Tolosako San Frantzisko komentuaren desamortizazioa eta udalaren urbanismoko hainbat urrats

Pello Joxe Aranburu 2014ko urt. 26a, 18:00
Tolosako udaletxearen garaiko irudia
Desamortizazioa. Espainiako gobernu liberalek XIX. mendean teorikoki herrien eta elizako instituzioen esku zeuden lur, eraikuntza eta ondasunak merkatu arruntera igarotzeko bidea hartu zuten.

1839-1856

Neurri horien helburua bitarikoa zen: Espainiako estatuan elizaren, lurjabe handien eta herrien sail eta eremu handiak esku pribatuetan uztea; eta, irizpide berriek zioten bezala, nekazaritza bizkortzea, alde batetik, eta beste alde batetik, estatu barneko gerren ondorioz, behea jota zegoen estatuko kutxa diruz hornitzea.


Oro har, helburu horiek erdizka lortu ziren. Aberats berriak sortu baziren ere, eta lurren jabetza eskuz aldatuagatik Espainiako nekazarien egoera ez zen askorik aldatu, estatuak diru-iturri erosoa lortu arren. Desamortizazioak Tolosan ere eragin garbia izan zuen, frantziskotarren komentua eta ondasun batzuk besterendu eta salduak izan bide ziren.


XIX. mende osoan zehar hedatu zen desamortizazio-prozesuak bi garai nagusi ezagutu zituen Espainiako estatuan. Lehena, 1837an Mendizabal ministro liberalak elizaren ondasunak besteren eskuetara igarotzeko eman zuen legearen ondotik etorri zen, eta salmentak Lehen Karlistada bukatu ostean (1843-1847) egin ziren, batez ere 1851. urtean Elizaren eta Estatuaren arteko akordioa izenpetu arte egon zen indarrean Mendizabalen dekretu hori. Bigarrena, Paskual Madoz ministro nafarrak 1855ean herrien eta erresumako instituzioen esku zeuden ondasunak esku pribatuetara igarotzeko aldarrikatu zuen legearen ondoren gauzatu zen, eta salmenta gehienak 1860ko hamarkadan egin ziren, 1868ra arte’. (Iturria: Lur hiztegi entziklopediko-a).


San Frantzisko komentuan, 1836an eta gerrate osoan 16 apaiz eta bi ez-apaiz frantziskotar bizi izan zirela dio tolosar Jose Antonio Urigoien komentuko buru idazleak, baina, gerra amaitu bezain pronto alde egin behar izan zuten. Beste behin Gorosabelen aipu bat dakart hona, non, hiru errege-dekreturen berri emanez, komentu haren gorabeherak argi adierazi zituen.
«Habiendo sido suprimidos todos los monasterios, conventos y toda clase de congregaciones religiosas de varones de este Reyno por el Real Decreto de 8 de Marzo de 1836, aplicándose todos sus bienes a la nación, fue comprendido en esta medida general el convento de San Francisco de esta villa».


San Frantzisko komentutik, 1839an, fraideek alde egitea Jose Antonio Garate frantziskotarrak berak aitortu zuen garbien, han zeuden guztiak karlisten aldekoak baitziren.
San Frantzisko komentuari buruzko kronikaririk onena, berriz, Tolosako udal aktetan, 1839-1850 urte bitartekoetan, udalak batzarretan hartutako erabakiak zerrendatzea da. Laburpena egin eta taula batean xehetasunak emango dira jarraian. Informazio guztia TUA, akta liburuan, 664-668 orrietan ikus daiteke.

1845-1851 urteetan, komentuaren gaineko jabetzarekiko eztabaida udala eta militarren artean egon zen. Gaur oraindik komentu ondoko kaleari Soldadu kalea deitzen zaio, «Arteria que delimita el paseo de San Francisco y la calle Gorosabel y perpendicular a estos viales», zioen Iñaki Linasorok, 1980ko liburuan.


San Frantzisko komentuaren jabetzari buruzko kronika amaitzeko, beste gauza bat gehitu da: elizaren edo ordena erlijiosoen zenbait ondasun besterentzeko legean oinarriturik, iritsi zen Tolosara agindu bat. Bertan, Gipuzkoako ondasun nazionalen administratzailea zen Jose Joakin Arizmendik udalari San Frantzisko komentuaren edukitza gauzatzea agindu zion, 1842ko azaroaren 2an. Aurrez, elizako inbentarioa egin zuten eta irudi erlijioso batzuk falta zirela egiaztatu zen.


Udal aktetan ageri denez, udalak komentu ohiaren baratza bereganatu zuen, 1845ean, eta Pablo Gorosabel alkate zela, baratze-zati bat A. Artolari saldu zion, etxe berriak egin zitzan. Tolosako Udalaren politika aldaketa: Udalak ondasun propioak besterendu eta bertako eraikuntzarako interesgarri ziren finka eta alorrak erosi zituen, 1842-1856 urteetan. Saldutako finka eta alor batzuk Aldaban eta Urkizu aldean, denak mendikoak ziratekeen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!