gara gaiak jorratzeko beste modu bat.

Adituez gain arituak ere sartu nahi dituzue zerrendan.
Bai. Gure ikuspegia eman nahiko diogu zerrendari, ikuspegi feminista edo integrala izan daitekeena. Aditua esaten dugunean, beti titulu edo ikasketak dituen pertsona bat irudikatzen dugu, eta egongo dira, noski, zerrendan, unibertsitate ikastetak dituzten emakumeak. Baina hortik harago joan eta balio erantsi hori eman nahiko genioke zerrendari; hainbat gairen inguruan arituak diren emakumeak eta esperientzia dutenak zerrenda horretan sartuko ditugu. Askotan, bizitzako esperientziak aditu egiten ditu emakumeak; baserriko emakumeak, adibidez, adituak dira elikagaiez eta lurraz hitz egiteko. Makroekonomian galdu egingo dira ziurrenik, baina mikroekonomiaz ziur badutela zer kontatua, eta aholku asko emateko moduan direla. Perspektiba hori zabaldu nahi dugu, beraz, horrek kazetaritza egiteko beste modu bat ekar dezakeela uste baitugu, bestelako gaiei ere garrantzia emanez.

Nola irits daiteke horraino?
Emakume horiek prest egon beharko dute beren iritzia emateko, izan ere, emakume askori kosta egiten zaie iritzia ematea, oraindik ere kontatzeko ezer garrantzitsurik ez dutela iruditzen baitzaie. Hor ere psikologia lan handia dago egiteko, oraindik ere esparru publiko horretara jauzi egitea kosta egiten baitzaigu emakumeoi, tradizionalki esparru pribatuan edo bigarren planoan egoteko heziak izan baikara.

Behar bada zuei dagokizue jabetze-lan hori egitea ere, beraz?
Bai, hori da. Hain justu Martxelo Otamendirekin elkartu ginenean, hori izan genuen hizpide: interesgarria litzatekeela ikustea zenbat emakumeri deitu zaien hedabideetan tarte bat egiteko. Izan ere, deituta ere ezezko asko jasotzen ditugu kazetariok. Lanketa bat egiteko modukoa da eta emakumeei sinestaraztekoa, kontatzen duten horrek garrantzia duela.

Proiektu aitzindaria izango da Euskal Herrian, baina Espainian bada antzeko egitasmo bat, ezta?
Bai, Sevillan martxan jarri zuten duela bi urte. Beraiekin harremanetan jarri ginen eta oso ondo ateratzen ari da hango esperientzia. Halaber, Erresuma Batuko beste erreferentzia bat ere badugu, oso webgune txukuna eta baliagarria baitute han martxan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!