Tolosako Udalak III. Berdintasun Plana egingo du

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 27a, 10:05
Ibai Iriarte alkateak eta Agurtza Zubero Berdintasun teknikariak aurkeztuko dute plana
Herriko emakume eta gizonen egoera zein den azalduko duen azterketa eguneratua egin nahi du udalak, horrela "benetako beharrak identifikatu eta hauetara egokituko den plana egiteko".

Tolosako Udalak 2009an egindako Berdintasunerako II. Planaren indarraldia bukatu da, eta ondorioz hirugarren plan bat egitea erabaki du. Udalak esandakoaren arabera, proiektu honekin batetik, emakume eta gizonen egoera zein den azalduko duen diagnostiko eguneratua egin nahi dute, eta bestetik,  herriko "benetako beharrak identifikatu eta hauetara egokituko den plana" egin nahi dute.

Lehenik eta behin diagnostikoa egingo dute eta ondoren diseinatuko dute plana.

Diagnostikoa egiteko bi esparru hartuko dituzte. Batetik, udal politiketan generoaren ikuspegia zenbatetaraino dagoen integratua aztertuko dute, eta udalean bertan emakumeen eta gizonen lan baldintzak aztertuko dituzte. Bestetik, Tolosako gizarte esparruko datuak ere hartuko dituzte kontuan, eta demografia, hezkuntza, kirola, indarkeria, landa ingurua, hirigintza eta abar aztertuko dituzte.

Plana diseinatzeko gizartearen egoera eta udalaren antolaketa zein den eta diagnostikoaren fasean hautemandako lehentasunezko helburuak eta ardatzak zein diren kontuan hartuta, errealitate horretara gehien egokitzen diren puntuak baliatuko dituzte bai Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Planetik eta baita EAEko Berdintasunerako VI. Planetik (lantze prozesuan dagoena).

Udaleko arduradunen hitzetan, plan hau egiteko Parekidetasun Batzordea eta udal barruko sailen arteko batzordea ariko dira elkarlanean, azken horretan daudelarik udaleko sail eta zerbitzuetako zuzendaritzak.

Herritarrak

Udal arduradunek, era beran, planaren garapenean herritarren iritziak bildu nahi dituzte, eta hori dela eta, Parekidetasun Batzordean udalerriko elkarteak, talde feministak, eta norbanakoak egongo dira ordezkatuta. Diagnostikoa egiteko prozesuaren metodologian ere taldeak sortzea aurreikusi dute.

Plana urte amaierarako bukatzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!