Aritz Lopez gazte auzipetuak adierazi duenez, iragan urteko urrian hasi ziren epaiketak azken txanpan sartuta dauden une honetan, «beharrezkoa» da mobilizazioak biderkatzea, eta horregatik herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera, «aukera paregabea baita ekitaldi hauen bitartez aldarrikapenekin bat egin eta, bide batez, ondo pasatzeko».
Libre mugimendutik esan dutenez, epaiketa hauek martxan jarri zirenean garbi adierazi zuten ez zetozela bat Euskal Herrian irekitako aro politiko berriarekin: «Lau hilabete hauetan Espainiatik datorren blokeoa gainditzeko aurrerapauso oso esanguratsuak eman dira, Estrasburgoko sententzia, EPPKren agiria edota urtarrilaren 11ko manifestazio bateratua, baina tamalez, bere horretan jarraitzen duena da Estatu espainiarraren itxikeria».
Horren lekuko jotzen dituzte Madrilen burutzen ari diren bi epaiketak, «non 80 militante kartzelaratzeko eta 110 elkarte ixteko mehatxua mantentzen duten». Bada, horien artean dira, Aritz Lopez tolosarra, Mikel Aiestaran billabonatarra, eta iragan urtarrilaren 11n atxilotu zuten eta egun Soto del Real espetxean dagoen Irati Mujika amezketarra. Elkarteei dagokienez, Ibarrako Subegi, Tolosako Intxurre eta Villabonako Iratzar daude auziperatutakoen artean.
«Euskal Herriaren aurkako erasoa»
Libre Asteburua aurkezteko eginiko agerraldian Aritz Mujikak esandakoaren arabera, Espainiar estatua «deseroso» dago Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriaren aurrean: «Espainiar estatuak uste du errepresioaren bidez aldaketa eragotzi ahal duela, baina, zorionez, estatu espainola bilatzen ari zena ez da lortzen ari, eta ez du lortuko, oztopo guztien gainetik herri hau, nazioarteko laguntzarekin, prozesua aurrera eramaten ari delako».
Libre Mugimenduaren ustez, epaiketa horiek ez dira dira Ezker Abertzalea eta estatuaren arteko arazoa. «Euskal Herriaren kontrako erasoa da, Euskal Herrian zabaldu den aro berriarekin amaitzeko saiakerak dira, eta horregatik, herri gisa erantzun behar diogu Euskal Herriaren kontrako eraso honi». Hala, jarduera politikoa «zigortu eta oztopatzea» dela epaiketa hauen helburua gehitu dute: «Izan ere orain 80 euskaldun epaitzen ari badira ere 200dik gora militante abertzale aurkitzen dira egoera berdinean».
«Blokeo» hori gainditzeko bidea argi du Libre Mugimenduak: «Euskal Herrian dauden ideologia eta sentsibilitate politiko eta sozial desberdinetako herritarrak batzea eta mobilizazioak areagotzea». Eta, hain zuzen ere, epaiketa horiek salatzeko ere hori dela bidea uste du, «euskal herritarren arteko zubiak eraikitzea», alegia.
Bide horretatik, aldarrikapen ekintza ugari burutu dituzte orain arte, eta Libre Asteburua izenburupean otsailaren 8an eta 9an Tolosan, Beasainen, Azpeitian eta Bergaran antolatu dituztenak ere testuinguru berean kokatzen dira. «Ezinbesteko» hitzordutzat jotzen dute azken hori, «herri gisa erantzuteko garaia delako, eta pertsona libreak herri librean bizi nahi dugula ozen eta garbi adierazi behar dugulako».
Libre asteburua
- Tolosa. Otsailaren 8an, Leidor aretoan, 18:00etan, kantaldia: Belarminak, Desordutan, Lain, Garazi Egiguren eta Garazi Esnaola eta Oskar Estanga. Sarrerak: Raku (Tolosa), Iratzar (Villabona) eta Itzuli (Anoeta).
- Beasain. Otsailaren 8an, kiroldegian, 17:30ean: Irrien Lagunak.
- Azpeitia. Otsailaren 8an, Frontoi Txikin, 18:00etan pilota jaialdia: Mikel Goñi eta bi pilotari azpeitiarren arteko partida.
- Bergara. Otsailaren 9an, Bergarako pilotalekuan, 18:00etan, bertso saioa: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Jon Maia eta Aitor Sarriegi.