Enrike Solinis: «Folk musikatik kutsu handia dauka musika barrokoak»

Joxemi Saizar 2014ko urt. 28a, 17:23
Tolosan bizi den bilbotar gitarra jotzaileak Euskalbarrokensemble taldearekin ‘Colores del sur’ izeneko diskoa atera du.

Colores del sur izeneko diskoa atera du Enrike Solinis Aspiazu (Bilbo, 1974) gitarra jotzaileak  Euskalbarrokensemble taldearekin (tartean da bere bikote Miren Zeberio tolosarra) eta sari bat eman berri diete Alemanian. Tolosan daramatza urte batzuk bizitzen eta mundu osoan zehar dabil bere gitarrarekin Barroko garaiko musika eskainiz: New York, Berlin, Paris, Mexiko, Kuba, Londres, Viena... Musikaria izan arren, kolorea aipatzen du behin eta berriz.

Nola iritsi zara musika barrokora?
Txikitan rock, heavy eta musika garaikidearekin hasi nintzen. Kuraia taldearen hasieran parte hartu nuen, adibidez. Konposizioa eta zuzendaritza ikasi nuen. Gero funtzionario plaza lortu nuen klaseak emateko, baina dena utzi nuen. Kontserbatorioekin oso kritikoa naiz. Ez dira errealitatean bizi. Gitarra klasikoa kontzeptu bezala ez zait gustatzen. Bartzelonara joan nintzen antzinako musika ikastera. Hemen ez dago aukerarik eta pena da. Bartzelonara, Herbeheretara edo Suitzara joan behar da hori ikastera. Antzinako musikaren askatasunak erakarri ninduen. Musika mota guztietan beharko litzateke askatasun hori.

Eta zein da bere irtenbidea?
Munduko goi mailako musikariekin jotzen daramat 6-7 urte. Talde desberdinekin aritzen naiz: Jordi Savall, Kanadako Constantinople, Sevillako Accademia del Piacere... Savallekin jotzera kasualitatez iritsi nintzen. Bere gitarra jotzaileak ezin zuen kontzertu batean jo eta proba egitera joan nintzen Austriara. Ondo moldatu ginen eta orain askotan aritzen naiz berarekin.

Eta nola moldatzen zarete entseatzeko?
Bakoitza bere aldetik aritzen gara. Gitarraren ogibidea ikasi dut eta bat-bateko irakurketa egiteko gai naiz. Kodea badaukagu irakurtzeko eta horren gainetik inprobisatzeko. Partituraren erdia idatzita dago, baina garaiko praktikan oinarrituta inprobisatu egin behar da. Formak edo egiturak badakizkigu eta hortik aurrera inprobisatu egin behar da. Konposatzaileen bertsioak egiten ditugu, oso desberdinak.

Eta orain diskoa atera duzu.
Diskoa grabatzeko aukera sortu zen eta aprobetxatu egin genuen. Prozesu luzea izan da. Laguntzarik gabe egin dugu eta bere ibilbidea ari da egiten. Alemaniako Glossa etxearekin grabatu dugu eta hori garrantzitsua da mundu guztira iristen delako: horrelako enpresa batek euskal talde bat hor sartzea, euskal fandango tradizional bat grabatzea. Orain gainera Alemaniako Tocatta aldizkari ospetsuak munduko disko onenaren saria eman digu.

«Colores del sur» du izena. Zer esan nahi du?
Musika barrokoan hegoaldea Mediterraneo ingurua da, Europa hegoaldea, Turkia, Afrika iparraldea... Turkiako lavta jotzen dut, adibidez, laute barrokoa. Horko doinuak dira gehienbat. Kolore desberdinen nahasketa da diskoa.

Aditu ez den bati aurkez iezaiozu diskoa.
Folk musikatik kutsu handia dauka musika barrokoak. Jende normalarentzat nahiko hurbila egiten da horregatik, familiarra egiten zaielako, herrikoia. Kontzertuetan nabari da hori: gazte jendea, era guztietakoa, ez musikazalea bereziki. Azkenean nahasketa bat da. Batzuei joan-etorriko musikak deitzen zaie: penintsulatik Ameriketara joan, kolorea aldatu eta itzuli zena. Biko eta hiruko konpasak nahasten dira batzuetan: doinu kanarioa, euskal ezpata-dantza, buleria, hemengo eta kanpoko fandangoak… Formak ia antzekoak dira.  

Gitarra musika espainiarraren ikurra izan da.
Bai, hala hartu izan da, baina Euskal Herrian tradizio handia du. Gernikako Juntetxean adibidez, gitarra bat agertzen da, beste lekuetan agertzen diren armen ordez. Lazarragak jada bihuela aipatzen zuen bere eskuizkribu zaharretan, gitarraren aurrekaria Errenazimenduan.

Musika mota hau elizan jotzeko dela dirudi.
Barroko garaian toki txikietan jotzen zen, nobleen edo erregeen aurrean, baina elizak okerrenak direla esango nuke. Orain ere leku txikietan jotzen dugu gehienetan, baina Madrilgo Auditorio Nazionalean ere jo izan dugu bi mila lagunen aurrean.

Talde txikiak izaten dira jotzen.
Bai. Orkestra barrokoa ere egin daiteke. Klasizismo garaian publikoa handitu egin zen eta horrekin batera orkestra ere bai, instrumentuak gehituz. Orkestra ofizialek musikaren historiaren zati txiki bat interpretatzen dute: Erromantizismoa, Klasizismoa, Barroko pixka bat. Eta Barrokoa bere erara jotzen dute, bere instrumentuekin. Kolorea eta jotzeko modua desberdina da.

Eta instrumentuak lortzeko nola moldatzen zara?
Latva Atenasen erosi nuen eta gitarra Australian egin zidaten. Zaila da lortzea, baina gero eta luthier gehiago daude. Bat Eibarren, adibidez. Biolina denbora pasa ahala hobetzen doa, baina gitarrari tapa hondatzen joaten zaio eta berria egin eta aldatu egin behar zaio tarteka.

Nola dago musika mundua?
Burbuila inmobiliarioa izan zen bezala, orain kultur burbuila dago. Donostiako Musika Hamabostaldian jo behar dut udan, baina horretara iristea oso zaila da. Hemengo taldeak ez dira aintzat hartzen eta kanpora joaten dira bila. Hemengo baloreetan ez da inbertitzen. Mugimendu gutxi dago. Eta gainera bitartekariek eramaten duten diru gehiena. Kanpora joaten gara asko: Kuba, Kanada, Alemania, Suitza, Belgika… Hegazkinean pasatzen dut bizitza.

Aurrera begira, zein proiektu duzu?
Ilusio handia daukat euskal antzinako musikarekin: Euskal Antiqua, Errenazimendua, Barrokoa, folklore musika uztartuta literaturarekin. Garai haietan oso tipikoa zen doinu baten gainean musika sortzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!