Dina Bilbaoren itzal luzea

Ainhoa Oiartzabal 2014ko urt. 26a, 18:07
«Bide nagusitik ateratakoak, urrats eta arrasto hobeagoak uzten ditu, eta norberari nabarmenagoak gertatzen zaizkio». Dina Bilbao, (1960-1997).

Ondarru, triatloia, eskia, Tolosa, familia, Antigua... Dina Bilbaok (Ondarroa, 1960-Antigua, 1997) bere egin zituen herri, toki eta jarduerak identifikatzetik ekin zion Nagore Salaberriak (Irura, 1979) Dina. Bizitza eta kirol-ibilbidea liburua egiteko lanari, «Dinari buruz gehiago jakiteko asmoz». Berak idatzitako idazlanak bazirela eta horiek lortu, irakurri eta haietatik informazioa ateratzen ere jardun du, eta gainera, prentsan hari buruz atera ziren berriak ere bildu ditu, «nahi baino gutxiago». Dena dela, Dinaren eskuizkribuek eta libururako egin dituen elkarrizketek gain hartu diote liburuaren hastapenetan faltan sentitu zuen prentsako hemerotekari. Espero zuen Dina aurkitu du Salaberriak liburua egiteko bere bidai partikularrean, «eta espero ez nituen gauza asko ere bilatu ditut, onerako, beti ere». Liburua Tolosako hainbat saltokitan dago salgai, Aralar Kirolak dendan eta Babel liburudendan, adibidez.

Ondarroako Udalaren egitasmoa izan da bertako kirolariei buruzko beka atera eta horrekin, liburuak egiten hastea. Dinari buruzkoa izan da lehena, eta Aitor Elduaien kazetariari eta Josu Iztueta Dina Bilbaoren lagun minari esker iritsi zen proposamena Salaberriarengana. Izan ere, komunikazioa ikasi du Salaberriak eta Nairobitarraren bidaietan zein Bidaiarien Txokoan dabil jardunean. Beraz, ez zaio arrotza Dinaren mundua; kirola, abentura eta bidaia. Umetatik izan du Dinaren berri; Txaramako presan piragua ikastaroa egin zuen berekin, eta Dinak eta bere lagunek munduan zehar eginiko espedizioen berri bazuen.

Liburua egiteko haren inguruko jendearengan jo duenean, denek gauza bera errepikatu diotela adierazi du Salaberriak: «Oso pertsona berezia zela esan didate denek, ez zegoela bera bezalakorik. Joaten zen tokira joaten zela, maitagarria iruditzen zitzaien denei». Bere kirol lorpenen gainetik nabarmendu diote haren izaera. Hala, Dinak kirol munduan eginiko lorpenen zerrendak eta dokumentazioak arakatzen baino gehiago, pertsona bezala nor izan zen jakiten ahalegindu da.

Dinaren bizitza kronologikoki kontatua du, eta hiru aldi eta tokitan sailkatu du kontakizuna: Ondarroan bizi izan zuen haurtzaroa, Tolosan eman zuen gaztaroa eta azkenik, Karibeko Antiguan igaro zituen azken urteak.

Neska ausarta

«Nahi zuen hori egiten ausartzen zen». Esaldi horrekin definituko luke Salaberriak Dina Bilbao. Ez baitzuen etsitzen oztopo edo zailtasunen aurrean. Ekimenerako ahalmen hori ume-umetatik nabarmendu zitzaion.

Ondarroan bizi izan zuen haurtzaroa, Ondarroako edozein haurren antzekoa izan zuen Dinak; itsasoan eta haren inguruan jolasean ematen zuen denbora, dela kukaiatik edo herriko zubi zaharretik jauzika. Gertaera batek desberdintzen zituen, ordea; familiak elizarekin edukitako tirabira baten ondorioz, ez ziren elizara joaten eta Dina eta bere senideak salbuetsita zeuden erlijioa ikasteaz.

Ondarroako lagun taldearekin egin zituen lehen irteerak eta bidaia txikiak Dinak Euskal Herriko beste herrialde batzuetara, eta hala ezagutu zuen Debako bere lehen mutil laguna, Jon. Politikoki, sozialki, kulturalki,... garai mugituak ziren haiek Euskal Herrian, eta kartzela ez zuten urruti haietako askok; hala, politika tarteko, Jon kartzelan sartu zuten 1978ko azaroan.

Aurrena medikuntza ikastera Leioara eta gero psikologia ikastera Donostiara joan zen Dina 1981-82 ikasturtean. Unibertsitate giroan ezagutu zuen Josu Iztueta, eta harekin etorri zen Tolosara bizitzera. «Bikote harremana hasi eta elkarrekin bizitzea erabaki zuten».

Hogei urte eskaseko emakume gaztea izaki, egoera berri horrek buruhausteren bat edo beste eman zion Dinari Tolosako lehen hilabete haietan. «Baina gaztetasunaren ondorio izango dira zalantza horiek, ze gerora berak idatzitako eskuizkribuetan gutxitan ageri dira zalantzak proiektu berriei buruz».

Esaterako, ez zuen zalantza askorik egin Josu Iztuetarekin eta beste zenbait lagunekin Esako urtegian eginiko esperimentu kuriosoan parte hartzeko; zazpi lagunek Esako uretan baltsa batean noraezean jarri zuten euren burua astebetez.

Piraguako ikastaroak, fondoko ikastaroak,... kirolarekin lotutako ikastaroetatik lortzen zuen dirua ikasi eta bizimodua aurrera ateratzeko. «Euskarako klaseak ere ematen zituen».

Bizikletaren gainean eman zituen Dinak goi mailako kirolean lehen urratsak. «Inguruan topatu zituen neska kirolarienekin osatu zuten ekipoa Patxi Alkortak eta beste batzuek Seat-Orbea ekipoa». Orduan ere, ausartu egin zen proiektu berri horrekin, nahiz eta ordura arte bizikletako entrenamendurik apenas egin.

Baina ez zuen asko iraun, ordea; pare bat urte inguru. Dinari ez baitzzitzaion gustatu txirrindularitzako estrategia eta jokatzeko modua; «nahiago zuen berak bere kabuz eta bere gaitasunen arabera moldatu behar zuen kirolen batean aritzea». Nahiago izan zuen triatloia. Garai hartan ari zen kirol hori ezagun egiten, eta Baionara lasterketa bat ikustera joan zirenean, lagunetako bat animatu, bertan irten eta harrez gero bide horretatik segi zuten. Hala sortu zuten Tolosako Triatloi Taldea (TTT) 1987an. Dinarekin batera, Josu Iztuetak, Rafael Uribarrenek, Francisco Jose Navarrok, Xabin Mujikak, Pablo Dendaluzek eta beste hainbatek.

Bidaiak eta espedizioak

1984ean Laponiara joan ziren bidaia da Dinaren lehen bidaia handia. «Orduko idatziak nahiko naif-ak dira inoxenteak; dena ikaragarri gustatu zitzaion, baita kotxean zihoazela entzun zuen kanta ere», azaldu du irribarrea ahoan Nagore Salaberriak. Orduko ilusioaren erakusle da, esaterako, gaizki ulertze baten ondorioz kartzelan igaro behar izan zuten gauaren kontakizuna bera; besteak beste, zeinen ongi tratatu zituzten kontatzen baitu.

Hainbat bidaia eta gero (Egipto tartean), Groenlandiako bidaia jada espedizio gisa antolatu zuten 1988an. Ordurako bazekiten baliabide gehiago behar zituztela, eta horretarako, mediatikoki ere lana egin behar zela. Hala ere, beti eutsi egin zioten helburu berari; kirolaren bitartez herrialde berri batean bidaiatzea, eta bide batez, bertako jendea zein kultura ezagutzea. «Dinari asko eragiten zion bidean topatzen zuen jendearekin edukitzen zuen harremanak. Asko idazten zuen bidaietan jendeari buruz». Eta beti idazten zuen, hizkuntza dela-eta, pena handia ematen ziola jendearekin ez komunikatzeak.

Emakume aitzindaria

Emakume izatearen kontzientzia oso present zuen Dinak. Hala, Egipton kaiakean egin zuten bidaian asaldagarria egin zitzaion herrialde hartan emakumeak nola tratatzen zituzten ikusteak. Halaber, kirolean nork bere buruari jartzen zizkion mugez ere kontziente zen. «Ez zen militantea feminismo kontuetan, baina beti hor zegoen, adi», zehazten du Salaberriak.

Bere ustez, Dina era bere lagun emakumezkoak ez zuten borrokatu euren parte hartzeagatik; aintzandiariak izan ziren horretarako aukera eta gaitasuna izan zutelako, «eurei egokitu zitzaielako». Hau da, bidea irekitzen joan zirela, horretarako aukera izan zutelako. Hala ere, sariketak-eta berdintzeko lana egin zuten antolaketa lanetan aritzea egokitu zitzaienean.

Kirolaren eta bidaiaren arteko harmonia onean bizi zen Dina; triatloietan parte hartzeak munduko txoko desberdinetara bidaiatzeko aukera ematen zion, eta espedizioak kirola egiteko baliatzen zituen. Gainera, lasterketatik lortzen zuen diruak (sariak irabaztean) bidaiatzea ahalbidetzen zion. Zirkulua osatua zuen.

Artikotik Tropikora

Alaskako 1993ko espedizioa oso gogorra izan zen. Esperotakoa baino askoz ere hotz handiagoa igaro zuten Alaskan; 0 azpitik 50-60 gradutara egon ziren. Eta espediziokideek izozteak pairatu zituzten. «Oso neurri dastrikoak hartu behar izan zituzten handik onik ateratzen ahalegintzeko». Josu Iztueta eta Pablo Landaluze Zaragozara eraman zituzten izozteak eta beste sendatzea, eta bienbitartean, Dina eta Jesus Ortiz Alaskan gelditu ziren, «onik irten zirenez eta han zeudenez, bidaia aprobetxatzen gelditu ziren». Eta beste behin, lagun pilo bat egin da itzuli ziren handik.

33 urte zituela, jada amaitzen ari zitzaion Dinari triatloi mailan puntan ibiltzeko garaia. «Hau eta gero, zer? Ziur hasi zela halako galderak egiten». Eta galdera horien artean, Antiguara bizitzera joateko galdera ere suertatu zitzaion.

Bikote harremanak, bizitza eta bizitzako hainbat arlo bezalaxe, modu askean ulertzen zituen Dinak; hau da, betebeharra baino gehiago, aukera aske baten ondorioa zela. Horren adibide da Antiguara Iñigo Rossekin bizitzera joateko erabakiaren berri Josu Iztueta ordu arteko mutil lagunaren laguntzarekin eman ziela familiakoei.

Itsasoan, betiko

Antiguarekin eta han bizi zen Iñigo Ross Iztuetarekin aspalditik zuen harremana Dinak. Josu Iztuetaren lehengusua izaki, harreman estua zuten. «Jada 1986 urtean Dina Antiguan izan zenean idatzi zuen zeinen ondo moldatzen zen Iñigorekin», gustatzen zitzaiola alegia. Eta urteetan mantendu zuten harreman hura maitasun harremana eta bikote harremana bilakatu zen Dinaren bizitzaren azken urteetan. Baina Antiguara bizitzera joateko erabakia hartzea ez zitzaion erraza egin Dinari: «Bere lagunek esaten zidaten jada ez zirudiela betiko Dina».

Antiguako bizitzari buruzko hainbat gutun idatzi zituen Dinak, han bizitza eraikitzen ari zen seinale. Batean, istripua izan zuten itsasoko bidaiaren berri ematen du. «Gutunak hotzikara eragiten du; irakurtzen duzu nola idatzi zuen Groenlandian baino segurtasun gehiagorekin zihoazela, jendeak esaten ziela ez zutela egin behar,... bihozkada bat bezalakoa da; ia berak esaten du ez zutela bidaia hori egin behar». 1997ko ekainaren 24ean desagertu ziren Karibeko itsasoan Iñigo Ross eta Dina Bilbao.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!